Pertsona-izenordain zehaztugabeen artean hiru aitatuko ditugu hemen: norbait, nonor (nor edo nor) eta baten bat.
Morfologiaz diferenteak izanagaitik, balioz eta esanguraz batera datoz testuinguru nagusietan, gazt. “alguien, alguno/a” dalakoan. Euron egiturak hurrengoak dira:
Norbait, nor galdetzaileaz eta -bait hizkiaz osotua. Sartaldeko euskeran badau aldaera zahar bat, oraindino bizi dana, norbaist, atzizkitzat -baist aldaera dauena. Jatorriz osagai banangoak ziran, eta gure idazle klasikoek behin baino sarriago bereiz idatzi izan ditue: nor bait. Eta bikuntza horren ondorio garbia: nor lehen osagaia deklinatzen zan, eta ostean ipini -bait hizkia. Halan, Etxeparek norkbaitergatiboa darabil inoiz: “Nork bait ere egin deraut malizia handia”, hurrengoentzat eta gaurkoontzat norbaitek dana. Eta bizkaierazko klasiko batzuek noribait (nori + bait)be badarabile. Beste kasurik, egitura modu horregaz, nekez dokumentatzen da.
Noribat eta nori bait, loturik edo banan idatzirik, bizkaierazko klasiko batzuen artean behin baino sarriago agiri dan erea da, eta hori XIX. mende barruan. Markinaldeko idazle klasikoen artean norbaiti dogu era nagusia, baina noribait zaharrak be bizirik dirau, eta halan agiri dabe Mogelek eta hurrengo bat edo bestek. Honek: “Ernegu berbak noribait ezartea” darabil behin, eta “adorazinoia norbaiti emonaz” beste behin.
Norbait egituraren bikoiztasuna ezagun da, ez bakarrik aitatu ditugun nork-bait edo nori-bait egitura deklinatuon izaeran. Baita pluraleko formatzat garatu izan dan norzuk-bait (nortzukbait) izenordainaren morfologian be. Halan darabil P. Astarloak: “Badakizu barriz, norzukbait direala murmuralariak, edo batuten direanean daukeela projimoaren kontra dongaro esateko ekandua.” (UD II).
Dana dala, bitxitasunok gorabehera, nagusi da gure tradizinoan, kasu-hizkiak (-k, -i, -en) zein pluraleko -zu zaharra atzean izenordainaren atzean ipinteko joerea: hau da, norbait konposatu finkotzat hartuta. Halan, norbaitzu XVI. mendean bertan lekukoturik daukagu Landucciren glosarioan. Eta gure klasikoen artean nagusi izan dira, gaur diran legetxe, kasu-marka atzean darabilen formak.
Norbait, norbaitek, norbaiti, norbaiten, norbaitentzat, norbaitegaz / norbaitekin, norbaitez, norbaitegaitik dirateke kasu-marka ohikoak. Eta leku-denpora kasuetan: norbaitegan, norbaitegana, norbaitegandik, norbaiteganako, ohikoenak.
Sintaxia
Norbait baiezkako perpausetan erabili izan da tradizinoz, zerbait legetxe. Erabilera modernoa dirudi itaun-perpaus orokorretan norbait edo zerbait erabiltea, oinarrian gaztelaniaz “alguien” eta “algo” erabili ohi diralako galde-perpausetan, eta horren analogiaz sartu izan dalako euskeran be joera hori.
Gaur egungo erregistro formaletan sarritxo irakurri edo entzuten da norbait edo zerbait izenordainen interferentzia itaun perpausetan. Halan, gazt. “¿Tiene alguien algo que alegar?” euskeraz emoteko: “Badauka norbaitek zerbait esateko?” edo “Badauka norbaitek kontrakorik?”. Euskerearen joera zaharra, horrelako itaun perpausetan, inor eta ezer izenordainak erabiltekoa da. Aurreko esaldiok erabilita: “Badauka inork ezer esateko?”, edo “Badauka inork kontrakorik?”.
Nonor edo nor edo nor
Izenordain konposatu honen morfologia berezkoa nor edo nor da, zer izenordainarena zer edo zer dan moduan, edo non adberbioarena non edo non dan moduan. Baina nor edo nor egitura klasikotzat daukagu gaur, horren era batua, kontraktua, nagusitu dalako hiztunon artean: nonor, hiztun batzuk ô luzeaz noonor hondino ahoskatzen dabena.
Historiaren aldetik zaharragoak dira euskera osoan norbait ereduko egiturak nor edo nor eredukoak baino. Ez hori bakarrik. Esanguraz be norbait eta nor edo nor ez dira izan gauza bera. Lehenengoa forma neutroa izan dan moduan, gazt. “alguien” horren baliokidea, nor edo nor izenordain zehaztugabe markatuagoa izan da esangurearen aldetik; beharbada, gaztelaniazko “alguno que otro” konplexuaren baliokidea. Hau da, gaur egun nor edo ha darabilgunaren baliokidea.
Nor edo nor, zer edo zer, non edo non eta noiz edo noiz egitura konposatuak izenordain edo adberbio adierazkor modura sortu izan dira: izenordain edo adberbioa egitura errepikatuaz, edo juntagailua lokarri dala.
Eta lehen behintzat, euretariko bakotxak hartzen eban erlazio-hizkia, kasu honetan be normalean -k ergatiboa edo -i datiboa: nork edo nork, nori edo nori. Urrunago joan barik, betoz argitzera Mogelen lekukotasunok: “Ez nau ni esan dan gauzak ezertan artuten, esango dau nok edo nok beregango” (CO 209), “Nik egin neban beste tranpa modu bat, dino nok edo nok” (CO 267).
Baina euskera modernoan konposatu finko bihurtu da nor edo nor klasikoa, nonor ahoskaturik, eta balioz edo esanguraz be norbait izenordainaren baliokide bihurtu da orohar, eta bizkaeraren eremu askotan honi lekua kendu deutso. Hau da, leku batzuetan norbait esaten da eta beste batzuetan nonor.
Nonor izenordaina gaur egun erlazio-marka bakarraz atzizkitzen dogu. Oinarrizko kasuetan: nonork, nonori, nonoren, nonogaz, nonorentzat, nonorgaitik. Eta leku-denporazkoetan: nonogan, nonogandik, nonogana, nonoganako.
Dana dala, argitu daigun norbait-nonor lehia horretan, bigarren horren ordezkapena ez dala horren indartsu agertu sartaldeko euskerearen eremu osoan. Eta bestetik, nonor horrek berbaz daukan bizitasuna ez dauela hainbestean erakusten eredu formalean. Esan gura da, nonor berbaz darabilen askok norbait erabilten dauela idatziz.
Baina ez dabe oreka bera jagoten zerbait eta zeozer (zer edo zer klasikoa) izenordainek. Zeozer askoz zabalago eta indartsuago bihurtu da euskal eremu zabaletan, sartaldean ez eze, erdialdean be, nonor, nonon edo nozonoz legezkoen ikusian.
Baten bat, bat edo bat
Aurreko biakaz lehian agertu dan izenordain zehaztugabea dogu bat zenbatzailearen inguruan bilbatu dan hau. Berez morfologia bi dira, banangoak.
Baten bat, zenbatzailea –en genitiboaz atzizkiturik eta bat bigarren osagaitzat. Edo bestela esanda, zenbatzaileari –en bat osagaia erantsita. Berez edozein zenbatzaileri –en bat edo bat soilik erantsi ezkero, zenbaki zehatza zehaztugabe bihurtzen da: bost bat edo bosten bat, hamar bat edo hamarren bat. Eta baten bat, eredu horren arabera garatu dan izenordain modernoa da.
Baten bat izenordaina dala sendo markatu beharra dago; hau da, ez dau onartzen bere ezkerrean izenlagunik, ez erlatibo perpausarik. Sintagma berak bakarrik osotzen dau. Halan, esaten dogu: Baten batek ardao gehiago gura badau, eskatu daiala. Edo: Baten bati ez jako hori ondo begitandu. Edo: Baten bategaz joan da kalera.
Baina gaur egun, baten bat hori determinatzaile lez erabilteko desbidea sortu edo garatu da. Halan entzun edo irakurten da batzuetan: *Entzule baten batek dei egin gura badau, oraintxe da momentua. Edo: *Borondatea daukan baten batek dirua ipini gura badau, nork hartu ez da falta.
Aukera zuzenak besteok lirateke: Entzuleren batek… edo: Borondatea daukanen batek.
Laburbiltzeko: bat eta –en bat determinatzaile izan ohi dira, izen bati (entzule bat, entzuleren bat) edo erlatibo perpaus bati (borondatea daukan bat, borondatea daukanen bat) dautsela.
Baten bat izenordain konposatua ez da zaharra. XX. mendean loratzen da gehienbat. Kirikiñoren adibide bat: “ta otu jakon, baten bat urten litxakela bere atzean” (Kirikiño). Gaur egungo beste bat: “Hango esnetegia baten baten esku itxi eban, antza, eta bera urtean pare bat bider edo joaten zan” (Pedro Mari Goikoetxea, Oskar).
Bat edo bat zaharragoa eta klasikoagoa da baten bat baino. Gitxi erabilia, halanda be, gure literatura idatzian. Mogelen adibide bat gipuzkeraz: “ekarri beza bat edo bat” (CC 2). Zamarriparen bigarren bat: “bat edo batek… edo gehiagok / egingo leuskit mar-mar-mar” (Kili-kili). Bat edo bat horrek berbazkoan be ez dau hedadura handirik hartu. Ez dago indarrean gaur egun. Inguru batzuetan entzuten dana, erdibideko forma bat da: baton bat, idatziz edozelan be baztertu beharrekoa.
Eta pluralean zein forma jagoke baten bat edo bat edo bat izenordainei? Hiru egitura agiri dira zabu-zabuka: baten batzuk, bat edo batzuk eta batzuk-batzuk.
Baten batzuk da sartalde euskeran gehien erabilia, eta tradizino idatzi zaharrik ez handirik euki ez arren, berori da gomendagarriena.
Bat edo batzuk be zuzena eta erabilgarri da, baina oihartzun eta geriza laburrak dituala esan daiteke.
Batzuk-batzuk, gaur egun bateraturik batzu-batzuk ahoskatzen danak, gipuzkera eremuan (sartaldeko gipuzkeran esango neuke) bizirik da oraindino be, baina sartaldetik aldendu dala dirudi; edo hobeto esanda, baten batzuk eta bat edo batzuk egiturek ordezkatu eta zokoratu dabe.
Baina batzuk-batzuk izenordain pluralak klasikotasunaren lilurea dauka bere alde, oraindino be bizirik irauteaz gainera. Urri agiri da literatura idatzian, baina argiro lekukotua dago. J.A. Mogel eta Mateo Zabala ekarriko ditugu testigu; bata ekialdeko bizkaieraren eredua, eta bestea sartaldeko bizkaierarena.
Peru Landetakok Maisu Juani dinotso, bidez doazala kontauko deutsazala errefrauren batzuk: “Urten daigun etxeti, ta gura badozu, esango deutsudaz batzuk batzuk” (PAb).
Zabalak, bere sermoietariko baten holan dino: “aditu bear dozuez ogeta lau orduak, gaberdi baterik eta beste gaberdira, guztiak dakien legez, eta ez eguna barreatuten ta zabalduten dabenetik gaua ilundu[ten daben] artekoa, batzuk batzuk egin daroen legez”.
Gaurkoz bego honenbestegaz.