Ezaguna da euskereak -ra atzizki adlatiboaren gainean, ia beti tu aditz-atzizkia gaineratuta, aditz barriak sortzen dauen malgutasuna; esanguraz, beti be, mobimentu-zentzuna darien aditzak. Aditz lexikalizaturik ezagunena, behar bada, atera da kasu honetan –tu atziki barik aditz bihurtua. Atera da dinogunean, jatorriz eta berez, atera joan, zuzendu, bideratu da esaten gagoz. Atea, barruaren eta kanpoaren arteko munarria da, etxearen eta kanpoaldearen artekoa. Atera da dinoana, urten esaten dago, atearen irudia bitarteko erabilirik.
Izen konposaketan be erabilia da -ra adlatibodun adizlaguna, batez be bide lango hitzak bigarren osagaitzat hartuta: Agure lepomakur / oilandazalea, / nok erakutsi deutsu / gurera bidea? (dantza-kopla).
Etxera sartzen dana, kanpotik barrura datorrena, etxeratu egiten da. Kasu honetan etxera adizlagunari -tu atzizkia datxekala eregi da aditza. Eredu hau dogu aditz barriak, kontestuak eskatu ahala era librean sortzeko euskereak dauen baliabide naturala: haratu, noratu, kanporatu, barruratu, alboratu, eskolaratu, eta bardin leku-izenei dautsela: bilboratu, bakioratu.
Baina atera da eredu klasikoak berean dirau hondino; -tu atzizkirik erantsi barik aditz egiturak sortzen. XIX. mendean aurreraturik idatzi zituan Mateo Zabala bilbotarrak honako pasarte biok; bata: etxekorik etzan ior izan domekan beluko mezatara; bestea: Bere artean egiten dau non ta non egon dan, non ta non zer egin daben, eta araxe da bertati. Nori ez jako ezagun ondoko errefrau hau be, hondino sarri entzuten dana: Arrazoia dozu, baina kartzelara behar dozu.
Atzizki adlatiboa, -ra, marka emonkorra gertatu da semantikaren aldetik, zeren atzizki soil horren bidez garatu dan aditz egitura laburrak ez dauka joan legezko edo zuzendu, bideratu, jo legezko mobimentu-aditz baten preminarik, norakoa, norabait jotea adierazoteko. Bide laburra eta pragmatikoa euskal hizkuntzarentzat.
Nora izan aditz lokuzinoa gaur be bizirik dago gaurko hiztunen artean, baina berariaz prozesuaren aspektu burutua, perfektoa, izan aditz partizipioaren bidez markatzen danean: ?Nora izan zara? Dendara izan zara ogia erosten? Ez, dendara ez naz izan; errio hegalera izan naz, burua apur bat askatzeko. Gaur berbetan bizirik dagozan egiturok, joan-etorri balioaz erabilten ditugu: Dendara izan naz, edo Goizean mendira izan naz dinoana, dendatik eta menditik atzera etorrita dago: joan-etorri ostera osoa adierazoteko darabilguz eurok.
Nekezago erabiliak dira, ostera, lehenagoko lez, gaurko hiztunen artean, nora zara, hara naz, mendira dira ereduak, honeek bere aditzaren aspektu burutuaren adierazle izan arren. Kasu honetan norabaiteko mobimentua bakarrik kontenplatzen da. Barrutia eskribauak honelan idatzi eban behinola: Puntu onetan oera naiz da, enaiz ondo berotu (Acto).
Iraganean jazoriko joakerea adierazoteko, izan aditzaren iraganeko adizkia baino ez da behar: Gau atantxe beratan / neure aita il zan. / Naibagez jardinetik / nora ete nintzan! / Ama penaz beterik / saminduriik dana, / beti beti negarrez / oraintxe bizi da (Matxango. Aboitizen bertsoak)
Are bitxiago gertatzen dira noratzen da ereduko aditz-lokuzinoak, lehenagoko idatzietan noiz edo behin irakurten diranak. Larramendik honelan idatzi eban Andoainen egindako sermoi baten egitura hau: anima aratzen diranak, zerura baio lenago, antxe garbitu bearrak diradela beren pekatu larrien ta barkatuen kutsuetatik, arietatik ere, elur malota baio txuriago, orrako zeru urdin puska horiek baio txamagarriago egin artean (Larram. Andoain). Haratzen diranak, hara joaten diranak; -tzen aditz-izenaz aspektu bururagabea markatzen dala.
Gertakizuneko, futuroko aspektua -rako atzizkiaz markatu izan da honelangoetan; gaur hizkeratik galdua (ustez behintzat), baina tradizino idatzian ondo sustraitua. Larramendi berak, honako itaun erretorikoa darabil bere Azkoitiko sermoian: Zer egingo det bada, edo norganako naiz? Hau da, nogana joango, zuzenduko naz?
Gaur egungo hiztunon ikuspegitik zalantza sortu daiteke mezuaren zentzuaren aldetik norako da edo etxerako dira esaldien aurrean. Adlatibo helburuzkoaren zentzuaz interpretatzen ditugu gaur horretarikoak, gaztelaniazko para preposizinoaren antzeko lez, norako eta etxerako adizlagun funtzinoko sintagma lez. Baina azaltzen dihardugun egiturearen esangurea galduxe geratzen da; hau da, nora da, norako da aditz-lokuzinoen bidekoa.
Azken adibide pare bategaz on egin eta sendotu gura neuke -ra izan egiturako aditz-lokuzinoen gertakizun aspektua -ko atzizkiaz markatzen daneko egitura. Gure idazle klasiko ezagun birenak, eta biak eleiz dotrina girokoak. Lehenengoa: badator Jangoikoaren eguna ta meza labur bat estu-estuka ta itu-ituan entzunda, ta bera debozinoe baga, uste dabe zerurako direala (J.A. Mogel). Bigarrena: Maria santisimeari asko gura deutsanak, ondo agiri dau zerurako dala (J. Mateo Zabala).
Bego gaukoz honenbestegaz.
Iturriko
2018-03-09