Itauna da ea zelan dan berbea bera: noraez ala noraeza. Berbea, bere soilean, noraez dogu, -a berezkorik ez dauka. Noraeza dinogunean, -a artikuluaz darabilgu: noraez > noraez-a. Arrazoi horregaitik, hau, hori, honegaz, horretan edo beste erakusleren bat ipinten badeutsagu atzetik sintagma berean noraez berbeari, ezin dau hartu, hor goiko esaldiotan edo beste batzuetan entzutan dan -a hori. Ezin da esan *noraeza hori, ezpada noraez hori; ezin da esan *noraeza horretan, ezpada noraez horretan.
“Desorientatuta, norabide barik” egotea adierazoteko darabilela dirudi noraeza, izen kategoria lez. Berez kontestu horretan gitxi erabilia dan berbea.
Izan be, benetan eta sarri erabilten dana da: noraezean, adberbio lez. Eta zer esateko: zer egin ezean, zertara ezean, nora jo edo zertara jo ez dakigula adierazoteko ohi darabilgu sarri.
Ze beste berba daukagu euskeraz hori bera aditzen emoteko?
Itsumustuan adberbioa darabilgu batzuetan, era bisual baten, haztamuka edo noraezean gabiltzala esateko.
Kilimala ibili be esaten da, bai kili-kolo edo makalik ibiltea esateko, baina baita bigarren adiera honegaz be: noraezean, zer egin ezean. Halan entzun izan dogu inoiz: Kilimala nabil, nondik jo ez dakidala.
Batzuetan noraezean esaten dogu, norantz jo ez dakigula gagozanean. Egia esanda, pandemia egoera honetan ezin gara noraezean egon, edo Bilbora edo Errioxara, ze agiri frogagarriak behar ditu Errioxara joan gura dauenak.
Baina batez be noraezean erabili izan da, derriorrez, beste erremediorik ez dagoala, zirt edo zart zeozer egin beharra aditzen emoteko. Azkuek eta Paulo Zamarripak esango leukienez: «Por necesidad, forzosamente o inevitablemente» (Azkue). «Por necesidad, sin remedio”. “Olango gauzak nora ezean egiten dira» (Zamarripa Man.Vascófilo 59).
Adolfo Arejita