Zein eta marka bikotxaren lexikalizatzez eregia dogu zeinda hori, eta balio anaforikoz erabilia da hor zein, eta ez galdetzaile-indarraz. Menderakuntza-perpausetan zeinda aurre-marka lez erabilia daneko egiturak azaldu gura gendukez labur. Sartaldeko berbetan behintasuna dabenak berariaz. Izan be, menderakuntza mota bat baino gehiagotan agiri dira zein eta zeinda (zein eta) aurre-markok.
– Alegiazko baldintzaz eregitako esaldien barruan darabilgu batetik, esaldiaren aurre-marka gisa: zeinda + ba-l-/ tipoko egitura barruan: zeinda balego eredukoetan. Mateo Zabala idazlearen esaldia: “Zoroa!”, esango leuskio, baita ondo, “Zetarako da bi osatutea, bardin-bardin ilgo bazara irugarrenagaz, zeinda bapere osatuko ezpalitz?” (Irun 27), ), gazt. ‘como si no se curara’. “eta ezer egiten baldin bada, pekatu da, bardin zeinda alango ezkontzako berbarik emon ezpalitz” (Irun 28), gazt. ‘como si no se hubiera dado promesa o palabra de matrimonio’.
– Gaurko berbetan, baldintzazko eta moduzko esaldi bikotxak garatu dira, zeinda balitz lez tipokoak, gazt. ‘como si’ abiarazoten doguzanen antzekoak. Berbaz ugariak dira sartaldean. Baiezka: “Berbetan inori itxi be ez deutsa egiten, zeinda dana berak dana baleki lez”. Ezezka be sarri darabilgu: “Disimuletan dabil, zeinda berak horren gainean ezer ez baleki lez”. “Ezeren errurik ez daukan itxurak egiten ditu, zeinda berak ezer txarrik egin ez baleu lez”. “Emoten dau eretxia zeren edo haren gainean, zeinda artean berak horren gainean ezer entzun ez baleu, edo aurretiaz ezer ez baleki lez”.
– Moduzko mende egitura lez be erabilia da, zein da dagoan tipoko esaldietan, gaur egun -n lez/-bezala eredura eihoten diranen balio beraz. Zin-egite formula klasiko modura agiri da sarri. Halan, Mateo Zabalaren idatziz: “zeinda Jaungoikoa zeruan dagoan, eneuke zerurik ikusi gura, ori alan ezpada” (Irun 32). “zeruagaitik, zeinda labaiña au eskuan daukadan, au olan da” (Irun 73).
Aurrekoaren bide berekoa da, baina modernoagoa, moduzko menderakuntzetan, -n moduan menderagailudun aditz jokatua atzetik dauela. Halan: “Horrek itxurak egiten ditu, zeinda halan dan moduan”, gazt. ‘como si fuera así’.
– Moduzko egitura distributiboak be garatzen dira halan … zeinda … markak perpaus banaren hasieran dirala. Gaur egun /halan … zelan …/ erara normalago darabilguzanen balio berekoak. Klasikoetan, hara P. Astarloaren esaldi hau: “ez dirausku ebangelioak beragaitik beste gauzarik, ezpada joiala aziaz, alan urteetan, zeinda jakiturian, Jaungoiko eta gizonen begietan” (UD,I, 58). Edo klasiko modernoetara etorrita, Iturzaeta otxandioarraren beste hau: “Nagusiak, alan arimakoak zeinda gorputzekoak” (Azalduera 96).
– Ondoriozko mende-perpausen sarrera-marka gisa be ohikoa izan da sartalde-euskeran, lehen esaldian graduatzailea hain edo hainbeste dala, eta hizkera batzuetan ailagina edo besteren bat dala. Juan Jose Mogelen esaldiak dira. Hain graduatzaileaz: “Jazo deiteke alimentu ain gitxi egotia, ta indar bagia, zeinda jostunak ez dituban obligauko barubak” (JJMg BasEsc). Eta ailagina aurre-markaz: “Amodiua […] aillagina biztu oi da nosbait, zeinda azkortuten dau gizonik txaldanena” (JJMg BasEsc I). “Aillagina zaletu zan liburuetara, zeinda bear arte ta jaiegunetan euretan billatuten eban bere atsegin gustia” (ibid.).
– Azkenez, egitura zaharreko mendeko modalak egiteko, aurretik zeinda soila dauela. Mateo Zabalaren esaldia: “Ze ezerezkeria ta txutxumeria andiagorik, zeinda lasto bat lurrerik jasotea?” (Irun 74).
Adolfo Arejita