Hedabide nagusi baten solaskide bati entzuniko esaldia: “Nire etxean horrela jaten dugu”. Nire etxean? Ala gure etxean? Ala gurean? Zelan hobeto?
Geu bizi garan, edo urlia dalakoa bizi dan etxeagaitik, eta bardin etxe horretan bizi danagaitik, edo bizi diranakaitik, izenordain posesibo plurala edo erakusle plurala erabilteko joera zaharra bizirik gorde dogu euskaldunok. Ohikoenak dira: gurea, zuena, hareena, horreena, honeena.
Familiakoa, senitartekoa, odolekoa edo hur-hurrekoa dogun lagunagaitik be, geugazkoa danean gurea esan daroagu, entzule edo solaskide dogunagaitik danean be, zuena esan daroagu, eta hirugarren pertsona bategaitik be, dala senarra, dala emaztea, dala semea edo alabea, edo besteren bat, orokorrean hareena esaten dogu, eta hurragotu gura badogu hirugarren pertsona hori, geugandik hurrago dagoalako soinez edo gogoz, horreena edo honeena esan daroagu.
Dantza-kopla ezagun baten daukagu gurea horren erakuspen polita: “Agure buruzuri / oilandazalea, / nok erakutsi deutsu gurera bidea”.
Pluraltasun honen ostendian dagoana etxea da: etxea da ardatza, eta etxe horri datxikozan biztanleak, etxekoak, pluraltasun horrek seinalatzen dituanak.
Transmititze zuzenez jaso dogun gure berbetan bizirik dirau pluraleko erabilera horrek: gure gizarterik hurrena, etxea eta etxekoak. Ekandu eta pentsabide horixe datza gure euskeran eta euskaldunon gizartean, etxekotasun, senidetasun edo hur-hurrekotasun hori gure posesiboaz adierazota.
– Eta sintaxira etorrita, non kokatzen dira gure, zure posesibook izenagaz batera doazenean? Aurretik ala atzetik?
Gaur egun gure/zuen posesiboak izenaren aurrean ipinteko joerea da nagusi: gure Jose, zuen Mari, edo izen arruntakaz: gure mutila, zuen alabea. Baina aurre posizino honetan sarri erabilten dogu adnominal eran, -ko genitiboaz: gureko, zueneko, hareeneko edo horreeneko. Eta esan daroagu: Gurekorik ikusi dozu? Zueneko Eneko nondik dabil ba?
– Joera zaharragoa dirudi, halanda be, izen bategaz lagunduta doazanean posesibook, izenaren edo pertsona-izenaren atze-atzean ipintea, zeinda adjektiboa balitz lez. Halan agiri da, berbarako, guztion ezaguna dogun atsotitz honetan: «Maria gurea goruetan, behar ez dan orduetan». Benanzio Arakistain Itziarko semeak XVIII. mendean beste aldaera bitxi honegaz hornidu eban esakuntzea: «Maria gurea gorule gaixto; haren atorreak zulorik asko» (Suplementos Larramendi 63). Edo Peru gurea mintzagai dauen herri-ipuin bateko kopla ezagun honetan. Aulestian, oin dala hainbat urte (1984) aldaera hau batu eben ikasle izan nituan bertan inguruko bik (Nieves Goitiandia & Elisabet Txurruka): «Peru gurie Londresen / silin bedarrak ekarten. / Peru gurie Londresen <dan> arte / guztiok olgau gaitien». Idazleetan, hautu daigun Domingo Agirreren pasarte bat: «Zoazkit, Malen, Martinek alde hauetatik iges egin dezan; zoazkit hainbat lasterren, Jose gurea nolabait artetu dedin» (Garoa).
Gaur «Gure Aita» hasierea dauen errezua bera be, lehenagoko bertsinoan, hasi Zuberoatik eta Bizkairaino, Aita gurea izan da. Geuk be halantxe ikasi genduan.
Poesian be ondo jagon da sintaxi modu hori. Halan: «Isabel bigarrena, / aingeru maitea, / Erregina gurea, / berdinik gabea», idatzi eban bertsoz J. V. Etxagarai donostiarrak XIX. mendean.
Amaitzeko: nire etxea edo nire ama, zure etxea edo zure aita tipoko esate-moduak gaztelaniaren sunda sarkorragoa dabe euskera naturalarena baino: “mi madre”, “en tu casa” e.a.
Adolfo Arejita