Uztaila amaieran nazinoarteko hainbat folklore jaialdi daukaguz gure artean. Aukera ezin hobea da munduko folklorea ezagutzeko eta beste kultura batzuen adierazpen artistikoak disfrutatzeko.
Ezagunenetakoa Portugaletekoa da, Elai Alai kultur alkarteak antolatutakoa. Aurten Kenya, Brasil, Kazakhstan eta Hungariako taldeak ikusi ahal izango dira bertan hilaren 22tik 25era bitartean.
Getxon beste hainbeste izango da, Kazakhstan eta Hungariako taldeak herriko Itxartu taldeagaz batera ikusteko aukera izango da-ta uztailaren 19tik 21era bitartean.
Galdakaoko Andra Mari taldeak be urtero egiten dau Folklore bizian jaialdia, Galdakaon, Usansolon, Sopelan, Arrigorriagan eta Areatzan. Aurten, eurakaz batera, Tanzaniako Conjunto folclórico nacional «Lumumba» eta Boliviako Ballet folclórico «Manuel Acosta» ibiliko dira jiran, uztailaren 16 eta 22 bitartean.