Neurriaz, zenbatekoaz edo kopuruaz dihardugunean, ez zenbaki zehatzakaz, ezpada gitxi gorabeherakoakaz, erdi tamainuko neurritik goranzkoan, asko daukagu, ainitz Ipar eta ekialdean, eta gitxi beheranzkoan, gutxi batuaz, guti Iparraldean. Zenbatzaile mota honeek graduatu egiten ditugu, gainera; horretan dira apartekoak. Gehiago, gehien eta gehiegi goranzkoan sartaldean lar eta larregi be bai, eta gitxiago, gitxien eta gitxiegi beheranzkoan.
Eta erdibideko neurri-eretxia emoteko nahikoa darabilgu euskerearen erdi eta sartaldean askok, eta aski erdialdetik ekialderantz. Baina badira beste gehiago be. Adinon dogu horreetariko bat, gaur kili-kolo, justu antzean, halan-holan esangureaz Arratia aldean entzuten dana, baina lehenago-lehenago nahikoa, behar dan beste esangureaz erabili ohi zana. Ez ahal dozue akorduan harako errefrau zaharra, famili baten tamainua, seme-alaba kopuru adiutua aholkatzen ebana? Adinon da bost ume, alaba bi ta hiru seme (RS 108).
Asko bera be nahikoa esangureaz bizi da hondino gure artean, leku batzuetan behintzat. Asko da ezaguna da hainbat herritan nahikoa da adierazoteko. Atxondoko testigantza bat: Asko da zeuk esatea, guk hori sinesteko. Edo Goierriko Zegamako beste hau: Hi, asko dek gaurkoz! Utzidak pakean!. Asko izan aditz lokuzinoa da, nahikoa izan esangura garbiaz, egitura zaharra da euskeran. Eta gaur diran baino entzunagoak ziran lehenago, -ik partitibodun izen bategaz hornidurik erabiltea asko da aditz lokuzinoa. Harridura balioaz, hatan be. Mogelen adibide pare bat erakusgarri: Asko da lorik! Asko da goizerako zereginik!
Baina gure artean, geldi-geldi, nahikoa joan da nagusitzen bastante esangura horretarako, eta asko eta gainerako zenbatzaileak baztertzen edo esanguraz murrizten. Basta ya! euskeraz: Nahikoa da! esan daroagu gehienok erdi eta sartaldean; aski da! ekialdean. Lehenago esaten zan Asko da! esapideari, nahikoa da! nagusitu jako. Bide beretik, nahikoa da erregurik! goitu jako, asko da erregurik! zaharrari. Edo: nahikoa da berbarik!, lehengo asko da berbarik! zaharrari. Halan da guzti be, harridura kontestuan balio hanpatzaileaz darabilguzan izen partitibodunok, lorik, berbarik, beharrik, atzeraka doaz lekurik gehienetan; endemas edade batetik beherakoen artean.
Nahikoa izen bati loturik dagoanean izen bat edo izen multzo bat, ardaoa kasurako, ze sintaxi diferente ditugu biak alkartzeko? Bat baino gehiago, edozelan be.
Berbaz zabal dabilen bat, eta sustrai sendoko egiturea berau, nahikoa zenbatzailea izen mugatuaren aposizino lez ipintea da: Piperra nahikoa dago gurean aurten. Izen mugatzaileduna aurretik, piperra, eta zenbatzailea atzetik: nahikoa. Peafloridako konteak Gabon Sariak aspaldiko bertsoetan (1762) darabilen erara: Emango digu lurrak, / garia ta artoa, / gaztaina, sagardoa / ta ardoa nahikoa. Berez-berez jalgiten jakez gure hiztunei honetarikoak: Dirua nahikoa dauka harek. Beharra nahikoa eginda gatoz etxera. Ardurea nahikoa darabilgu, behintzat!. Egitura horreen ostean dagoan esangurea ez da bastante, suficiente, hortik goranzko neurria baino: zenbat gura, nahi adina dalakoen kidekoa.
Bigarren sintaxi bat nahikoa edo naiko izenaren aurretik ipintea da, izenori beste mugatzaile barik agiri dala. Halan esan leiz gutariko edozeinek honelako esakerak: Nahiko burukomin emoten deusku umeorrek! Nahikoa zeregin badaukagu lehendik, zuk hondino barriak ekarteko! Nahikoa behar eginak gara gu geure gazte denporan!
Baina bada beste sintaxi bat, gure eretxian muna bazterrean lagatea hobe gendukena, baina tamalez orio-orbanaren antzera gero da zabalago dabilena idatziz zein hizlarien artean: izen mugagabearen ondorik ipintea naiko(a). Halan: Ez daukagu diru nahiko(?). Ez dago baliabide nahikoa(?) e.a. Egia da izan, Orixek, Txillardegik eta beste gehiagok aspalditxo bedeinkaturiko egitura modua dala berau, baina analogia bidez berandu baten sortua, tradizinoaren lur mamintsurik ez daukana. Gure aholkua: nahikoa izen sintagma barruan txertatu nahi bada, aurrean txertatu bedi, ez atzean. Eta atzean ipintekotan, aposizino egituraz hoba: ura nahikoa, indabea nahikoa edo frutea nahikoa.
Aurrekoa baino hainbat okerragotzat daukagu nahikoa horri ik atzizki partitiboa txertatzeko batzuek daben lehia eta afana, pentsaurik hizkera jatorragoa lantzen dabelakoa edo. Aspalditxu aldizkari digital batetik jasorik dodan esaldi hau, dinogunaren lekuko: Bi mila eta berrogeta zortzirako beharbada ez da arrantza-erreserba nahikorik izango mundu mailan. Partitibo-atzizki hori alperrik dago hor; idazleak behar ez dala kolkotik atera dauen kalko oker bat baino besterik ez da. Atzizki partitiboa, erabiltekotan be, gorago aitatu dogun harridurazko egitura barruan: Nahikoa burukominik daukagu zugaz, umea! Lehengoa etxerik nahikoa, etxe barriak erosten hasi barik!
Nahikoa, nahikoak, singularrez zein pluralez, adjektibo kategoriaz be badarabilgu batzuetan. Nahikoa egin edo nahikoak egin, ase-ase egin, asebete egin esateko darabilgu batzuetan. Baina jan-edanaz ostean, beste gai batzuez be bardin: Nahikoak egin arte ibili ziren olgetan.
Gehitu daigun, sintagma bakarrik osotzen ezeze, izen bati laguntzen be erabili leitekela. J. Mateo Zabala idazle bardinbakoak honetara epaitzen dau Ebangelioko aberatsaren alagalako bizimodua: batu zituzan ondasun guztiz handiak, egin zituzan etxe zabal ederrak, eukazan janari ta edari gozo nahikoak, etxakozan falta gogoak emoten eutsazan gustu ta atsegingarri guztiak.
Morfologiaren aldetik, nahikoa zenbatzailearen oinarrian nahi hitz modala dago, mugatzaileaz nahia. Eta nahikoa ezeze, nahia bere sarri entzuten da hondino, baina esangura diferenteaz; neurriz goranzko zenbatekoa adierazoteko: zenbat gura zenbatzailearen sinonimo lez. Izen mugatu baten aposizinoan erabili ohi dabe hiztunek: Sagarra nahia egon da aurten. Bakailao errea nahia jan genduan. Kereizak nahia batu ditugu etxatzeko arbolan.
Nahiko(a) zenbatzaileaz eraikiriko konposatu bitxi bat be bada euskeran, hondino guztiz galdu ez dana: nahiko beste determinatzailea, batzuetan adberbio bihurturik nahiko bestean be erabilten dana. Nahiko + beste zenbatzaile konposatua bizkaierazko idazle eta testu klasiko batzuen artean agiri da. Esanguraz, nahi beste, nahigura, gura dana zenbatzaileen baliokidea. Nahiko beste horren baliokidetzat naroro, ugari eskeintzen deuskuz Pedro Astarloak: Jan eben guztiak naroro edo nahiko beste. Izen bati laguntzen agiri danean, haren aurrean ipinirik beti. J. Mateo Zabalaren lumaz adierazota: Daukaz beste batek gurasoak itxiriko ondasun eta azienda handiak, etxe miragarriak, janari gozoak, ohe bigunak, nahiko beste kriadu eta, berba baten esateko, dauko gizon batek gura ahal leikean guztia.
Ez da zertan gogoratu, nahiko beste zenbatzaile konposatu hori gaur egun apenas entzuten dala gure artean. Halanda be, guztiz galdu ez dana badakit. Zeanuriko adiskide on batek esanda dakit, berak etxean ezaguna dauela, zeaniztarren berbetan erabilia dala.
Nahiko guztia egitura be ezaguna dogu. Pedro Astarloaren lumaz: gose edo egarriak kadendurik bazaukaz, jan eta edan egizu nahiko guztiak altarako mahaian.
Beste esapide batzuk be badira nahikoa horren inguruan eihoak. Horreetariko bat aitatzearren: nahikoa eta lar. Nahikoa eta lar dakizu zuk, inork esan beharrik euki barik be.
Soka luzea dauka gai honek. Baina gaurkoz asko da. Oraingoz nahikoa da.
Iturriko
2016-06-24