Persona bati murkoa edo morkoa esatea, hitzaren esangura figuratua erabiliaz, izakeraz pertsona hori “betoskoa, betiluna, turkoa, musturkerea, lehorra, latza” dala esatea lez da, kalifikatibo ezezgarria, gaitzesgarria, edozelan be. Murkoa da hori gizona, murkoa!
Baina murkoa berez, lurrezko ontzia da, txarroa, pitxar nagusia. Murkoagaz iturrira uretan joaten zan lehenago. Txakolina be murkotik atera eta mahai gainean ipinten zan hamaiketakoa egiteko. Eta XVI. mende-akabuko errefrau bilduman agiri da: “Dindika murkoa betatu doa”. Gaztelaniazko bersinoan: “Gota a gota se llena el cántaro” (RS 94).
Murkoa, eta morkoa, personearen izakerea dala-ta, Azkuek be jasorik dakar, “persona grosera” erdal ordainaz, eta Bizkai zabaleko berbatzat.
Murko berbatik murkotu aditza garatu da. Eta horren esanguretariko bat, ‘akatsdun bihurtu, erdi hausi’. Herri-esakuntza ezagun baten berbak: “Sarri iturrira doan pitxarra, edo hausi edo murkotu”. Gaztelaniaz be baditu ideko errefrauak. Baina murkotu, edo morkotu, betiluna ipini esateko be erabilten da. Eta murko egon persona bat be bai. Halan jaso eban Arantzazu-Oñati inguruan K. Izagirre fraileak: “Murku dao, está de morro (enfadado)”.
Horren antzeko beste konparagarri batzuk be erabilten dira objektuen izenakaz. Mukurra ondo dakigu zer dan. Behekosuan sugarritzat ipinten dan subilari deritxo mukurra, iraupen luzeko sugarria. Baina irudipenez, agura mukurra dinotsonean emazteak gizonari, beste zeozer esaten daragoio. Aguratuta, zaharkolotuta, zortuta dagoalakoa esaten dabil gizon edadetu tristeari: mukurtuta dagoala, berba baten.
Adolfo Arejita