Maiatzaren 15ean, San Isidro egunez, Morga: Bizimodua eta ohiturak izeneko DVDa eta liburua aurkeztu ziran Andra Mariko eleizan, Labayru Ikastegiak Udalaren enkarguz egindako ikerketa etnografikoaren lehenengo emaitza.
Hamabost barriemoileri bideo-grabazinoak egin jakez, herriko bizimoduaren barri emoteko. Grabazinook galdetegi jakin baten arabera egin dira, beti be metodologia zehatz bateri lotuta.
Horren bitartez, kanpo-barruak batu gura izan dira. Hau da, maminaren aldetik, galtzen doan bizimoduaren barri batu da, gehien baten hurrengo belaunaldiei horren barri emoteko. Eta kanpokoa esatean, esan gura da bertako berbetan, bertako euskera bizi-aberatsean emonda dagozala azalpenak.
Bizimodua asko aldatu da denpora gitxian, etxeko lanbideak, ganadua etxean haztearen garrantzia, ortua familia aurrera aterateko oinarri izatea Familiaren osaera eta hartu-emon motak Dana aldatu da, eta pentsau lei orain ezagutzen doguna izan dala beti. Baina ez, orain hainbeste denpora ez dala, beste modu batera ziran gauzak eta ume-gazteei horren barri emoteko, garai jakin bateko bizimoduaren barri emoteko, egiten dira halango ikerketak.
Helburua bikotxa da. Alde batetik, herriko ondare etnografikoa eta linguistikoa batzea, bizimodu tradizionala eta herri-jakituria, bideo eta audio grabazinoen bidez gordetea; eta bestetik, era barritu eta egokian atzera herritarren artean ezagutarazotea eta gizarteratzea.
Morga: Bizimodua eta ohiturak materiala euskarri bitan aukezten da, DVDa da lanaren ardatza eta liburutxua, osagarria. DVDan ikusi eta entzun ahal dira batutako pasarterik esanguratsuenetako batzuk, ordu bi guztira. Gai-arlo desbardinak jorratzen dira bertan: herria, auzuneak, abeltzaintza eta artzaintza, nekazaritza, etxea, elikadura, herri egutegia, jaiotzatik heriotzara arteko bizitza-ohikuneak, astialdiak, herri-medikuntza, jazkerak, herri-literatura eta mitologiako gaiak.