HizkuntzaZahar-barriak

Mintzola Egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu Euskaltzaindiak

Posted on

Mintzola Ahozko Lantegia 2008an sortu zan, bertsolaritzea ardatz hartuta, ahozko tradizinoaren eta ahozkotasunaren gaineko hausnarketa eta zabalkundea bultzatzeko. Fundazinoa 2021ean itxi zanean, Mintzola egitasmoa Euskaltzaindiaren ardurapean geratu zan, eta orain aurkeztu dau erakundeak egitasmo horren mamina zein izango dan.

Mintzola egitasmoa berbakerearen lantegia izango da aurrerantzean, eta ikerketan, ezagutzaren transferentzian, formazinoan eta sustapenean jardungo dau.

Horren haritik, ikerketea sustatzeko deialdi bi egin ditu Euskerearen Akademiak: Bata, euskeraz egiten dan ahozko jardunari buruzko gradu amaierako bost lan saritzeko; eta bestea, euskeraz egiten dan ahozko jardunari buruzko ikerketa edota master-amaierako bost lan saritzeko.

Era berean, honako beste gai honeen inguruko beste ikerketa batzuk be bultzatuko ditu:

1. Eguneroko berbakerea: ezaugarriak.

2. Eguneroko berbakerea euskal komunidadean: Corpusaren osoketea, mapak eta diagnostikoa.

3. Gaztelera eta frantsesaren aurreko desorekea euskal gazteen eguneroko berbetarako adierazkortasunean. Faktore horren eragina hizkuntza-hautuan.

4. Hezkuntza araututik eta arautu bako hezkuntza edo aisialditik eguneroko berbakerarako adierazkortasun-baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak.

5. Hedabideetatik eguneroko berbakerarako baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak.

6. Euskalkiak eta estandarra ahozko berbakerearen funtzinoetan: jardunbideen azterketa eta jarraibide batzuk sortzeko oinarriak.

7. Hitanoaren diagnostikoa eta hikako moldearen erabilerea sustatzeko bideak eta tresnak.