Txikitan sarritan entzun eta berbaz erabili ditugunak dira Jainkoaren amorearren, pozarren eta halakoak, gaur nekez entzun eta askok aitu be nekez egiten dituen berbakerak.
-arren atzizkia, aditza ez dan hitz bati dautsala, sarrien entzun dodan esamodua Jainko edo amore berbakaz izan dalakoa daukat. Harridura edo exortatibo erako esaldietan ia beti: Jainkoaren amorearren ez eizu holakorik esan! Edo holako beharrik egin! Zergaitik diran hain erabiliak? Gaztelaniaz por amor de Dios edo por Dios diran arrazoi berberagaitik.
Izen edo adjektibo gitxi batzukaz be sarri: pozarren, edo behin baino sarriago: lotsarren edo bildurrarren, kasurako.
Sarritan kausa edo arrazoi-emote zentzuna dauka: lotsarren edo lotsearren, lotseagaitik da, lotsearen lotsaz, por vergenza. Beste batzuetan, zelakotasuna, modukotasuna adierazo gura dauela edo. Pozarren nago dinogunean, pozez beterik esan gura dogu. Baina zelakotasun hanpatuaz: pozaren pozez, pozez ganezka esatea lez. Pozarren horregaz lokuzino indartsuago bat be egin daroagu: pozarren ozta.
Leku batetik bestera ibili ezkero, izen edo adjektibo gehiagogaz be entzungo dogu, batean berba batzukaz, bestean beste batzukaz. Azkue handia da, bere hiztegian eta bere morfologia liburuan, berba diferenteakazko erabilerarik gehien antzean batu izan dituana. Eta gaur egun be, Bizkaieraren eremuan batez be bizkaieraren zabalera osoan esango neuke, ez Arratiako edo Butroiko bazterretan bakarrik. Markinaldean be bardin, eta asago be bai, azterka hasi ezkero.
Kontua hori da: entzun egiten dala gehiago, idazten dan baino. Eta idazten ez dana ez da irakurten, eta idazteko ekandutik be aldendu egiten da. Ez dauka, hurrean, hainbesteko erluzik atzizki honek gaur egungo idazleentzat.
Izan be, aldamenean dauka antz-antzeko balioa dauen beste atzizki bat, -gaitik (-gatik), ia esparru semantiko bera beteten. Eta jakina, oilar bik oilotoki berean alkarri ez deutsie mesederik egiten. Baina halan irudi arren, ez datoz bat esanguran oso-osoan, ez dabe eremu bera hartzen, ez guztiz behintzat, izen-adjektiboekin doazanean. Pozarren darabilgun lekuan ezin dogu pozagaitik esan; bildurrarren darabilgun lekuan, ordezkorik hurbilena bildurrez genduke.
Atzizki zahar hau berez rren da, gerora -a artikulua harturik, -arren bihurtu dana eta halan lexikalizatu. Gure euskera klasikoan zerren (zer + -rren) aurre-hitzaz markatu izan dira mende-perpaus kausalak, euskeraren ekialdean zeren (zer + -en) aurre-hitzaz egin diran letxe. Edo zerren erabili izan da zertan edo zergaitik balioaz be. Baterren eta besterren esaten zan antxina, batagaitik eta besteagaitik esangurarako. Lazarragak bere amodio-poemetariko baten, amodiozko poemetan topiko dan motibo bat harturik, honakoa dino: Ama libreaganik jaio nintzan, / ditxarik ez neben hau, alabea. / Dirurren saldu nintzan, esklabea. Diru truke, dirutan, diruakaitik esangureaz.
Gure euskera klasikoan aditzizenaz eregiten ziran helburuzko (eta batzuetan kausazko) mende-perpausak, lehenengo egiterren, ikusterren egiten ziranak, gerora -a eta guzti, egitearren, ikustearren bihurtu ziran. Ondo dot hoera afaltzaga, jagiterren zor baga gogorazoten deusku errefrau zahar batek (RS 430).
Baina izen eta adjektiboakaz be -arren atzizkia da gerora nagusitu dan bakarra; -a horren artikulu balioa galdurik.
Atzizki honen bizitasuna, mailegu-izenakaz dauen erabileran da ezagun. Adibide batzukaz on egin daidan dinodana: Konpromisoarren esan dot baietz (konpromezuz). Inuzentearren pasau jatzu hori (inuzentea izateagaitik). Zu komenientziarren zagoz negarrez (zeuri komeni jatzunaren alde). Zeure mejorarren esan deutsut hori (zeure onerako). Joan beharko da funeralera, itxurarren bada be (itxurea jagoteko). Eskola bat mesedearren be emoten da, baina asko badira ez (mesede egiteko). Nik egin dot behar hori zeure ederrarren (zeuri eder egiteko). Bere finarren telefonoa jo eustan (fina baino finagoa izateagaitik).
Balio modalaz be hainbat kasutan darabilgu, kausazkoetan ez eze. Halan jaso eban Domingo Zuluagak Ibarrangelun: Estimaduarren dauko bere eraztuna.
Tradizino idatzira bagoaz, aditz ez diran beste hitz gehiagogaz be irakurriko dogu arren, berbaz nekez entzunak izanagaitik; gehienetan izenak, batzuetan adjektiboak, eta noiz edo noiz zenbatzaileak.
Alperrarren, alperraren alperrez, irakurten da Otxandioko eskuizkribua deritxonean: Alperrarren mezea huts egin. Nagiarren be behin baino sarriago, esangura beretsuaz.
Haserrearren, haserrearen haserrez: Kastigadu begiez behar danean gurasoak euren umeak, jo begiez, hezi begiez, baia ez harako haserrearren zer egiten dabeen bere ez dakienean idazten dau J.M. Zabalak.
Lotsarren, lotsearen lotseaz, idazle berorrek: eta ez hor lotsaarren ezkondu, eta gero beti damuz beteta bizi.
Hatsarren, hatsaren hatsaz: Kanpotik sartuten direnak ezin egon dira hatsaarren gogorazoten deusku Frai Bartolomek, agolinean dagoanaren logeleagaitik.
Gitxiarren, gitxigaitik, darabil Mogelek bere alegietan: Gitxiarren hartu ta hil ez eban giltzereak.
Minarren, minarez minez: esku, oin eta beste alderik minarren baterik bestera eroan, ez mobidu ezin dabela dino idatziz Zabalak.
Sentimentuarren, sentimentuaren handiz, mailegu-hitzaz darabil idazle berorrek: Amak, hau ikusita, sentimentuarren bere burua urkatu eban.
Eta gaur egungo erabilera urrira gatoz atzera. Arrazoi dala, helburu dala edo zelakotasuna dala, indar berezia, adierazkortasun handiagoa emoteko bana-banako atzizkia izanik berau, zer dala-ta ez darabilgu modu libreagoan honetariko izen-adjektiboakaz? Damuarren, harroarren, larriarren, nagiarren, ederrarren, politarren, inuzentearren, finarren eta hatarikoak?
Polit eta motz adjektiboei erantsita aspalditxu Jatabeko emakume bati entzun neutsazan esaldi polit bi ekarri gura dodaz hona, alkarren kontrakoak itxura baten, baina adierazte-indar handikoak. Neskatila baten polit edo motz atxakiatzat hartuta, esan eban ze: Motzarren jabilkoz mutil guztiak ingurutik eskapetan. Eta: Bai, politarren emongo deutsue zeuri urregorrizko eraztuna bape kobrau barik!, beste behin.
Arren eta mesedearren, baliatu eizuez sarritxuago atzizki honegazko eratorriak. Euskerearen amorearren!
Iturriko
2016-05-06