Ezkonduko daNEZ, Bermeo-Mundaka partean gaur be hondino bizirik dagoan aditz-egiturea da, baina daNEZ barik, daNENTZ esaten dabe hiztunek. Beste era batera esanda: ea ezkonduko dan. Zehar itauna, zehar galdera deritxon mende-perpaus egitura adierazoten dauen aditz-atzizkia dogu -nez edo -nentz hori.
Atzizkiaren oinean zer egitura dagoan? dan + ez, hau da, dan ala ez laburtuta.
Gaur zaharkitu antzean dagoan aditz egiturea da, baina bai Iparraldeko tradizinoan, eta bai Bizkai sartaldekoan, bizirik iraun dauena, eta hondino be dirauena, apurren bat agolinean bada be.
Dialogo kontestuan entzun deutsat gitxi batzuetan Bermeoko jenteari, insistentziaz edo ekinez egiten danean itaun bat. Esaterako, batek itauntzea: «‑Entzun dozu esan dodana?». Besteak erantzutea: «Zer esan dozu?». Eta lehenengo hiztunak bigarrenez itauna errepikatzea: «‑Ea entzun dozunentz!».
Orain mende bira arte edo, biziago erabiliak ziran zehar itaunetan danez, direanez, gareanez, jakonez eta halako adizkiak, berariaz Bizkaiaren sartaldeko idazleen testuetan. Añibarro, Mateo Zabala eta halakoetan. Eta Urdaibai aldeko idazleek gerra aurrera arte erabilten ebezan idatziz danez, diranentz, jakonentz eta horretarikoak.
Mateo Zabalaren pasarte bat irakurriko dot, autorkuntza, konfesinoa egikeran, azterketa edo esaminea zelan egin behar dan gogorazotera datorrena. Dino: “gogora eikezu […] ea errieltea edo aserrealdia izan, edo iraunak iñori emon deutsazunez. Besteen arteko bakea, edo adiskidetasun ona, edo ezkontza egina edo igaroa barriakaz, edo zeure miin gaiztoagaz galdu dozunez. Ea iñor il, ebagi edo jo dozunez, edo atarik gero, edo berari edo besteri beste kalteren batzuk etorri jakozanez. Eriotzarik edo beste kalte andirik zeure buruari opa edo emon gura izan deutsazunez. Ea sabeleko seiña galduteko aleginik egin, edo besteren bat atan imini izan dozunez; edo ainbagarik, zeure erruz galdu edo galduteko bidean jarri [imini, parau] izan tzareanez” (Irun).
Baina XX. mendeko idazleek, danez tipoko egitura zaharra alde batera itxi, eta danentz eredua erabiltera jo izan dabe. Arrazoia garbia zan: danez, diranez, garanez… ereduko adizkiak modalidadea, modu zentzua adierazoteko erabiliak diralako askoz gehiago (antza danez, agi danez, itxurea danez, ohi danez...), eta biak ez nahasteko ahaleginean.
Lizardik olerki baten hau dino: «Dagigun arraun Izotz-errira, / zaharren aztarrik danentz begira» («Mirando si hay huellas») (Biotz-begietan).
Lauaxeta olerkariak be Bide barrijak poema-liburuan dakarrena: «Geroan ezer danentz zalantzetan nabil».
Bernardo Garro «Otxolua» idazleak be: «Arterik artu eziñik ebiltzezan, gaxuak, uste guztijak galduta, nora jo ez ekijela, ta iñondik be etxaken ezer otuten bakaldun aurrera lotsagarri barik barriro aurkeztu al ixateko, ta bakandereagana juaten azartuko ete-ziranentz be zalantzan egozan.» (Bertolda). «—Laburra da benetan bai, baiña oso polita eta txit egokia [ipuina] —esan eban Leoiak. Eta Koletegana bihurturik, ezer ekarri ebanentz itaundu eutsan» (Abere dontsubak).
Toma Agirrek Uztaro elabarrian darabilen esaldia: «Ezpaitaki hegoaizearen berotasuna ala barrendik datorkion kiskaltasuna danentz«.
Felix Bilbao morgatarrak: «Ikusiko dozue Bartolo hori be beste edozein bestean bildurtia danentz» (Ipuin barreka).
Eusebio Erkiaga lekeitiarrarena da hurrengo esaldi hau: «Arratsaldean, billa dabil errekluta-etxean, arako brigada amarruaren bizilekua non ete danentz jakin gurarik» (Batetik bestera).
Atzera Matxalen Busturikoren kantu-koplara bihurtuta, gogora daigun, amari negarrez joakon Matxalenen erostea dala: ea amantal barri barik ezkonduko danez. Hauxe da, beraz, amari negarrez egiten deutsan erosta-kexea: ea amantal barri barik ezkonduko ete dan.
Euskera landuan, gaur be gomendagarritzat joko neuke bai-ez tipoko galde-perpaus zeharkakoetan -nentz atzizkiaz baliatzea, eta ez alperrik galtzen ixtea Lizardi, Orixe, Lauaxeta, Jokin Zaitegi, Ibiñagabeitia, Toma Agirre eta beste hainbatek XX. mendean bultzatu eben menderakuntza-atzizki hori.
Adolfo Arejita