Martiko eguraldia dala-ta, eguraldi kapritxosoa, aldiztoa edo zoroa izan ohi dala martian esateko, aldaera asko dituan atsotitza da, euskerearen luze-zabalean guztiz ezaguna. Bizkai erara esanda, G. Garatek Atsotitzak bilduman dakarzan bi: «Eurixa ta eguzkixa, Martiko egualdixa” (4802) / “Goixen eguzki tte atsalden euri, martiko eguraldi” (5953).
Nafarroa aldeko esaera batzuk aitatu daiguzan, beste egitura batekoak. Bada birao modura martiari zuzendutako inprekazino : «Martxo! E(g)ik, eta lerrei egin zak-eta” (Leher egin ezak, edo bota ezak botatzekoa!) (Intza 174).
Beste hile-izen edo egun seinaladu batzuetan be errepikatu ohi dan mezua. Martia onegia badator, ostean luzaroko eguraldi txarra izango dala. Berrogei eguneko eguraldi txarra iragarten da batzuetan. Garizumako berrogei egunakaz zerikusiren bat ete daukan nago. Eta mezu bardintsua gogorazoten deusku harako gaztelaniakoak: “Hasta el 40 de mayo no te quites el sayo”. Hara batzuk. Nafarroa aldeko bi: «Martxoko ostosketak, berrogei eguneko ekaitzek» (Intza 464). «Martxo sugea, berrogei eguneko ekaitza» (Intza 1592). Bizkai erara: «Martiko hodeie (trumoia), berrogei eguneko hodeie (G.Garate 9536).
Argiaren eta ilunaren iraupen-denporea martian orekatua dalakoa gogoratzen deuskue hurrengo biok: kopla baten antzera, puntua jagoten dabela: erdin / berdin: «Ta martxoaren erdin, gau t’eguna berdin». «Martxoain (martxoaren) erdin, gau t’egun berdin» (Intza. Etxaleku 990).
Martia etxe-abereakaz lotzen daben errefrauak be badira. Behorra dau mintzagai Goldarazko honek: «Martxoko hil zaharra: horrek eraman du nere behor zaharra» (Intza 951), beste urte-egun seinaladu batzukaz be aitatu ohi dan topikoa, mando, asto edo beste abereren bat tartean ian daitekela.
Martiko hilea gizonezkoena izan ohi dala eta zezeila emakumeena, eta abereetan bardin, martia arrena eta zezeila emeena (horretatik katuila, katuen hila) dalako sinestea be aitatzen dabe errefrau batzuek: «Otsaila emaztien eta katuen illa; martia gizonena” [G.Garate 11023). Horri lotua da marti-oilarra edo martiko oilarra izena be. Azkuek dakarrenez: «Marti-oilarra, martian jaioriko oilarrak dauko izen hau» (EY I 67). Eta hedaduraz, oilar eta oilasko gizon gazte edo mutil gazteei be egozten jake: «Martian jaioriko gizonai marti-oilarra olgetan esaten jake», Azkuek Otxandion jaso ebanez» (EY I 67).
Oilar izenaren diminutiboak be sarri erabilten dira: oilartoa eta oilartxua batez be. Kastresanako edo ez dakit nongo zubi barria eguna argitu orduko egiteko deabruagaz arima truke tratua egin eban harek be, prakagorriek zubiginan erabilen belozidadeaz bildurtuta, etxeko oilar gazteari, oilartoari, lehenbailehen kukurruku egin egian, halantxe egin ei eutsan erregu: «Martiko oillarto gorria, izan zakidaz balia” (G.Garate 9485). Beste bertsino baten arabera, Arratiakoa: «Marti-ollartxu gorrie, / orain balie, balie, / orain balietan ezpazara, / joan da nire bixie» (EF 1921, 93). Azkuek bere berbaz emondako azalpena: «Behin, norbait deabruak estu ta larri erabilela, erregu hauxe egin eban: Marti-oilartto gorria, ointxe nigaz akordaten ezpazara, badoa nire bizia» (A EY I 67).
Baina martian, oilarrak ez eze, oilandak be estimadu egon ohi dira. Esaereak dinoanez: «Martiko oillendak, onenak” (G.Garate 9547).
Zaldi eta behorren kontura, marti inguruko pasadizu bat. Oin dala urte batzuk, Barrutiko etxe batekoei, zaldiak alde egin eutsan hesituta egoan barrutitik, eta behorra irrintzaka egoan beste landa batera joan zan. Bila joanda ekarri eban atzera etxeko mutilak. Komentario hau egin eustan: “Behin udabarrira ezkero, honeek zaldidxek zatartu egiten dira!”
Martia izan ohi da lurra goldatu eta ereite edo landatze batzuk egiteko hilea be; ortuko landara batzuk batez be. Kipula-landarentzako, esaterako: «Martiko hilberie kipule gorrixe ipintteko sasoa onena” [G.Garate 9541).
Martia, aurreko eta osteko hileakaz bata bestearen erreskadan aitatzen daben errefrauak ugariak dira, batzuetan hile gehiago, beste batzuetan gitxiago aitatzen dirala. Gehienetan, zezeilean hasi eta apirilera arte; baina beste batzuetan maiatz-bagilak be barru hartuta.
Lorak zelangoak ohi diran hilean-hilean aitatzen jaku batzuetan, martia hasikin dala eta apirila loraldi. Martia eta maiatza bapezaren bardin agiri jaku, eta apirilla urre edo urregorri: «Martiko lorea, bape ez balego hobea; aprileko lorea, urrea / urregorria baino hobea; maiatzeko lorea, bapeza baino hobea” (G.Garate 9544, 9545). Nafarroako aldaera baten arabera: “Martxo-lore, pirri-lore; apiril-lore, urrien lore; maiatz-lore, utsa baino hobe » (Intza 833).
Bedarra erne, hazi eta handi egitea da hileon arteko konparagarri beste batzuetan: «Otsailek berak, eze ta igar. Martxoak arpeti belar. Aprillek larrie bete belar (Goldaraz). Hillabete hoietako aldarteak nola diren» (Intza 956).
Eta eguraldia bere orokorrean da mintzagai sarritan. Marti-apiriletako eguraldia aitatzen dau ondokoak. Lainoa eta edurra aitatuz: «Martxoan lainoa noraindo (noraino), apirilan elurra ha(r)untzaindo (haraino)» (Intza 173). Eguzki-eurien gogamena azpian dala, besteok: «Marti kakatsu, aprille ederrien sartu natxazu» (G.Garate 9470). «Marti kakatsu, aprile urregorri» (G.Garate 947). «Marti txirripirri (euritsu), aprille urregorri»(G.Garate 9487).
Eta hile-izenen kate horretan bada bat, zezeiletik bagilera arteko hileak behin banan aitatzen dituana. Pedro Aurrekoetxeak Erandion bere amama zanari ikasia: “Zezeila txikimiki, Martia kakatsu, Apirila biribila, Maiatza hotzakila, eta Bagila gosekila”. Erandioko berbakeran: “Zezeile, txikimiki. Martie, kakatsu. Apirile, biribile. Maietza, hotzakile, eta Bagile gosekile”. Berebiziko lekukotasuna: bost hile segidukoak aitatzen ditu, hile bakotxaren berezitasuna edo bakoxtasuna zertzelatuaz.
Adolfo Arejita