Martia sartaldean darabilgun berbea da, bizkai-euskera egiten dan alderdian eta Urola partean be bai apurren bat. Latineko Martius, Martii izenaren genitibotik dator marti berbea. Euskera egiten dan gainerako lurraldeetan martxoa esaten da.
Baina badaukaz beste izen batzuk be, lehen gehiago entzuten ziranak. Bat, egutegietan eta sarri irakurri doguna, Epaila. Esanguraz, ebat-illa, ebateko illa. Baserritarren artean izan da erabiliagoa berba hau, batez be Gipuzkoako herri batzuetan.
Errefrau modernoen artean Oñatin baturiko bi aitatuko ditugu. Bata: “Martiko lora, hutsa baiño hoba». Usaina bai, bai gitxi; eguzki gitxi hartuta hondino. Bestea: «Otsaillan mitxeleta horixak, martixan gorularixak». Euren sareak egiten marti inguruan hasten dirala gogorazoteko.
Garibai historialari mondragoetarrak, berak batutako errefrauetariko batzuetan aitatzen da martia. Bat ez da hain ezaguna: “Martian zenbatetan, aprilean ainbatetan”. (A 15). Baina hurrengo hau sarri entzuna eta berridatzia izan da gure artean: “Eguzki eta euri, marti eguraldi” (A 14).
Errefrau zaharretan, eguraldia dakarskue gogora behin eta barriro. Batzuetan, martiko eta apirileko hileak ipinten jakuz aurrez aurre, eguraldiaren aldaketa akordura ekarteko: martian eguraldi txarra bada, apirilean datorrela ederra esateko. Garibai kronistak honelan idatzi eban: “Martiak buztanaz, aprilak bularraz” (A 44). Gaur-gaurkoa dan beste errefrau batek berba diferentez mezu bera adierazoten deuskuna. Azkuek Markinaldean batu eban lez: “Marti kakatsu, april ederrean sartu naiatzu.” (EY III 160).
Adolfo Arejita