Gure gure herri, auzo eta beste leku batzuen izenak aitatzen ditugunean, zein intonazino emon leku-izen horreei? [OMA] [GAMIZ-FIKA]
Leku-izenen intonazinoa ez dogu gehinetan bardin egiten, euskeraz dihardugula edo erderaz daragoiogunean. Akatsik agiriena, hedabideetan susmetan dot. Hitz arruntak euskeraz intonazino normalaz ahoskatzen ditugun arren, leku-izenetara gatozanean erdal usaina dariela oguzten ditugu.
Silaba biko leku-izenak, salbuespenak kenduta, azentua atzean dala oguzten ditugu euskeraz. Halan: Loiú, Gorlíz, Albíz. Lagá, Laidá, Morgá, Mañú(a), Eibár, Berríz e.a.
Eta oraintsuan silaba biko leku-izen batzuk entzun ditut, erdal intonazino garbiaz. Bat, Omá eta Omáko basoa. Auzo hori ezaguna dogunok sekula ez dogu esaten Ómara joan garala, Omára edo Omáko basoa ikusten joan garala baino. Udalerri bera egiten dabe Gamíz herriak eta Fiká herriak. Biak batera erabiltekotan, Gamíz-Fikára goazela esango dogu, eta ez Gámiz-Fíkara goazenik, arranoetan be!
Herri bi bat eginda dagozanean eta biak batera izendatu behar ditugunean, korapilatu egiten da intonazino kontua. Lumó deritxo Gernika goieneko eleizate zaharrari, et Gerníka beheko uriari. Biak batera izendatzean ez genduke aldatu behar intonazinoa: Gerníka-Lumó esan beharko gendukela deritxat.
Joera nagusia euskeraz, leku-izenetan intonazinoa atzera eroatea.
Hiru silabakoen artean be bigarrenetik aurrera indartzen da. Muxíka. Mendáta. Artía. Gatíka. Lezáma. Bustúria. Bermío. Arrátzu. Aulésti // Kortézubi. Munítibar.
Badira aurrerako joerea daben salbuespen batzuk, baina ez dira asko. Bi salabakoen artean: Éa (Íe) eta Gára, berbarako. Eta hiru salabakoen artean: Áreta, esaterako.
Adolfo Arejita