Herri-berbetan sarri darabilgun esate-modu bat: .Lantzean leku baten. Hala entzun neutsan hurreko bati oraintsu: “Norbere gauzak topau ezinik beti. Lantzean leku baten ixten dozuz gauzak«. Gaztelaniaz esaten dana: ‘cada vez en un sitio’.
Sartaldeko hiztunok asko darabilgu lantzean hori, marka banatzaile lez, atzetik eduki diferenteak dituala: lantzean bat, lantzean egun baten, lantzean bategaz e.a.
Egitura finkoak garatu dira lantzean horren harira, berariaz denpora eremuan. Bat, errepika-egituraz:
– Lanzean-lantzean, gazt. ‘cada dos por tres’ esaten danarentzat. Lantzerik lantzera (lantzirik lantzira) be esangura beretsuaz: ‘momenturik momentura’. Halan irakurri dogu L.Urubururen elabarri baten: “eta horregatik jartzen zuen lantzerik lantzera dalia zuri buketa belaunen gainean” (Katigatu ninduzun).
– Lantzean behin sarri darabilgun denpora-adberbioa da, ‘noizean behin’ adieraduna. “Lantzean behin ohi eutsan andreak igesi” (F. Arrese-Beitia Euskeria). “Harira eztatozan esakerak lantzean edo noizean behin aitatuten dabezana” (Azkue Bein.Betiko).
Lantzean behingo adnominala: “Hilero-hilero etorria daukana hobeto dago, lantzean behingo irabaziak bakarrik dituanaren ondoan”. Sin.: noizean behin, aldian behin, noizik noizera.
Lantzean bat be sarritako egitura finkoa dogu. Sinonimoa: bakotxean bat.
Beste eremu semantiko batzuetan: “Dendakoak salduten dituenak kanaka ta ontzaka, gauza gitxika, lantzean puska bat pisuan edo neurrian gitxiago emoten dabeela” (Bart Ikasik II). “ama hemen ebilen, lantzean mutilen bat edo beste hil batzuetarako topau nahian” (T. Gerrikagoitia Arantza). “Domukeri edo kapitalismoa, lantzean pizka bat miztuaz, geldi-geldika berez lez lurrera jausiko dala dinoen sozialistak” (Eguzkiza Giz.Auzia).
Beste aukera gehiago be badira: Bakotxean bategaz. Aldian bati, e.a.
Adolfo Arejita