Orain dala urte pare bat Labayru Hiztegia eta Diccionario Labayru sarean ipini genduzan danon eskura. Orduan ez genduan hiztegion edukina oso-osoan eroan; oraingoan, ostera, erabiltzaileai formatu osotuago bat eskaintzera gatoz: hiztegi kontestuduna.
Adibideak gehitu
Bigarren fase honetan, hiztegiotako berba-sarrerak eta azpisarrerak adibidez jantzi ditugu euron erabilgune ohikoena eta naturalena erakusteko. Berbai adibide-kontestu desbardinak emon deutseguz; batzuetan tradizino idatziko testuetatik hartuak edo egokituak izan dira eta beste batzuetan ahozko erabileratik jasoak edo atonduak. Autore klasikoetara jo dogu berben tradizino idatzia jasoteko eta gaur egun hiztunak gitxiago erabilten dituen berben edota hiztun kopuru txiki batera mugaturik dagozanen erabilera aztertzeko. Esaterako: ezkur: Ezkurrak daukaz horrek: Es un mezquino. (J. M. Zabala).
Batzuetan, klasikoetatik hartutakoak gaur egungo erabiltzaileen beharrizanetara egokitu ditugu; horretara, berba eta berba-kate horreek lekua hartu eta aurrera egiteko erea euki dagien, bai ahozkoan, bai idatzian.
Ahozko erregistroari lekua egin
Euskal literaturearen erreferentzia-lanetatik ezeze, herri-berbetatik eta herri-jakintzatik be edan dogu berben erabilguneak baliatzeko. Hiztegiotan ahozkotasunari aparteko balioa autortu jako eta ahalegin handia egin da adibideak hizkera sinisgarri, bizi eta erabili baten espilu izan daitezan. Horren helburua ez da izan besterik, berbak euren erabilgune naturalean eskintzea baino. Halanda ze, hiztunentzat ezagun eta eguneroko egiten diran esaldi asko sartu dira, hitzen erabilera-eremu arruntenak erakusteko.
etxe: 1 iz. hogar, casa. En determinadas expresiones frec. se suprime.
Gurean (gure etxean) ordu bietan bazkaltzen dogu.
Perurenetik (Peruren etxetik) gatoz.
Ahozkotasunaren beste alderdi baliotsu bat herri-literaturea da, gure hizkuntzaren eredu eta ondare dana. Errefrauak, esaerak, koplak, bertsoak… ugariak dira adibideetan. Esaerak «esr.» laburdureaz adierazo ditugu; herri-ondaretik hartutako baladai, koplai, eta abarri «Herrikoa» hitza ipini deutsegu alboan; eta autoreen zitak be jaso ditugu eurenganik hartutakoak izan diranean (RS «Refranes y Sentencias», J. A. Mogel, Oihenart eta hatariko batzuk).
atxea-motxea: 1 iz. Jok. Juego infantil en que un adulto toca a un nio los dedos de su mano mientras le canta.
Atxea-motxea kolori pan / zure semea errotan / errota txikia dabilenean / klin-klan. (Herrikoa)
Adierak kontestuaren barruan
Adibideak atontzerakoan, gramatikatasunari be ardura handia ipini jako. Tradizino idatzia eta ahozkotasuna kontuan hartuta, berba bakotxak onartzen dituan sintaxi-aukera eta lexiko-konbinazino diferenteak aplikau gura izan ditugu kontestuotan. Izen baten kasuan, sarrien erabili ohi dan adjektiboagaz; aditzarenean, jokatuta ala jokatu barik, trinkoa ala perifrastikoa ala lokuzinoak osotuz; adjektibo edo adberbioen kasuan, ondo buztartzen diran izen edo aditzakaz; eta halantxe berba arrunt zein tekniko guztiakaz. Hiztegi honen ekarpenik handienetako bat da berba bategaz eratzen diran berba multzoei emondako lekua. Horretan dago hizkuntzaren adierazgarritasuna eta aberastasuna. Kasurako, esku sarreraren barruan, beste honeek guztiok datoz: esku hartu, esku izan, eskua altzau/altxatu, eskua emon/eman, eskua estutu, eskua ezarri, eskua jaso, eskua kendu, eskua luzatu, eskua(k) eduki/eduki, eskua(k) garbi erabili, eskua(k) luze erabili, eskuak ezarri, eskura ekarri, eskura emon/eman, eskura eduki/eduki, eskurik eskura, eskuz aldatu, eskuz egin, eskuz esku, esku bete, esku eskuma, esku ezker, esku hutsean, esku hutsik, esku sartu, esku-bonba, esku-burdina, esku-eskuan, esku-eutsi, eskuka, eskura, eskutik, eskutik eskura, eskuz.
gorde: 2 salvar, guardar, proteger(se), cuidar, preservar, librar(se).
Gatx guztietarik gorde.
Arerioakandik gorde.
Hotzetik gorde.
Arriskuetatik gorde.
Adibideai itzulpena emoteko orduan, batez be gaztelaniatik euskerara egindakoetan, askatasun handiagoaz jokatu dogu. Batzuetan sarrera-berbearen ordainak erabili beharrean, hizkuntzak eskintzen deuskuzan beste bide batzuez baliau gara itzulpen jatorragoak eta egokiagoak emoteko; sarritan itzulpen zehatza eta egokia emoteko berenberegiko formea edo egiturea ezin leiteke-eta ordain lez bere horretan emon.
A cada paso: El pobre iba cayndose a cada paso: Gizajoa han jausi eta hemen zutundu joian; han joian gizajoa, non jausi, han jaiki.
Hiztegiok tradizino idatziaren gordailu eta ahozkotasunaren lekuko eta alkarbide dira, baina esan beharra dago, hiztegioneen ekarririk aitagarrienetarikoa eta originalena ahozkotasun aldetikoa dala. Lanotan leku oparoa emon gura izan deutsagu alderdi horri eta horren erakusgarri dira hiztegiotara ekarri ditugun ahozko erabilera-modu desbardinak.