Perpaus bati bere aditz jokatuan -la atzizkia eransten deutsagunean, beraren bidez emoten jakun mezua zeharbidez emoten dogu; izan be, beraren gainetik aditz bat eta esaldi nagusi bat ipinten dogu: esan, pentsau, sinestu edo dana dalakoa.
Mezua zuzen emoteko, esaldi nagusia erabilten dogu, jakina: Bihar euria egingo dau mezu zuzena, esaldi nagusi batez adierazoa. Eta zeharkako bihurtuko dogu, aditzari -la atzizkia txertatuaz, horretara aditz nagusiagazko lokarri bihurtzen dala: Bihar euria egingo dauela iragarri dau Euskalmet-ek.
Perpaus bien ordena eta joskerea dala-ta, goiko esaldi horretan, mezua -la atzizkidun aditza daroan perpausaz adierazoten dana, aurrean ipini dogu eta perpaus nagusia eta beronen aditza atzean.
Bide batez gogorarazo daigun, mezua zeharka emoteko beste era bat be badala: aditz jokatuari ei hizkia aurrean ipintea. Horretara, mezu hori beste norbaitegandik jasoa edo iturri ziur bakoa dala erakusten dogu, edozelan be hiztunak bere bermea ez deutsala emoten mezu horri. Halan esan geinke: Bihar euria egingo ei dau. (Hori dino behintzat Euskalmet-ek. Sinestu edo ez).
Ordena arlora bihurtuta, bada bigarren ordena bat eta berau da ugariena, tradizinoan eta hiztunen ezpanetan eta inguru hizkuntza guztietan ia orokorra dana. Bigarren ordena honen arabera, aditz eta esaldi nagusia ipinten dogu aurretik eta la atzizkidun aditza eta honen esaldia ostean. Horretara, adierazo gura dan mezu nagusi hori iragarpenaren atzean agertuko da. Aurrean nork dinoan eta atzean zer dinoan: Euskalmet-ek esan dau, bihar euria egingo dauela.
Gure artean auzia izaten da, zein hobetsi, edo noiz bata eta noiz bestea erabili. Konpletibo bidez adierazo gura dogun mezua laburra danean, aurrean ipinteko arrazoiak sendoagoak izaten dira hiztunontzat. Halan erabilten ditugu: Datorrela esaiozu. Joango dala pentsetan dot. Ondo dakiala esango neuke. Analogiaz erabilten dogu ordena hori. Esaten dogun moduan: Nik hori pentsetan dot, ordena bera apliketan dogu dinogunean: Nik holan dala pentsetan dot. Baina aurre posizinoko ordena hau arrazoi pragmatikoek lagundurik erabilten dogu; horreetariko bat da, luzeegia ez izatea.
Baina mendeko konpletiboaz adierazo beharreko mezua edo azalpena konplexua edo luzea danean, edo esaldi konpletibo bat baino gehiago kateaturik dagozanean, erosoagoa, malguagoa eta, beraz, gomendagarriagoa jazoten da atzean ipintea. Halan, esaterako:
Lehendakariak argiro aitzen emon eban, tamalez neurri zorrotzak hartu beharko zirala krisiari aurre egin gura bazan, eta, halan eta guzti be, neurri horreen emaitzak ez zirala behingoan igarriko, bi-hiru urteren buruan baino.
Mendeko konpletiboa aurrean eta aditz nagusia atzean ipinten ditugunean, aditz nagusi honen subjektoa be atzean ipintea da garbiena, eta ez esaldiaren buruan, nahiz hau be zilegi izan. Argitasunaren mesedetan emoten dogu gomendio hau. Ondoko ordenen artean (a) edo (b) gomendatzen ditugu, baina (c) ordenea, zuzena izanda be, ilun eta nahasiagoa gertatzen da:
(a) Bake-prozesua burutu zedin urratsak emoten laguntzera etozala adierazo eben bitartekariek.
(b) Bitartekariek adierazo eben, eurak bake-prozesua burutu zedin urratsak emoten laguntzera etozala.
(c) Bitartekariek, eurak bake-prozesua burutu zedin urratsak emoten laguntzera etozala adierazo eben.
Aditz nagusiaren edo perpaus nagusiaren inguruan dagoanean fokua edo galdegaia, -la atzizkidun mendekoa atzean kokatzea da onena, normala danez. Halan:
(d) Zenbatek daki mundu zabalean, Euskal Herria badala?
(e) Zelan pentsau zeinke, entrenamentu barik partidu bat irabazi leitekela?
(f) Ondo esan dau, ahalegin barik ez dagoala etekin onik.
(g) Arrazoia emoten deutsut, idazle onen bitartez irabaziko dauela euskereak ospe literarioa.
Baina ondorio okerrik ez daigun horretatik atera. Esaldiaren galdegaia edo fokua la mendeko konpletiboan egonda be, horrek ez dau esan gura aditz nagusiaren aurrean ipini behar dogula gura nahi gura ez mendekoa. Arrazoi pragmatikoak, ulergarritasunaz, malgutasunaz eta erraztasunaz zerikusia dabenak egoten dira, batzuetan edo sarritan mendekoa aditz nagusiaren ostean ipintea eskatzen dabenak.
Esaldien arteko ordenea librea da berez eta ezin da arau zorrotzik emon eta ez da komeni be halan egitea, beti ordena bakar bategaz jokatzeko. Idazleen edo hizlarien esku dagoan eskubidea da hori gehienetan, eta honek kontestuagaz zerikusia daben arrazoiak eukiten ditu gehienetan, mendeko konpletiboa, batean aurreko lekuan eta bestean atzeko lekuan ipinteko. Hizkuntzaren erabiltzailearen esku dago hori gehienbat.
Iturriko
2014-03-05