Dakienak dakiEtnografia

Kukuak udabarrian kuku

Posted on

Udabarria datorrenean, neguko hotzak, ekaitzak eta afrontuak igarota; mendi tontorretako edurra urtuta ostean, neguan erdi lotan egon diran zelaiak, zuhaitzak, landareak berbiztu, muskertu, loratu egiten dira, natura jaiobarritu egiten da.

Urte-sasoi honetan, neguak lapurtutako argi-orduak barriro berreskuratuta, eguna gero eta luzeagoa da eta gaua, ostera, gero eta laburragoa. Sasoi honetan eguzkia indarrez joten hasten da eta honegaz batera geu bere indarbarritu egiten gara, holantxe dino behintzat esaera zaharrak: udabarria odol barria.

Baina horreek aparte itxita bada udabarriaren etorreraren beste seinale ageri eta nabari bat: kukuaren kantua. Makinatxu bat esaera eta siniskera dagoz txori honi buruz. Esaeren artean ezagunena beharbada hauxe da:
Kukuak esan ei eban, Andra Mari Martikoz (martiaren 25a) etorri ezean, bere ondrak (hiletak) egiteko.

Honegaz lotuta beste hau bere badago:
Kukuak Andra Mari Martikoz kuku, San Pedroz mutu.

Beste esaera zahar batzuk:
Kukuak kuku Erromako zubian, zortzi egunerako agertuko da Euskal Herrian.
Kukuak bere izena kantaten dau.
Kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan.
Kukua kantatzen euri eta eguzki.
Kukuak zazpi urtean eskolan ibili eta kuku baino besterik ez eban ikasi.

Sineskeren artean euretako batzuk kukuaren urteko lehenengo kantuarekin lotuta dagoz. Lehenengo biderrez kukuaren hotsa entzutean aldean dirua daroanak urte osoan izango dauala esaten da, dirurik eztaukana beti izango da pobre baina.

Bataren batek kukuaren soinua entzun ezkero persona hori biziko dan seinalea izaten ei da, urte horretan ez dala hilko esaten da, horregaitik gaixoak kukua entzukeran esperantza hartzen dau, sasoi txarrak eta negua amaitu direlako. Era berean, urte baten kukuaren hotsa asmaten ez dauana hurrengo urtean ez dala biziko esaten da.