Dakienak dakiHizkuntza

Kontu-kontetan ala buru-nekatzen?

Posted on

Zertan zabilz? Zertan diharduzu? Zertan daragoiozu? Zer egiten zagoz? Halako itaunen aurrean, erantzuna emon orduan, darabilgun jarduereagaz erantzun behar jako. Lehenagoko lanbide edo jarduera bat bada, egurrak txikitzea esaterako, modu bitara erantzun geinke gitxienez. Era laburrean, hitz alkarketa bidez: Egur-txikitzen edo egur-txikietan, erregistroen arabera. Edo era osoan, gramatika-marka guztiak agirian dirala: Egurrak txikitzen. Alkarketa bidezko laburbide hori dogu gogoetagai oraingoan.

Egitura horren bidez izendatu izan ditue gure baserritarrek euren betiko hainbat langintza eta zeregin. Gizonezkoa joango zan landara bedar-ebaten edo andra-gizonak solora indaba-batzen edo patata-batzen, edo andrea joango zan asteroko plazara bendeja-saltzen. Izan be, nekazari gizartean jarduera jakinak izan dira ereitea (patata-, gari- zein baba-ereiten), lurrak emondako jeneroa batzea (gaztaina-, intxaur-, piper-batzen), ebatea (bedar siku batzen), jorratzea (artajorran), saltzea (bendeja-saltzen). Ez ahal ditugu gogoan behinolako arta-zuritzeak, arto-garantzeak eta neska-mutilek lantzean etxe baten iluntzetan egiten ebezanak, orduko gau-bigiretan gure fraile sermoilariei hainbeste buruhauste emoten eutsenak?

Nekazari gizartean egun, erritu edo ohitura seinaladuak izan dira egitura horregaz adierazo diranak. Halangoa zan neguan txarri-hiltea egiten zan eguna. Umeak be ez ziran eskolara joaten egun horretan. Uzta sasoian egun seinaladua zan gari-jotea egiten zan eguna, Mogelen berbaz era zaharrera esanda, galjaiteak.

Egun seinaladuak izan dira bizitzako erritu batzuetakoak. Halangoa izan da, lehenago, neska-mutilak ezkontzeko asmoak hartuta egozanean, euretariko bata bestearen etxera aurkeztu edo joaten zanekoa, etxe-ikustea edo arpegi-ikustea egiten zana. Andra sein egin barrien kontura, egun seinaladua izan da andra-ikustea be: auzoko edo hurreko andrak, emakume sein egin barriari, seingintzatik hamabost egun barruan egin ohi eutsen ikustaldia, opari eta guzti. Emazte erdituen gorabehereaz jarraiturik, eleiz-sartzea edo eleiz-sartzatea deritxona be aitatu behar, gaur usadioz kanpo egonagaitik. Seingintza ostean andrea, sein eta guzti sarritan, eleizara lehenengoz joaten zaneko garbitze-erritua. Bizitzaren zikloari jarraiturik, heriotzeagaz edo, zehatzago esanda, gorpu-emote eta hileta erritugaz loturik dago ogi-hastea esaten jakon ohiturea. Aulesti aldean holan deritxo, hileta osteko lehenengo domekan egiten dan olata-meza osteko otordutxoari.

Herri-jokoetan be ezagunak dira txinga-eroatea, harri-jasotzea edo bizkai erara harri-altzetea, beste askoren artean.

Sarritan jazoten ziran zoritxarreko etxe-aldatzeak be, ugazabari errentea ordaindu ez jakolako edo ugazabak etxe hari beste usu bat emon gura eutsalako. Etxeko tresneria, ohe eta inguru guztiak gurdian ipini eta beste lekuren batera etxe bila joan beharra. Gaur egun be, bankuen mailegu ziriz beteei erantzun ezinda, hamaikatxu familiari gertatu jako etxe-egozte mingarria.

Lantzean behin gizon-hilteak be gertatzen ziran, gaur hedabideetan sarriegi irakurri edo entzuten diran andra-hilteen modukoak; giza-hilteak litzateke genero bientzako esan leitekena.

Jarduera batzuk lehen zein gaurkoak dira: lehen neska-laguntzen egiten bazan erromeria ostean, gaur be antzera, neska- zein mutil-laguntzen, neskatilea ausartagoa izan ezkero. Gure artean egunerokoa da soineko-aldatzea, edota gizonezkoetan eguneroko ardurea da bizar-kentzea, edota komunera goazenean praka-eranzten eta praka-janzten ibili beharra.

Saltzaileak be askotariko jeneroenak izan ohi dira. Batzuk pentzu-saltzen ohi dabiltza, beste batzuk ardao-saltzen, arrain-saltzen edo ogi-saltzen. Lehengo zein gaurko jarduerak dira ur-ekarteak, bide-barritzeak eta holakoak.

Badira aditz batzuk beste batzuk baino sarriago agiri diranak holako konposatuetan. Emon aditzaz eregiak ez dira urrienak: barri-emotea, berba- edo hitz-emotea, kontu-emotea, esker-emotea, laztan-emotea eta soka horretakoak.

Eta amaitzeko, gure itauna. Hitz-alkarketa tipo hau ez ete da lanbide, zeregin edo jarduera barri eta modernoetarako be erabilgarri, artean erabili bako hitz-bikoteen bidez jarduera barrutiko kontzeptu barriak edo modernoak adierazoteko? Terminologia barria sortu orduan, ezin ahal dogu zahar-barritze prozesu bat abian ipini eredu honezaz baliaturik? Beti -pen, -keta, -kuntza, -gintza eta beste eratorkuntza konplexuetara joten ibili barik, ez ete da hainbat kasutan garbiagoa, zuzenagoa eta errazagoa bide-konpontze erakoak erabiltea, derriorrean konponketa bila joaten ibili barik?

Galtze oinarritzat hartuta, ez ahal dira bideragarri kontrol-galtzea, erritmo-galtzea edo diru-galtzea? Edo irabazte abiapuntutzat hartua, merkatu-irabaztea, kuota-irabaztea edo gudu-irabaztea? Edota plan izenetik abiatuta, plan-prestatzea edo plan-bideratzea?

Guk halan deritxagu behintzat, irakurlea.

Iturriko
2015-09-18