Izen bereziak, pertsona-izenak, alkarte-izenak eta abar, batzuetan deigarri eta nabarmenak ikusi edo entzuten dira: ugerda, iren eta halakoak. [UGERDA-UGERDO] [IREN-IRENEO]
Lehenengo berbea: Ugerda.
Uger berbeak, pertsonakaitik darabilgunean, ‘zikin, lohi’ izaera dakarsku gogora. Eta horretatik dator, garbitzen ez dan pertsona bati, zikinak janda dagoanari, ugerdo kalifikatiboa egoztea, eta emakumearen kasuan, sartalde berbetan, ugerda. Uger berbea, izen lez, askoz zabalago dabil euskeran, ugerdo eta ugerda eratorriak baino. Azkenengo biok Mungialde, Urdaibai, Txorierri aldean entzuten dira, baina beste leku askotan ez. Berbaz askoz gehiago, literatura idatzian baino. E. Erkiaga dogu erabiltzaile ezagunetariko bat: “Eskeko agure bat, bizar zikin, ule luze, ugerdo koipatsu bat” (Batetik.Bestera). “Txanpon ugerdo batzukaitik” (Batetik.Bestera).
Kontua da ze, gaur egungo emakumeen ‘enpoderatze’ edo ‘ahalduntze’ horren zurrunbiloan ugaritu dirala, talde, alkarte eta emakume-batza batzuei izena emoteko, kafranga, ugerda eta halako izen baragarri antzekoak. Ugerda dala-ta, esan daigun kalifikatibo horixe dala andrazko bati egotzi leion berbarik ezain lotsagarriena. Txarri makera, urdanga, bastanga, lotsabaga eta beste horretarikoak baino are gordin eta zorrotzagoa.
Bigarren berbea: Iren.
Izen hori ipini deutsie, hurrean, bataio-izentzat antxina ez dala mutiltxo jaiobarri bati, iren berbea ‘kapaua’ esateko erabilten bada be.
Baina sustrairen bat baeukan Iren izen-ipinte horrek historian atzera jo ezkero. Ez da izen ezaguna, baina gauza jakina da, Sabino Aranak bere Deun-ixendegi eukotarra-n (1910) Iren izena zerrendatu eta proposatu ebala, Ireneo klasikoaren euskal ordain modura.
Baina horrelako izen bitxiakaz ardura handia hartu behar da ipini baino lehen. Zein gizartetan ezarten jakon ume bati izen hori, berez zuzena izanda be, baragarri eta nabarmen jazo leiteke. Badira Muskilda izeneko neskatilak be, baina sartalde-berbeta honetan muskila eta muskildu deigarri gertatzen dira.
Iren izena sein jaiobarriari ezarri deutsien gurasoak ez dira ohartu, antza danez, irena eta irendu abere arren gorabeheran erabilten dirala. Halan, berbarako, Gabonak hurrean ditugunez, baten batek euki lei gogoa, lehenagoko usuan, ‘kapoi’ bat erosteko gabon-afarirako. ‘Kapoi’ mailegu izena danez, euskeraz egingo badau eskaria, eskatu bei: oilar iren bat.
Iren adjektiboaren aditza, osorik dagoan arra kapatzeko ekintza, irendu da, adjektibo modura, be erabilia; gazt. ‘castrado’. Jaime Kerexetaren Egunoroko Meza aspaldikotik hartua da pasarte hau: “Etiopiar gizon iren bat aurkitu eban” (Emeza).
Zekor bat irentzen danean, idi bihurtzen da. Idiak zekor edo zezen irenduak dira; buztarrirako edo idi-probetarako egokiak.
Mogelek Peru Abarka obran aketiren berbea be badar. Aketirena, aker irena da,gazt. ‘macho cabrío castrado’. Haren haragia dala-ta dino: “Okelatzat ipini jaku aketirenaren aragi gazitua” (PAb).
Adolfo Arejita