Aditz jokatua -nean atzizkiaz darabilgunean, denporazko mende-egitura bat adierazoten dogu ia beti, gaztelaniaz ‘cuando’ aurre-markaz adierazoten doguzanen pare-parekoa.
Baina joko trinkoa gaur indarrean daben aditzetan, joan edo etorri esaterako, noiz eta zelan jokatzen dogu mendeko aditz hori? Goazenenean adizki trinkoaz ala Joaten garanean, aditz joko konposatuaz? Gatozanean ala etorten garanean? Eta batera esan edo bestera esan, bardin ete da? Gauza bera esaten ete gagoz? Baliokide garbiak al dira bata eta bestea?
Irratiz entzun dogun esaldiak honako zerbait inoan: “Farmaziara joaten garanean, farmazeutikoak jakin behar dau zein farmako behar dogun daukagun arazoarentzat”. Ingurune horretan, joaten garanean baino labur eta errazago hobeto, gure eretxian: farmaziara goazenean. Berez bietara zuzen, baina zehaztasun argiagoz bigarren erara esanda. Eta orohar, beti emon ohi dogun aholkua: adizki trinkoa erabili ahal danean, erabili daigun ahal dan guztian, adizki trinkoari emon deiogun lehentasuna, bestela galduko dogu betiko.
Natorrenean edo noanean dinogunean, hiru aspektu diferente markatu geinkez denpora menperakuntzako adizki trinkoaren bidez. Hara zeintzuk:
-Aspektu puntuala, momentuko ekintza. Halan: farmaziara zoazenean, ailegetan zaranean dei egidazu bertatik. Hau da: joaten zaranean.
-Aspektu habituala, ohiko edo sarritako joatea. Halan: Farmaziara noanean, ederto baten erantzuten deuste bertako beharginek. Hau da: joaten nazanean, behin eta barriro.
-Etorkizuneko, geroko aspektua. Halan: Farmaziatik zatozenean, deitu eidazu segiduan. Gaztelaniaz subjuntiboa darabilgunekoa: ‘cuando vengas’. Oraindino etorteko zagoz.
Adolfo Arejita