0. Aurkezpena
Aditz prozesu bat behin eta barriro gertatzen dala, habituala, ohikoa edo ekanduzkoa dala adierazoteko baliabide bat baino gehiago ditu euskereak, batez be aditz jokoan edo aditz perifrasiaren inguruan.
Bat ohi modu-hizkia: ohi dabil, egon ohi dira, ez ohi dabil, ez ohi da ikusten.
Beste bat, gaur egun nagusi dana, -ten aditz-atzizkia, -te erako aditzizenaren gainean -n inesibo atzizki zaharraz eregia: ibilten dira, ikusten ditugu, ez da jakiten.
Jakin aditzaren joko trinkoa lagun hartuta be adierazoten da berbeta batzuetan ohikotasun aspektua. Halan: Pazientzia hartzen dakienak irabazten dau gehienetan. Bakotxak berak gura dauena ikusten daki. Ez kasu handirik egin horri, ze guzurra esaten daki. Gure klasiko baten berbakaz on eginda: “badira kristinauen artean bere, (…) fariseo gaistoak langoak, eltxoa iruntsiteko buztantxua kendu bear, ta gero gamelutzarra galanto iruntsiten dakienak” (J. Mateo Zabala).
Joan eta eroan aditz laguntzaile eta aspektu adierazle
Gaurko hiztun, idazle zein irakurleontzat aditz egitura hau ia arrotz bihurtu bada be, badira aditz bi, joan iragangaitza eta eroan iragankorra, euren esangura propiotik aldenduta, beste aditz batzuen laguntzaile bihurtu diranak, eta aditz nagusi diran besteon ekintza-prozesuari sarritasun, maiztasun, ohikotasun edo “habituala” deritxon aspektua eransten deutsenak.
Gaur egun, esan doa edo jan eroien tipoko aditz perifrasiak zaharkitu bihurtu badira be, ez da hainbeste denpora indarrean egon dirana, bai bata eta bai bestea, eta euskal hizkuntzaren ezaugarri garrantzitsu bihurtu dira aditzaren aspektu alderdian, ez bakarrik lehenean, baita be oraintsuan, ez bakarrik tradizino idatzi zahar eta klasikoan –mehatsago modernoan–, baita be ahozko euskeraren oraintsura artean.
Behin banan emongo ditugu laguntzaile bion argibideak.
Gramatikarien artean, J. Mateo Zabala izan genduan goiztarrenetarikoa aditz laguntzaile bion aspektu balioak argitan ipinten. Autore honek aditz-ekintzaren ohikotasuna adierazteko hiru eredu eskaintzen ditu bere gramatikan: aitaturiko aditz-laguntzaile biok eta -ten atzizkidun partizipioa, gaur egunean nagusi dana:
“16. El consuetudinario afirma la costumbre, como en estas: «Neure umeak egin daroa esana, mi hijo suele hacer lo que le mandan. Gurera etorri doa gizon ori, ese hombre suele venir a nuestra casa. Ni argia izaten naz, yo suelo ser claro.” (Verbo regular bascongado).
1. Joan aditz laguntzailea
“Oial ona utxan saldu doa” dinoe Bizkaiko errefrau zahar baten berbak (RS 541). Aditzori gaztelaniaz “se vende, se suele vender” itzuliko genduke. “Urre-gakoaz ate guziak ireki doaz”dinoe Oihenartek Iparraldean apur bat beranduago bildu eta argitaratu zituan atsotitz hareetariko baten hitzek (Prov. 466).
Iparraldeko tradizinoan urriagoa eta guztiz zaharkitua (XVI-XVII. mende bueltakoa) da joan aditzaren jokoa aditz perifrasien laguntzaile gisa erabiltea. Sartaldeko idatzi zaharretan, ostera, ugariagoa. Ezezka emonda agiri da beste errefrau honetan: “Ao itsian eztoa sartu eullia” (RS 123).
Doa adizkiagaz batera, doaz 3gn. pertsona pluralekoa da gehien azaltzen dana laguntzaile gisa: “Adarrak eta ulla urdinak eztoaz etorri egunakaiti” idatzi eban Mikoleta bilbotarrak bere Bizkaiko gramatikatxoan. Edozelan be, ia beti 3. pertsonako adizkiak, eta orainaldikoak.
Aditz nagusia transitiboa izanda be, doa tipoko laguntzailea hartzen dau balio inpertsonala daukanean. Iragangaitza danean, ezinbestean, beti.
Goratxoago aitatu dan moduan, gai hau gramatika baten zehaztasunez deskribatu eban J. Mateo Zabalak beronen erabileraz be argibideak emoten deuskuz. Bere Verbo regular bascongado obran hara zer dinoan:
“la formación de que ahora hablamos es usadísima en Vizcaya con toda clase de verbos, y se hace con el participio de presente o pretérito, aunque más comúnmente con éste en los verbos propios, y con artículos respectivos de los verbos auxiliares eroan en activa, y joan en la mixta” (VRB 23).
Eta idazle berori da bere idatzietan gehien darabilena, eta inork baino adizki diferente gehiagogaz. Beragandik hartuak dira adibideok:
- “entzun dozue zer dan esaminea; noz, nondi ta zelan egin bear dan, ta zelango utsak ta errakuntzak egin doazan onen ganean”.
- “Geienentzat izan doaz pekaturako bideak dantza naastuak, mutil-neskatillak batzan egiten dituezanak, nai plaza agirietan egiten direanak, nai zelai ta ermita bazterretakoak, nai okelu ta zokondoetakoak”.
Nori-dun jokoaz be erabili izan da, urriago baina, eta idazte batzuetan garbi eta garden lekukotua dago, Zabalarenean berariaz:
“Ai, ta zeinbat onetariko etorri joakuz egunean egunean gure belaunetara!”. “Aurrengo aurrengo, bada, dator gorputzagazko bearra, zeineri esan oi joakon ‘serbitzarien lana’, otseiñak eta alogerekoak alangoak egiten dituezalako”.
Ekialdeko bizkaieraren eremuko idazleetan urriago agiri da, eroan aditza laguntzaile lez oparoa dan bitartean. J. Antonio Mogel idazle handiak ondoko pasarte honetan aditz laguntzaile biok darabilz: “Beraz pekatu egin daroe arako neskatilla lotsagaiztoko joan doazanak mutil artera tentau dagiezan gurariaz, edo tentauko ditubela igarririk?” (Krist. Erakuspena). Berorren loba Juan Jose Mogelek be behin edo behin badarabil joan laguntzaileori testuetan. Etxeko Eskolia liburuko pasarte bi: “Eta zelako bearrak egin doaz alako batzarretan?”. “Onetarikoak izan doaz geienez”.
XX. mendeko idazleen artean J. Bautista Eguzkitza, R. M. Azkue eta besteren batzuk aitatu leiz laguntzaile hau darabilenen artean.
R. M. Azkuek, XIX. mende akabuetan, bizkai berbetetan bizirik dagoalakoa ziurtatzen deusku atzera, zeintzuetan izentau barik.
El Euskera izeneko gramatika goiztarrean (1897) argibide laburra dakar beronezaz:
“3º Con el verbo joan o ioan (ir) conjugado: v.g. etorri doa = viene o suele venir; etorri doaz = vienen o suelen venir. (Esta forma sólo se emplea en Bizcaya, como también la transitiva de eroan.)
Azkue berberak, bere euskerazko ikas metodoan, –120 lecciones–, Elizgizonak eta euskerea deritxan eraskinean, honakoa idazten dau: “Erderazko berbaak zerura arinago eldu doazalako?”.
Askoz geroago, bere Morfología-n aitatuko dau barriro puntu hau, bizkaierarena ez eze, behenafarraren ezaugarria be badala baieztatuz:
“4.ª El verbo joan conjugado tiene en este dialecto B y por lo menos tuvo en BN la significación de “soler” cuando se refiere a un verbo intransitivo” (MorfV § 883).
Baina Azkueren frogarik praktikoena bere idatzietan datzana da. Eta adierazgarria da Latsibi elabarria izatea maiztasunik gehienez egitura hau darabilena; hain zuzen be, Mungialdean lekukotua dan narrazino-sorkuntzazko liburua. Adibide bat edo beste emoteko:
“Jauntxoak, orregaitino, zoritxarra baizen iraupentsu ta luzakor izan doaz euren aginpidean”. “Tomas Torrealdea, bere sorbaldan legegizonen soinekoa ikusi ebaneko, zerbait izan nairik Mordoaren inguruan ebilen, urruntxotik lenengotan, urtxoago gero, argi-inguruan eltxo ta sits ta txiribiriak ibili doazan antzera”. “Aukera-eguna urreratzen danean kartagoar urtenenak amabiak bost gitxiagoetan etxealdera joan doaz, otoizka iñok ikusi zedagizan”. “Aukera-egunetan aldungei guztiak gizabidetsu ta txeratsu izan doaz, irribarrekor, «Agur ta kaixio» ezpanetan beera, arnasaz bateratsu, erabiltekoak”. “Idi ta asto ta urde-ordez gizonak eurak egon doaz eria onetan salgei; aukeraldia edo elezinoak dabe azoka onek izena.” (Latsibi).
2. Eroan aditz laguntzailea
Aditza dau sailekoa danean, daroa ereduko laguntzaileaz baliatzen da, da sailekoakaz doa eredukoek beteten daben laguntzaile izaera hornitzeko.
Aditz laguntzaile lez askoz be luzaroago iraun dabe denporan, esan dogunez, daroa tipoko adizkiek, doa tipokoek baino. Eta tradizino idatzian be, hasi testurik zaharrenetatik eta XX. mendean ondo sartu arte askoz erabilera trinkoagoa izan dau, eta idazle gehiagoren aldetik, doa iragangaitzak baino.
Gaur ez da entzuten; galdutzat –edo ia galdutzat– emon daiteke eguneroko berbetatik, testigantza biziren baten barri heltzen ez jakun bitartean. Baina Lea ibarreko, Aulesti aldeko zaharrenek, goialdeko auzoetan bizi izan diranek, badaukie horren entzutea. Gurasoek-eta erabilten ei zituen esaeroien eta halako aditz egiturak. Dana dala, Tomas Gerrikagoitia bollibartarraren Arantza eta larrosa (Auspoa 2000) liburuan ez dogu egitura honen garaunik be idoro.
Arrazoi bat agiri-agiria dago doa eta daroa tipoko adizkiak laguntzaile gisa aldendu izana esplikatzeko. Aditz trinko lez daukien indarraz eta bizitasunaz zeinek-gehiagoa. Hizkuntza barruan lege zabala eta ezaguna da, hitz edo aditz bat, baterako asko erabilia bada, besterako makaldu eta indargetu egiten dala. Antzeko fenomenoa, baina justu kontrakoa gertatu da eutsi aditzagaz: laguntzaile lez orokortu da (esan deutso, ekarri eutsan), baina trinko lez aldendu da, lexikalizatzeak salbu (eleizeari dautsan etxea).
Baina edozelan be, daroa tipoko laguntzailea ezagutzea ezinbestekoa dogu –eta doa tipokoak maila apalagoan– bizkaiera klasikoa, baita oraintsura artekoa be, ezagutu eta ulertu nahi dauenarentzat.
Lekukotasun zaharren artean, errefrauetakoak (RS…) ditugu aitagarrienak:
“Triskan badabil atsoa, auts asko erigi daroa. / ‘Danzando si anda la vieja, mucho polvo levantar suele’” (RS 79). “Seiak danzuana eskaratzean esan daroa ataartean, ‘Lo que oye el niño en el fogar suele decir en el portal’” (RS 238)
Sintaxiari dagokionez, hara zertzelada apur batzuk:
– Aditz perifrasiaren ordena oinarrizkoa /Aditz partizipioa + eroan flex/ bada be, perifrasi horren ordena-aldatzea subertetan da batzuetan. Batez be testurik zaharrenetan, baina baita be, normala danez, ezezkako perpausetan. Halan:
“Tenpora baten baneroean / dama eder bat serbidu” (Lazarraga). “askotan ta sarri nik neroean / rekeridu ta segidu” (Lazarraga).
“Andra urenak etsea lauzatu gino daroa betatu. ‘La mujer de buen recado, la casa suele hinchir hasta el tejado’” (RS 210).
– Aditz partizipio buruaren gainean eregiten da orohar perifrasia, baina badira -ten aspektu burutubakoaren markaz eregitakoak be, noiz edo noizko kontua izan arren. Idatzi zaharretan bada testigantza guztiz ezagun bat, RS bildumakoa (a), baina oraintsuagoan, eta justu bizkaieraren sartalderengo eremuan, barriro agiri da, eta garbiro lekukoturik, J. Mateo Zabalaren idatzietan (b):
(a) “Otsailean urteiten daroaarzak lezerean. ‘En hebrero salir suele el oso de la cueva’” (RS 368).
(b) “damurik geienean eztaroe izaten, egin izan dabeen pekaturik mesede artu dabeenak”. “Eztaroe damurik izaten guraso askok”. “Eztaroagu guk astegunean ifinketako astirik izaten.” (J. Mateo Zabala).
– Aditz laguntzaile honen adizkirik ugarienak daroa / eroian tipokoak badira be, doa iragangaitzak baino askoz ugaritasun eta aniztasun handiagoa eskaintzen dau adizkien aldetik. Halan, nori-dun adizki laguntzaileak sarritxu agiri dira, berariaz Juan A. Mogelen obran; orainean zein iraganean:
“Onen zartadak (…) atera daroedaz zanbro gogorrak” (Ipuinak). “Artu beratasun edo umildade andiaz emon daroekuzan atsakabe ta injuriak” (Kris. Erakuspena).
“Baserritar bati basaurdeak / egin eroakozan soloan / kalte asko gari eta artoan” (Ipuinak).
– Iraganeko adizkien agerrera, doa tipokoetan baino askoz aberatsagoa da:
“Bake egunetan atera eroazan maisuak mutiltxu ikaslak” (Peru Abarka). “Andra ezkonduak estaldu eroezan buruak” (Peru Abarka). “Davidek busti eroan bere oia negar malkoz” (Konfesino ona).
– Ezezkako perpausetan be sarri agiri da testuetan. Gehienetan, normala danez, atzekoz aurrerako ordenaz; laguntzailea aurretik dala (a), baina ordena neutroaz be bardin (b):
(a) “eztaroazuez tresna zar guztiak garbitu, eta sorki zantar ginokoak zuritu?” (J. Mateo Zabala).
(b) “azkenik damutasun onik izan eztaroe, diruak korrian onenbeste denporako emoten dituezan askok” (J. Mateo Zabala).
Orokorrean bada, idazle klasikoen artean Juan A. Mogel dogu daroa tipoko laguntzaileen paradisua; bera dogu oparoena eta emonkorrena, bai ugaritasunez, bai adizkien bariedadez, bai sintaxi aberastasunez.
Gaur egun erabilgarri diran ala ez? Euskera jasoan baietz esango neuke. Eta ez daigun ahaztu Meñakako herrian (Mungialdea) nire irakasle lagun batek –Jesus Mari Agirre Berezibar– behinola aitatu eustan lekukotasunak, egitura zaharkitua bai, baina oraindino gorpu ez dagoan testigantza dala: Halan esan doa.
Iturriko
2019-03-22