Modan jarri dan formulea da, eta asko erratzeko bildur barik esango neuke estilo-liburu batzuetan daukala oinarria, horiek erakusle pluralagaz markatzea, edo singularra izateko kasuan hori dalakoagaz, bokatibo funtzinoko izen sintagma bat. Modan jarri, eta arrakasta dezentea irabazi dauena, batez be administrazino mailan, baina gramatikearen sasiko oinarrietan datzana.
Sekula ez dogu, dakidala, euskaldunok esan: Aurrera *mutilOK, ezpada: Aurrera mutilAK, aupada, animo edo adore-emote formula gisa erabili izan danean. Areto edo ikasgela baten ikasle diran neska-mutil guztiak atzean jesarrita badagoz, eta irakasleak aurrealdera etorteko erregua egin gura badeutse, neskatilei batetik eta mutilei bestetik dei egin nahi badeutse, dinotse: Etorri aurrera, neskAK, eta zuek be bai, mutilAK! Baina, nire akorduan behintzat, ez dogu entzungo esaten: Etorri aurrera *neskOK, eta zuek be bai, *mutilOK.
Eta bokatibo funtzinoa da, azken baten, gutun hasieretan daukagun izen edo izen-egitura hori; nori edo nortzuei zuzendua dan gutuna agiriratzen dauena.
Gizonezko bati zuzentzen gaiakozanean, ipini ohi dogu: Agur, jauna, eta bat baino gehiago badira: Agur, jaunak. Iparraldeko harrera-kantu ezagunean legetxe: Agur, jaunak, jaunak agur, agur t’erdi.
Emakume bati zuzentzen bagaiakoz: Agur, andrea. Joanes Leizarraga, Testamentu Barriaren lehenengo euskerazko itzultzaileak, bere babesle nagusi zan Joana Albretekoari eskainiriko sarrera-gutunean, honelantxe zuzentzen jako: “ANDREA, zeren ni zure ezagun gabea bezala naizelarik, Testamentu berriaren heuskarazko translatione hunen zure Maiestateari dedikatzera ausartu izan naizen, merezi onez arintasunez akusa ahal neinde, baldin neure ausartgoa hunez zerbait eskusa bereren eman ezpaneza”. Bat baino gehiago izan balira gutuna zuzendu jaken emakumeak, idatziko eukean: AndreAK, edo Agur, andreAK.
Bokatibo-sintagmetan izenari -ok atzizkia pluralez, edota -ori singularrez, ipinteko izurri-joera hori XX. mendeko kontua da. Susmoa daukat eleiz sermoietan sartu zala lehenengo joera hori, eta gero gizarte zibilera, politika mitinen bidez, eta akaburengo administrazino arlora ailegau dala.
Bokatiboan atzizki hurbila onartzen dauen funtzino bakarra predikatu-sintagmarena da. Baten bat entzuten badogu aurrean daukan lagunari esaten: Laztanori!: «Zu neure laztana zara!» esaten ari da. Edo: Lotsabakook! esaten entzuten badogu aurrean dagozan mutiko gaizto batzuei,: «Zuek lotsabakoak, edo lotsabako garbiak zarie!» esaten ari da.
Baina bestelako funtzinoa da: Agur, jauna!, Agur, andrea! darabilgunekoa. Dei egiten dihardugu aurrean daukagun gizonezko edo emakumeari, ez ze kualidade egozten deutsagun aurreko horri.
Normaltzat al daukazue, lehendakariari zuzendutako mezu edo gutun baten buruan sarrera gisa idaztea: Lehendakari hori, edo Lehendakari jaun hori, agur? Normalena, betirik usu izan dana, bestelako hau genduke: Lehendakari jaunA, agur. Artikulu neutro soila erantsita. Eta emakume bat euki daigunean kargu horretan: Lehendakari andreA, agur.
Talde edo multzo bati zuzendua danean agurra, mezua edo alokuzinoa, -ak atzizkiaz markatuko dogu ezelango duda barik. Agur, lankideAK. Ondo etorri, lagunAK. Ondo ibili, adiskideAK. Agur, bazkideAK. Aupada bat guztioi, batzarkideAK. Harpidedun estimatuA, agur. Txalo bero bat, lagunAK. Eta holantxe beste edozein giza-izenegaz.
Halanda ze, goiko puntura bihurtuta, betiko agurra emon deiogun hasierako formula sasiko horri: Jaun-andre agurgarri *horiek dalakoari, eta garbi eta soil ipini daigun: Jaun-andre agurgarriAK.
Adolfo Arejita