Bazkaria
Eguerdiko jatordua izateaz aparte, eguneko inportanteena be bada bazkaria. Herrietako baserri nahiz urietako pisuetan, aste barruan egositako lekariak patata eta txarrikiakaz nahastean edo, beste berba bategaz esanda, lapikokoa jatea izan da ohiturea hainbat eta hainbat urtean. Herrietako informanteek ondo baino hobeto daukie gogoan orain lau, bost edo sei hamarkada ez egoala egunotan daukagun bariedaderik jatekoetan eta, halanda be, inor be ez zala kejetan. Indabak jaten ziran batez be eta, horreen barruan, indaba baltza edo tolosanea. Gernikan astelehenetako azokan saltzen ziran indabak, esaterako, hain ezagunak ziran non jentea Gipuzkoatik be joaten zan erosten. Txarrikiak, ostean, urtean-urtean Gabon inguruan hilten zan txarritik ataraten ziran: urdaia, saiheskiak, txorizoak, mortzilla edo buzkantzak izaten ziran normalean.
Lehenagoko sasoian, baina, ez egoan gaurko lapiko express ez antzekorik be; halan, lapikoa goizetik ipinten eben egosten etxeko andreek txapa ganean edo beheko suaren bazter baten eta han egoten zan goiz osoan irakiten. Behin eginda, lapikokoa dana batera zein zatika ataraten zan mahaira, esan gura da, lehenengo indaba-saldea, gero indabea bera patatakaz eta azkenik indabeagaz egositako txarrikiak edo dana nahastean.
Kostaldeko herrietan, bestalde, barrukoetan baino arrain gehiago jaten izan da, normala dan legez. Halan, urte sasoiaren arabera beti be, makailaoagaz batera besigua, txitxarroa, sardinak edo lebatza ez ziran faltetan.
Antxina postrea jateko ohiturea be ez egoan oin baizen zabaldua. Ezer jatekotan, egun berezia ez bazan, etxeko frutea (sagarrak, madariak, intxurrak, gaztainak) jaten zan normalean.
Afaria
Afaria eguneko azkenengo jatordua da eta normalean etxeko behar guztiak, kortakoak, esaterako, amaitu ostean egiten zan, ilundean. Afalorduan etxeko guztiak batzen ziran normalean mahaiaren inguruan, azken urteotan bakotxaren eginbeharrak dirala eta hori aldatu bada be. Bazkaria baino jatordu arinagoa da afaria. Jatordu horretako jateko ohikoenak porrusaldea (txarri-saiheski edo makailao zati bategaz batera), arrain zati bategaz saltsa berdetan eginiko patatak eta berakatz-zopea izan dira. Ganean, arrautzen bat, tortillea edo arrain zatiren bat eta postre legez gaztai zati bat, frutea edo esne katilukadea hartzen ziran.