Jabier Kalzakorta (Markina, 1961) euskaltzain oso aukeratu dabe gaur, uztailaren 19an, Euskaltzaindiko batzar osoan. Jose Luis Lizundia emeritu egin orduan geratutako hutsunea beteko dau Jabierrek.
Lehenago be parte hartu izan dau Kalzakortak Euskaltzaindian, euskaltzain urgazlea da eta Herri Literatura Batzordeko kidea.
Jabier Kalzakorta euskal hizkuntza eta literaturako aiturik handienetakoa dogu gure artean gaur egun, eta herri literaturan puntarengoa. Deustuko Unibersidadean emoten ditu eskolak, baina ikerketan murgilduta bizi da. Lanetako asko Labayru Ikastegian argitaratu ditu, gaztetatik daukalako lotura estua gure erakundeagaz.
Ikerketa-arloak herri literaturagaz lotutakoak ditu: euskal baladak, euskal eta europar paremiologia, ipuin eta narrazino laburrak, Euskal Herrikoak zein Europako eta Amerikako beste herrialde batzuetakoak.
Hainbat argitalpen egin ditu, dala edizino kritikoak, dala argitaratubako eskuidatzien inguruko materialez, dala han-hor-hemen erdi galduta dagozan paper eta antzekoak errekuperatzen.
Artikuluetan kantu, kopla, ipuin eta abarrak berreskuratzen aparteko ekarpena egin dau, baita testuon idazkera finkatzen be. Herri hizkera ederto menperatzen dau, literatura klasikoaz gainera.
Hainbat aldizkaritan dago erredazino-taldean, literatura eta paremiologia gaietan. Instituto Cervantes erakundeko Refranero Multilinge proiektuko euskal ordezkaria da, euskal paremia ordainen sailaren arduraduna 2000 urtetik aurrera.