Ingelesez “Close your eyes”; gaztelaniaz be antzera “cierra tus ojos”, baina “los ojos” be bai. Euskeraz posesiboaren beharrik ete dago? Zeure begiak ala begiak, huts-hutsik?
Arazoa da nire, zure, gure eta horretariko posesiboak, gaztelaniaz edo beste hizkuntzetan erabilten diran guztian sartu behar izatea euskeraz be.
Gaztelaniaz maiztasun gehiagoz agiri dira zenbait kontestutan posesiboak, euskeraz zertan erabili ez dagoanean be. Joera handiagoagoa dago, euskeraz baino. Horregaitik, batez be itzulpenak egiten diranean, gaztelaniaren kalkoz, larregizko erabilera gertatzen da euskeraz. Hartu daigun, berbarako, aspaldiko kazeta txatal hau:
“Kafe Antzokiak Zazpi Kale Saria jaso dau bere 20. urtemugan. 1995eko abenduaren 15ean zabaldu zituan bere ateak, Bilbo erdian, antxina San Vicente zinema-aretoa izandako lekuan”.
Esaldi bitan agiri da bere posesiboa pasarte horretan. Gaztelaniara itzulita: “en su 20 aniversario” eta “abrió sus puertas”. Euskeraren joera naturala da, ahoz zein idatziz, bere barik jostea sintagma biok: 20. urteurrenean eta ateak zabaldu zituen. Zergaitik? Bere txertatu barik be ingurunean erraz ulertzen da informazinoa, eta hiztun naturalok ez daukagu horrelakoetan bere sartzeko preminarik ikusten.
Aurrean dagoan bati, berba lar egiten badau, esan geinkeo: Itxi ahoa, mesedez, edo isilik eta mutu badago eretxi bat emon behar danean: Idegi ahoa eta esan esan beharrekoa. Ingurune biotan ez dago zeure ahoa espezifikatzeko beharrizanik. Esan barik be adituta dago.
Persona ezagunen artean be, senitartean berbarako, gizona, andrea, alabea, semea, arrebea, anaia, nebea, izekoa, osabea… posesiboen osagarri barik ohi darabilguz, ingurune jakin ezagunak diranean: Emoiozuz goraintziak andreari. Gizona non dozu ba, aspaldion ez dot ikusi eta? Esaiozu anaieari bere deiaren zain nagoala.
Goiko esaldira atzera bihurtuta: Itxi begiak esanda garbiro erakusten dogu zeure begiak, edo pluralez bada, zeuen begiak esan gura dogula. Agindu-emote horretan ez daukagu posesiboaren preminarik.
Adolfo Arejita