Arrantza kontuan aditu handia dogun Ramon Basaldua kazetariari entzuniko esaldia: “Itsasotik harako arraina”. Zer esateko?
Egitura bi erabilten ditugu: -tik hara (egon) eta -tik harakoa (izan), bata adberbio kategorian eta bestea izenlagunarenean.
– Atze-hitz biok eremu semantiko jakin batzuetan erabilten dira batez be, eta hizkera mugatuetan, bizkaieraren sartaldean.
Esparru semantikorik agiriena, elikadurari lotua da: sukaldaritzaren eta janaritzaren arlokoa. Jatekoa berorik mahaira ateraten danean esan ohi da: Surtatik hara (jan behar da jatekoa), edo: Surtatik harakoa (gozoago jaten da). Eta ildo horretan, ogia, arraina edo haragia laban erreten euki ondoren, handik ateratean esan ohi da: Labatik hara, berotan jan behar da arraina. Labatik harako ogia apatz-apatz egoten da.
Harakoa darabilgunean generoa seinaletan da: zer dan, zein gai, genero edo materia berbakizun darabilguna. Janaria dala-ta: Labatik harako ogia. Edo: Errapetik harako esnea.
Bada lokuzino bat: Orratzetik harakoa, balio zuzenaz zein irudizkoaz erabilia dana. Azkuek hiztegian: «Orratzik hara, orratzerik hara (Vc), se dice del vestido recién hecho». Halan esan daiteke: Orratzetik harako jantzia dala, egin barria dan soinekoagaitik. R. M. Azkue bera dogu egitura honen erabiltzaile oparoenetakoa. Bat: «Orratzerik harako soinekoak daroazuz burutik behatzetara, Jainkoaren alabea“ (V-ger) (Azkue). Bi: “Txilindun txupinak, kaltza odolezkoak deritxenak, garriko arrea ta abarka orratzetik harakoak” (Euskalzale 1897). Irudi lez erabiliagoa izan da ziurrik orratztik hara / harako egitura hau. Kirikiñoren lumak, berbarako: “Orratzetik-hara lez garbiro ta txukun jantzita” (Abarrak II).
Berba egite kontuan idatzi eban behinola E. Erkiagak ondoko hau: “Etxeratzean, aita aurrean ebela, itsumustuan agertu eutsan amak Zuriñeri, Kermanen abotik harako erantzun asegarri ta mazala”. (Arranegi).
– Sintaxiari joakonez, zein hitz kategoriaren atzetik erabilten ditugu hara eta harakoa atze-hitzok? Aurreko adibide guztiak izen kategoriakoak dira, -tik edo -rik ablatibo kasuari darraioenak.
Baina aditz partizipioaz be sarri darabilgu, mendeko denpora-perpausa eregiten dala. Eta denpora-erreferentzia beti be barri postposizino lez darabilguneko bardina, gazt. “recien”. Halan: Egin hara: ‘recien hecho’; Erre hara: ‘recien cocido’.
Baina, sukaldaritzaz harago joanda, eremu zabalagoan be idoroko dogu egitura hau: joan hara, etorri hara, ikusi hara…
Tradizino idatzian, ostera, ez dogu aurkitzen beronen lekukotza ugaririk, ez gaurkoan, ez lehenagokoan. Berbaz askoz oihartzun handiagoa dau, idatzizkoan baino.
XX. mendeko gramatikarietan Paulo Zamarripa sondikarra dogu egitura honen barri-emoilerik ziurrenetarikoa. “Errotik harako esnea. ‘Leche recien ordeñada’.” (Zamarripa Manual.Vascófilo 124). “Ez dot gura labatik harako ogirik. Errotik harako esnea emongo jatzu.” (ibid. 124). Bermeoko berbetan erregistratuak dira hurrengo biak: “Orratzetik harako etxea dauka horrek” (Bermeo. Begoña Bilbao). “Antxobak sutatik hara jan behar dira” (ibid.Bermeo).
Eta literaturara bagoaz, hara J. B. Eguzkitzaren hau: “Komunismoa orratzetik harako jantzia, labatik arako opila dala uste dabe” (Gizarte Auzia). Irudi adiutua, ‘barrikuntza, modernotasun, oraintsukotasun’ adierarentzat.
Aditz partizipioari eta juntagailua tartean dala be erabilten da: etorri eta hara, ikusi eta hara… Gaur egungo literatura-lekukotasun bat: “Goitik jeitsi eta hara, gerritik emekiro atxiki eta gizona baizen haizea bera bailitzan, eztiki hasi zitzaidan musuz” (Laura Uruburu Katigatu). – Badau hara atze-hitz honek beste adiera berezi bat, hau be sartalderengo berbetan erabilia: kokagunea, espazioaren eremukoa: atzerik hara, aurrerik hara, albork hara… Txorierri aldean asko entzunak.
Adolfo Arejita