Irratiz alkarrizketaturiko baten ahoan entzundako berbea da igokada. Belarrira gogor jo eustan igokada entzun beharrak, ze ezpanetatik euskera darigunoi ez jaku etxeko egiten. Ez dauka ezetariko tradizinorik, ez idatziz –ez klasikoetan, hain gitxi modernoetan – , ez hiztunen artean. Euskaltzaindiaren Hiztegiak, ez Labayruren hiztegiak ez dakarre halakorik.
Neure artean egin neban: Nondik arraio edo nork hazia ereinda erne ete da igokada bedar txar hori? Eta sareetan idoro ditudan pasarteetatik, ohartu naz Unibersidadeko euskal testu batzuetan sartua dala, berariaz ekonomia arloko kontuetan: prezioak dirala, salmentak dirala, produktuak dirala…
Eta neure buruari egin deutsat: Ez ete daukagu euskerazko geure errepertorioan esangura horrentzat beste berbarik? Eta berehala etorri jataz burura borborka dozena erdi.
Pandemiaren eraginez, kutsatuen, ospitaleratu diranen edo hildakoen zenbatekoak epe jakin baten behetik gora egin dauela esateko, kasuen gorakada, nahastautakoen gorakada, larrialdian diranen gorakada edo, zoritxar larriagoa dana, hildakoen gorakada ez ete genduan egitura adiutuagoa, inon ez diran lekutik igokadak asmetan burua hausi barik?
Eta batean gora, bestean behera egiten baeban zenbateko horrek, ez ete genduan zilegizkoago goraldia edo beheraldia gertatu dala esatea, edota, batean gora egin dauela eta bestean behera egin dauela?
Edozelan be, -kada atzizkiaz baliatzekotan be, gorakada eta beherakada ditugu hitz sustraituak, baina ez *igokada, eta hainbat gitxiago *jaitsikada.
Baina igon eta jatsi (edo bajatu) aditzak ointzat hartu gura bagenduz, ze izen eratorri bideratu leiteke horreetatik? Ezagun-zabalena -era atzizkiaz erakarria: igoera (/ igokera) eta jaitsiera (edo bajakera). Hurrengo, gitxiago erabilia bada be, -aldi bigarren osagaitzat hartuta, erakarri geinkez: igoaldia (/ igonaldia) eta jaitsialdia, kontestu jakin batzuetarako behintzat.
Eta hirugarren aukera bat, orokor neutroena, -te aditzizen atzizkiaz baliaturik, igotea eta jaistea. Hau da: kutsatuen igotea eta heriotzen jaistea, kasu baterako.
Lau haizetara
Adolfo Arejita