Pastorala egingo dabe maiatzaren 2an Ibarrangelun herritarrek, Don Domingo Zuluaga zanaren bizitzaren barri emonaz. Horretarako herriko hainbat eta hainbat lagun dabilz beharrean, batzuk antzestu, beste batzuk dekoraduak eta jantziak prestau, beste batzuk letrak eta kantuak sortu eta atondu Zer ez! Holango lan batek behar handia eskatzen dau.
Don Domingo Zuluaga, Ibarrangeluko semea eta bertako parroko luzaroan izan zana, herriaren alde behar handia egindakoa da, baina haren ostekoek ez dauke ahaztuteko.
Joan dan urtean, 2014an, urte osoan kultur programa zabala egin eben haren omenez. Izan be, herrian txistua joten irakatsi, dantza-taldea sortu, herriko berbeta eta kantuak batu hainbat arloan aitzindaria izan zan.
Gasteizko Seminarioan ikasle zala, Manuel Lekuonak herri literatura estimetan erakutsi eta batzen animatu ebanetik, ez eutsan egiteko horreri egundo itxi, ia ehun urtegaz hil bazan be.
Haren lanak herriak eta Labayru Ikastegiak atondu eta argitaratu ebezan, Ibarrangelu kantu eta kontu izeneko liburuan 2009an.