Hiztegiek sarrera modura dakarrena txutxu aldaerea da, eta normalean ez dira agiri ez xuxuan, ez susuan, berbaz guztiz ezagunak izan arren.
Azkuek txutxu itxurapekoa bultzatu eban, gaztelaniazko ordain eta guzti: «Ansia. Solorako txutxua dauke, tienen ansia de ir al campo» (Dicc.).
Baina susuan (xuxuan) aldaerea da sartaldeko berbeta batzuetan (Mungialdean, Txorierri aldean) gehiago entzuten dana. Behinolako Agur aldizkaritik harturiko esaldi bat: “Beste alde batetik langilledia dakusgu bide barrien alde jokatzen, sozialismo bidean, bardintasun jokabide baten xuxuan, kontzientzia barri bat lortu naiez” (Agur 1972-03-29).
Susuan eta txutxua biak erabilten dira, baina esangura apur bat bereziakaz. Mutilen susuan neskatilak edo nesken susuan mutilak ibiltea adierazoteko batetik. Eta zeozeren txutxua euki, ‘irrika, gurari bizi’ esangureaz bestetik.
Berba baten: zeozeren txutxuan, edo susuan, edo xuxuan dinogunean, gauza bera esaten gagoz, aldaerak gorabehera. Baina ikasi edo buruan gorde beharreko berbea: geure-geurea izateaz ostean, indar eta adierazkortasun handikoa dalako.
Adolfo Arejita