Joko trinkoaz tradizinoan ezagutzen diran eta batez be hondino bizirik daben aditzetan zein bidetatik jo: adizki trinkoari eutsi ala aditz guztien egitura konposatura, perifrastikora jo era automatikoz.
Didaktika arazoa datza batetik: zein dan errezago eta praktikoago. Eta estilo onari edo duinenari zein jagokon hobeto, bestetik. Hautu honetan ez gara neutroak. Ezin ukatu adizki trinkoak erabiltearen alde sentiberak garala, nahiz eta jakin ikasle barriei zailtasun gehigarri bat eransten jakela. Azken baten, izan be, ‘irregulartasuna, berezitasuna’ lehenestea da, aditz joko konposatuaren, perifrastikoaren, ‘erregularraren’ aurrean: gaur egun, osagai biko aditz jokoarena.
Zein onura edo mesede dabe alde adizki trinkoek? Laburtasuna, batetik. Tradizinoaren sustraiei sendoago eustea, bestetik. Hirugarren bat be gehituko neuskie aurreko biei: euskera berbaz eta literatura bidez transmitidu deuskuenek aditz trinkoen erabilerari aldian-aldian erakutsi deutsien eranspena, eta hainbat idazleren kasuan, miresmena.
Goiko esaldira bihurturik, aditzaren aspektua deritxonaren aldetik dogu adizki trinkoaren aldeko errazoi pisutsuena: “Horrek zer dakarren argi dago” genduke era zuzen eta garbiena, baldin behin edo momentu horretan ekartea bada adierazo gura dan prozesua.
Goiko esaldian agiri dan eran esaten badogu: “Horrek zer ekartzen duen edo ekarten dauen”, gramatikaz artez eta zuzen esanda dago, BAINA, ekarri aditzaren adizki trinkoa darabilgunontzat behintzat, aspektu diferentea gordeten dau ekarten dau egitura horrek: sarritan, ohiz, behin baino sarriago edo behin eta barriro ekartea aditzen emoteko ohi darabilgu, aspektu habitual edo frekuentatiboa deritxona aditzen emoteko, ta ez behingo edo momentuko ekartearen adierazgarrirako.
Ekarri aditzagazko beste adibide bat. Ikusten badot kafetegian gagozan biokana ezagun eta lagun dogun Peru gugana hurreratzen, esan neio berbalagun dodanari: “Hara! Ahor dator Peru!”. Peru etorten dago, gugananzko etorrian. Baina, segiduan gehitu neio solaskide horri: “Hona etorten da Peru (kafea hartzen)”. Eta esaten diharduguna da: ohiz, sarriro kafetegi honetara etorteko ekandua dauela Peru horrek.
Ibili aditzagaz beste hainbeste jazoten da. Maritxu lagunari, bidez aurrez aur datorrela parean gurutzatzean, beraren bizimoduaren barri itaundu nahi badeutsat, ez deutsat itaun egingo, nonbaiten be, esanez: “Zelan *ibilten zara?”. Eta bai agudo, ostera: “Zelan zabilz, Maritxu?” edo “Ondo gabilz, Maritxu, aspaldiko?”.
Esan aditzak jokoan erro diferentea darabil joko trinkoan: “Zer dino maisuak?” eta “Zer esaten dau maisuak?” ez dira gauza bera. Dino: momentuko esatea. Esaten dau: esate errepikatua.
Baina itaun bera egin nahi badot egin aditzaz, Bitor Olaeta gernikarrak behinola neuri Bilboko kalean topauta egin eustan eran, esan nei: “Zer egiten da, ba!”. Izan be, egin aditzak aspaldi zaharretik galdua dau bere joko trinkoa. Eta ez dogu esaten gaur egun behintzat: Nik hau dagit(?) edo Zuk zeozer dagizu(?) edo Okinak ogi apatzak dagiz(?).
Baina baditugu aditz batzuk, enzun, ikusi eta ezagutu batez be, sartaldeko hiztunon artean azken mende biotan, edo guztiz galdu edo erdi galdu dabenak joko trinkoa. Horrelakoetan idazle eta esatarien aukeran itxi lei, adizki trinkoak erabili edo ez. Edozelan be hiztun edo irakurleek, eta eskolatuak badira arazo barik, erraz ulertu leikiezan adizkiak.
Entzun aditzaz gaur esaten dogu: “Egizu berba altuago. Ez zaitut ondo entzuten”. Baina aditz joko zaharragoan: “Ez zantzudaz ondo”. Eta oraindino be guztiz galdu ez dan aginteera adizkiak: Bentzu berorrek, jauna! (Gerea).
Ikusi aditzagaz gaur esaten dogu: “Hor aurrean ikusten ditut zuen seme-alabak”. Baina lehenago esaten zan: “Hor dakustaz seme-alabak”. Busari itxaroten gizon bati ez hain aspaldi Atxurin entzuna: “Hor dakustaz andrea eta alabea etorten” (Xabier Kintana).
Ezagutu aditzaz gaur esango genduke: “Ondo ezagutzen dot Josepa”. Baina lehenago esaten zan: “Ondo dazaut Josepa”, “Badazaut Josepa” edo “Ez dazaut Josepa arpegiz”. Goiko esaldira bihurturik, duda handi barik hobetsiko genduke esatea: “Argi dago honek zer dakarrren”.
Adolfo Arejita