Hazitako, edo hazitarako, ortuari eta solorako hazia, lehenago gaur baino gehiago, urte batekoa besterako gorde izan da, sarri eskegita eta leku sikuan, eta berariaz ‘hazi ona’ bazan.
Pertsonakaitik be, batez be zaharrakaitik, sarri esaten dira honangoak: Hazitarako hemen ez gara betiko izango. Hazitarako hemen ez da inor geratuko. Inor ‘ez garala hemen hilezkorrak’ aditzen emoteko, harako esakune ezaguna dakar Labayru Hiztegiak: “no quedar para simiente de rábanos, no ser inmortal». “Zer uste dozu ba, hazitarako geratuko zarala, ala?: ¿Acaso te crees inmortal?”. Geu be sarri entzunak gara horretarikoak. Durangoaldean, Oromiñon (Iurreta) Kristina Mardarasek baturiko esaldia: “Bai. Hemen haziterako ez gara inor geratuko”.
Berbeta batzuetan lotu aditzagaz: hazitarako lotu (Jatabe. Maribi Egia). “Hazitarako ez gara lotuko hemen” (Sopela. Agurtzane Iturregi).
Beste batzuetan parau aditzagaz: “Hemen ez gozak inor hazitarako parauko” (Orozko. Itziar Rotaetxe).
Jaio aditzagaz Zeberion: “Binke. Baina hazitarako ez dok/dona inor jaio hemeko munduan” (Juan Manuel Etxebarria).
Gipuzkoako Aian jasoa da hurrengo hau, neskatila polit bategaitik esana: “Hazitarako gordetzea balego!” (Nagore Etxebarria).
Zeberioko berbetatik bialdu deusku Juan Manuel Etxebarria ikertzaileak, personak dirala-ta esaten dan irudi kalifikatibo bitxi hau: hazitarako modukoa. Hara zer dinoan: “HAZITARAKO dala-eta, Zeberion be erabilten dogu. Persona bat ona danean hauxe esaten dogu “Urlia HAZITARAKO modukoa da». Hau da, betiko biziteko modukoa. Labrantzan be hazi onena gordetan da aurrerantzean erein eta koxitza ona lortzeko”. Literatura zein kazetaritza hizkeran erabilteko be alagalako irudi-egitura: hazitarako modukoa.
Animaliak dirala-ta be, berariaz arraza oneko ar gazteen kasuan, okelatarako sakrifikau ordez, aurrerako ixten danean, erabili ohi dan esamodua: Moxal hau hazitarako. Bergaran Martin Elexpuruk jasoa da hurrengoa: “Hiru moxal dauzkagu, bi okelatarako eta bat hazitarako” (Bergara).
Beste arlo batzuetan be bai. Labayru Hiztegiak, euskerazko hazitarako honen gaztelaniazko kideko ordaina be jaso dau: “Zertarako gorde behar dozu jake barria, hazitarako?: ¿Para qué guardas la chaqueta nueva, para simiente de rábanos? (bizk).
Adolfo Arejita