Gaur bakan eta mehatz entzuten da, norbait hordia dala edota hordirik dagoala. Baina hondino zahar askoren gomutan bizi dan berbea da, mozkortia dan persona bati edo mozkortuta dagoanari esateko. Galzorian dagozan berba askogaz jazoten dan antzera, edadeko jenteari entzuten jakoz lantzean behin, baina jente gazteak, eta ez hain gazteak, zer esan gura daben be ez daki.
Badauka, horraitino, bere balioa eta meritua hordi berbeak; euskerea egiten dan eremu osoan erabili izan dala gitxi edo asko. Baita ahultasun bat be: alderdi guzti-guztietan doala atzeraka, beronen lekuan mozkor edo mozkorti nagusitzen doazala.
Non entzuten diran hordia eta hordirik hondino? Urrunago joan barik, Bermeon. Horko ama batek esan eutsan hondino antxina ez dala, domeka goizaldean etxera berandu baten agertu zan alabeari, arpegia irribarrez eta alegretxu ikusi ebanean: Ze, alabatxi? Gaur be hordirik zatoz?
Txorierriko herrietan (Sondikan), Nerbioi ibarreko herrietan (Zollon edo Zaratamon), lar edanda, katututa dagoanari, gizonezkoa zein andrazkoa izan, hordia esaten deutsie.
Mungian honetara kantetan eutsan ama batek kuman loak hartu ezinik egoan seintxuari, kumea zibi-zabuan erabilen bitartean: Gure umea negarrez dago. / Ama, emoizu titia. / Aita hordia tabernan dago, / pikaro jokolaria.
Mozkortu edo mozkorra hartu esateko lehenago horditu esaten zan. Edaririk inoiz hartu ez dauenak ardura barik esan lei: Ni ez naz sekula horditu. Frai Bartolome sermoilari etxebarritarrak idatzita itxi eban: Horditutea bake txar gina dala.
Mogelek bere Peru Abarkan kontetan dau, Peru eta Maixu Juan ostatuan kopau bat jaten egozala, gizon bat entzun ebela bertsotan, eta itandu eutsala barberuak Peruri: Nungoa da agure hordi kantore hori? Eta behin ezagutu eta gero, honetara epaituko dau: Badakit orain nor dan agure kantore hau. Da ordi puxiga, etxe guztia ondatu dauena. Baina horditurik egonda be, bertsotan ederto dakiala ikusirik, eta berak ezin, eretxi honegaz amaitzen dau: Ordi sats eginak bere ateraten jitubek bertsoak. Izan be, mozkor-mozkor egoteari hordi-sats eginda esaten deutso Markinako idazle handiak.
Frai Bartolome sermoilari zaharragaz esango dogu: Beti lehenian: hordia hordi, jokolaria jokolari, alperra alper.