Pozik egon esatea, alegre edo alegere egon baino euskaldunagoa dala usteko dau batek baino gehiagok. Egia da, erderaz zabal dabilen berbea dala, baina ezin ukatu euskeraz be bide luzea eginak dirala alegere, alegeratu, alegeretasuna, alegrantzia eta ildo horretako beste gehiago, sustrai zaharrekoak eta ugariak dirala euskaldunon artean be.
Beste jatorri batekoa da alai berbea. Gaur egun alai egon, alaitasuna, alaitu zabal dabilz gure artean, batez be XX. mendeko garbizale haizeen indarrez orioa lez zabaldu ziranetik, alegre eta holakoai bidea zarratzeko. Alai berbea mundu zabaleko euskal frontoien izenetik egin da batez be ezagun. Nork ez ditu ezagutzen Ameriketan, Filipinetan eta beste hainbat uri nagusitan diran Jai Alai izeneko pelotalekuak? Gure zestalariek hainbat joko eta kirol ahalegin egin dabezan frontoiok?
Gaur egun, alegere edo alegre erderatikoak dirala-ta, alai entzuten da hareen ordez sarri. Baina denporan atzera joten badogu, alegere eta alegeratu irakurriko dogu beti, eta gaur egun be jente euskalduna berbetan dantzugunean, alegre, alegretxu, alegrantzia eta horretarikoak entzungo doguz horreen ahotik.
Gabon gaueko afari ugari gozoa honetara kantetan eban Barrutia Mondragoeko eskribauak: Liau lau bere, liau lau bere, gabaren alegerea! / Liau lau bere, gauza ona dok buzkantz ondo betea. / Liau lau bere, ementxe datoz amar libra okela. / Liau lau bere, birao gura eztala ene sabela.
Gauaren alegerea! Bardin esaten da: Jo zortziko alegerea edo arpegi alegerea euki edo udabarri alegerea. Oatiko San Juanetako herri-bertso baten berbak dira ondokoak: San Juan, San Juan berde,/ badator berriz ere,/ baita San Pedruak ere,/ pobre ta alegere.
Behar dan baino gehitxoago edanda txolindu edo katututen dana be, alegere edo alegretxu ikusten da, bai arpegiz, bai berbaz. Lehen be batzuk autortu egiten eben edanak kalte egin eutsela: Berotutxe nintzan, alegeratuxe ginan, behar baino gehiago edan nuan. Beste batzuk ukatu, ostera, ezegaitik be autortu gura ez, begien bistakoa izanda be: ondotxu edan eta alegretxu ifini bai, baina horditu inoz bere ez, inoan horreetariko batek.
Gogoa triste dagoanean, ardao bitsdunak mesede egin leio bati bihotza alegretako. Edo musika melodikoak, edo bazkari on batek, edo lagunarte atsegin batek alegrau leio barrua, jausita, goibel edo gogo hilaz dagoan bati.
Amodio galdua honetara kantetan eban Lazarraga poeta arabarrak: Neuregaz neben libertadea / eroan zidan berekin. / Ni aren minez ilteninzan da / a beti alegererik. Amodioan galtzaile dana triste eta irabazle urteten dauena alegerarik.
Persona batzuk be alegreak izaten dira, biziak, poz-irribarrea arpegian darienak. Kantu eta dantza mota batzuk be alegreak izaten dira, ez ilun eta itunak. Jente gaiztoagaitik dino gure idazle zahar batek, guzurrez eta azalez dira alegreak, eta egiaz tristeak, eta jente onagaitik dino, ostera: egiaz dira alegreak, pozak, eta guzurrez tristeak.
Gaur alegrau edo alegratu esaten dana, behinola alegeratu esaten zan. Amodio eske dagoan amorantearen penak honelan kantetan zituan Arabako poeta gazteak: Katea gehiagogaz ez ni lotu, / neure bihotzau libre ifindazu; / bihurtu libertadea egidazu, / alegeratu dedin ene gogoa. Asko alegretan naz zu hemen ikustea, esango genduke gaur.
Alegrantzia, umore ona adierazoteko esaten da batzuetan: Alegrantzian igaro genduan eztegu bazkaria. Baina alegrantzia, poztasuna da berez: Itzelezko alegrantzia emon deust zu etorteak. Tamalez, erdera usaina hartu deutsagulako, gitxiegi erabilten dogu berba eder hau, batez be idatziz. Baina Iparraldeko tradizinoan guztiz ugari erabili izan da beti. Guk baino bildur gitxiago euki dabe, zorionez, inguruko hizkuntzetako berbak nahastau edo kutsatu gaiezan.
Durangoko zilarginen kantua ez ahal dot lorrinduko nire ahots kaxkarragaz:
Ez diamante, ez perla, ta ez urregorririk. Alegrantzia baino ez dago hoberik.