Karu eta merke berbak, biak datoz erderatik. Karu esateko, garesti esaten da bizkaieraz kanpoko eremurik gehienetan, eta kario be bai Iparraldean. Baina merke guztiok erabilten dogu bardin.
Karu berbeagaz ez gara gaur luzatuko; hurrengo baterako itxiko dogu eta merke berbeari oratuko deutsagu.
Dana dala, merke eta karu, alkarren kontrakoak izanda, era batera erabilten ditugu sarri esaera batzuetan. Gaztelaniaz be bada esaerea: lo barato sale caro. Nafar esaera zahar batek dinoan lez: Merkeak garestia berekin du. Edo Bizkai-Gipuzkoa aldean entzuten dan beste hau: Bergarako narrua, merkea dalakoan karua.
Saleroste eta tratu kontuan darabilguz berba biok sarri. Negozio ona egiteko, merke erosi eta karu saldu behar dala esaten da. Lehenago-lehenago hori pekatu handitzat joten zan, gure aspaldiko predikari batek gogorazoten deuskunez: Lege dan baizen merkeago erosi eta gorago saldu dozu ezer? itauntzen eutsen bere eleiztarrei.
Prezioari barik, ona edo txarra dan ikusi behar dala esateko be, entzuten da: Karu-merkean ez dago kontua, kalidadean baino.
Negozio txarra egitearena bestetara da: karu erosi eta merke saldu. Zeberio aldean entzuten dan lez: Zer egingo joagu ba? Ogi handia egin eta merke saldu?
Negozioan dabilenak ondo daki, batera asko erosi ezkero, merkeago erosten dala. Txorierrin esaten dan moduan: Handika erosita merkeago urtengo deutsu.
Persona batek berba eta berba eten barik ekiteak be ez dau esan gura haren jardunak balio gehiago dauena berba gitxi egiten dauenak baino. Berba arraroak edo ezohikoak darabilzanean batek, guztiok darabilguzanak barik, bost hogerlekoko berbak esan ohi da. Berbak engainagarriak izaten dira batzuetan; berba asko egiteak ez dau esan gura berba horrek indar gehiago daukanik, edo egiazkoak diranik. Halako berbak merkeak izaten dira. Berbea merke saltzen dauela esaten da halakoagaitik. Edo eibartarrak esan eban lez: Guzurra dau horrek, astoak uzkerra baino merkeago. Edo beste esaera zaharrak dinoan lez: Hitzak merke eta poltsan diru gutxi.
Outlet dendetara edo erostun gitxi dagoanean denda askok iragarten dituen merkealdietara jentea ugariago hurreratzen da, merke usainean edo merke-zurrean komeni dana erostera. Halantxe ibilten dira asko: Beti merke-zurrean, zentimo batzuk nondik aurreratuko.
Amodio kontuan be hataraxe izaten dira batzuk, gizonezko zein andrazko, mosumerke eta berbamerke garbiak diranak. Baina mosumerke izateak beste personeari gehiago gura izatea esan gura ete dau?
Amaitzeko: merkezaroan edo merkealdian zer edo ha, behar dantxoa erostea ondo dago. Ez maitasuna, horraitino!