Aska bat danok dakigu zer dan. Zabalen daukan esangurea, kortan ganaduari jaten emoten jakon leku edo ontzia. Arska be esaten jako beste leku batzuetan: harri askea, bere jatorrian. Askak, izan be, edo harrizkoak edo zurezkoak izaten ziran lehenago. Zementozkoak eta metalezkoak oraintsuagokoak dira. Ganaduari jatekoa emoteko erabilten dira; ganadu-jatekoa, bedarra gehienetan, berdea edo sikua; pentsua beste batzuetan.
Zein ganadu gauzarentzako dan be, askak izentetako era diferenteak dagoz: ganadu askea, itaskea edo idi askea, txarri askea edo urde aska dira ezagunenak. Txarri-askara botaten jake ozalea txarriei. Behi eta txahalen askak ez dabe izen berezirik; askak, beste barik.
Baina ganaduak ura edaten dauen egitura luzangeari be askea esan izan jako leku batzuetan; edo zehaztasun gehiagoz, ur askea. Halantxe kontetan deusku Iztueta zaldibiarrak bere Gipuzkoako Kondairan: Plazako bide-andiaren bazterrean dago iturri bat zurezko aska luzetxoa aurrean daukala, abereak bertatik eroso edateko jarria. Uhaska, ur deposituari be esaten jako, erderaz aljibe deritxona.
Zenbait lekutan, uraskea, ur karkabeari edo ur kanalari be esaten jako. Urak handi datozanean eta ganez egiten dabenean, asketatik urten dabela esaten da.
Animaliez aparte be, gizakion janari gauza batzuk gordeteko kaxa moduko batzuei be askea deritxe. Halan, uruna gordeten dan kaxeari, urun askea deritxo Eibar eta inguruetan. Eta lehen, txarria hil eta ostean, negu osorako txarriki gazitua, urdaia-eta gordeten zan kaixeari be, gatzun-askea.
Bateoko ponte-harriari be askea deitu izan jako. Hau harrizko askea izaten da normalean. Eta bestetik, umearen kumeari be seaska esaten jako leku askotan; esan gura da, sein askea.
Baina kortako, ikuiluko, askak dirala-ta, baserritarren ahotan sarri entzun izan dira esakerok: Askea bete ganaduei; Aska bete bedar emon ganaduari; Askakada pentsua emon; edo ganaduari askara jaten emon. Eta halango beste asko.
Eta baserriko gizona, andrea edo mutilen bat izaten da aska aurrean batera eta bestera ibilten dana ganaduari jaten emoten.
Pertsona garanoi be askako ona jatea gustetan jaku; endemas, geuk prestau behar izan barik, edo geuk mahaira ateraten ibili barik, askara jaten emoten jakunean. Nori ez jako gustetan ba, zotzik albora mogidu barik, askatik jatea?
Seme-alaba askok gurasoei emoten eutsen tratu eskasa dala-ta, lehenagoko predikari batek hau idatzi eban behinola: gurasoak, laranjak legez, ura aterata, zitzinera edo karkabara bota eta, aberetzar mutuak legez, maiteago izan aska betea, askea bete dauen gurasoa baino.