Gogoratu daigun, aurreko batzuetan lez Gorane Intxaurraga Labayruko teknikariak bere amari, Maria Rosa Basterretxeari batu deutsan esamodua dala: hiruzaku egin. Ezaguna dogu berez, baina ez da asko entzuten. Galdakao inguru horretan ezeze, hainbat eremu zabalagoan erabilten da, Urdaibai aldean kasurako.
Labayru Hiztegiak jasorik dakar lokuzino hau, gaztelaniazko ordainez «engañar, defraudar, no cumplir lo prometido» adierak dituala. Diru kontuan iruzur egitea dala-ta berariaz. Adibide bi dakarz Labayru Hiztegiak. Bata: «Hori enpresaori be itxi dabe, ugazabak hiruzaku egin ei dau eta». Eta bestea: «Leial agertu zan morroiak hiruzaku egin deutso ugazabari».
Urdaibai aldean ezaguna dan esakera hau, gure laguntzaile ona dan Segundo Oar-Arteta jaunak aspaldi bideratu euskun Labayru Hiztegiaren idazkaritzara.
Entzutea daukat Gernikan taberna bat edegi ebela izen horregaz: hiruzaku. Izen zelebrea ardandegi edo jatetxe batentzat: bezeruari bere mosuetan esatea: toketan dan baino gehiago ordaindu beharko dozu hartzen dozuna. Hiruzaku egin zer dan dakienarentzat behintzat, gaztelaniaz esan ohi dan lez: «el que avisa no es traidor».
Baina beste aldaera batzuk be ezagunak dira. Sopelan baturiko esamodu bat: lau-zortzi egin, hiru-zaku egin, edo sisa egin, gazt. ‘sisar’ adierazoteko. Amak ogia erosten bialdu dau dendara eta lau-zortzi egin deutso; bueltak bapez emon. (Sopela. Botaba. 2019-XI).
Lau haizetara
Adolfo Arejita