Hildakoak gomutatzeko ohituren artean, badira hildako guztiak gogora ekarten dabezanak. Halakoen artean garrantzitsuenak Domuru Santu (zemendiak bat) eta Defuntuen eguna (zemendiak 2) dira. Beste alde batetik, leku askotan, herriko patroiaren ospakizunaren hurrengo egunean arimen mezak egiten dira, herriko defuntuak gomutatzeko.
Hego Euskal Herrian hilobietara lorak eroan eta ortusantura joateko ohiturak barriak dira. Zemendiko lehenengo egun bietan be ez da egiten izan herri askotan. Hildakoak gomutatzeko erlijino ekintzak eleizako jarlekuaren ganean egiten ziran, eta argia eta ogia opestea zan oinarria.
Domuru Santu
Hildakoen omenez egiten diran eskaintzek aldaketa handiak egin dabez hogeigarren mende hasieratik hona.
Garai baten ogia eta kandelak eroaten ziran eleiz barruko hilobietara, XIX. gizaldi hasieratik izaera sinbolikoa eukien eta. Ogia eskaintzea izan zan lehenengo galdu zan ohiturea. Kandelak, hilobi edo jarlekuetara barik, ortusantuko hilobietara eroaten hasi ziran. Azkenik, loreek kandelak ordezkatu ebezan hirurogeiko hamarkadatik aurrera. Ordezkapen hori urietako biztanleek eragin eben, herrietara lora-koroak agintzen hasi ziranean. Hilobietako koroetara urre-liliak ibilten izan dira, batez be, Domuru Santu egun inguruan loratzen dirala eta.
Gaur egun, ostera, edozein lora mueta erosi eta erabilten da Domuru Santu egunez ortusantura eroaten diran erramuetarako.
Eleizan egiten diran eskaintzak
Domuru Santu egunez, beluko meza amaitu ostean, errespontsoa esaten zan. Egun horretan ez zan defuntuen mezarik egiten, baina arratsaldean defuntuen bezperak egiten ziran.
Domuru Santu egunez, eleizako hilobian, zamau izeneko ohial baltzak eta sendiko hildako kopuruaren araberako kandela gehiago edo gitxiago isiotzen ebezan. Aipatu dogun ezkoaz ganera, olata izeneko ogiak ipinten ziran. Konsagrazinoaren ostean sakristaua jarlekuz jarleku igaroten zan eta otzara baten batzen ebazan.
Gerra ostetik hirurogeiko hamarkadara arteko sasoian galdu zan ogiak opesteko ohiturea. Hara Domuru Santun egiten zan ohitura horren gomuta ekarten deuskun Aramaion batutako kantea:
Bihar Domu Santu / umie zuluen sartu/ ama negarrez/ aita dolorez/ abadie kantetan/ olatien pozez.
Ortusantura bisitak egitea
Domuru Santun ortusantura joatea ohitura barria da, XX. gizaldiko 50 eta 60ko hamarkadetatik egiten izan da. Lehenago, hildakoei eskaintzak eleizako jarlekuan egiten jakezan. XIX. mende hasierara arte gorpuak eleiz barruan lurperatzen ziran. Hilerriak eleizatik ataratea ez jakon bapere gustatu orduko jenteari. Eta hori izan leiteke hilerrira joateko ohiturarik ez egotearen arrazoi bat.
Hasikeran argiak eroaten ziran ortusantura, jarlekura legez. Gerora, ostera, jentea lorak eroaten hasi zan.
Ortusantura egiten dan bisitan beti errezaten izan da, leku batzuetan abadea joan eta lurperatutako guztien aldeko otoitz orokorra egiten eban. Beste batzuetan, eleizako hilobietan egiten zan legez, banan-banan igarotzen zan hilobi guztietatik.
Bizkaiko hainbat herritan, meza nagusiaren ostean prozesinoan joaten ziran hilerrira. Prozesinoaren aurretik Arimen Kofradiako bandera zuria eroaten zan. Banderaren alboetan kandela handi bi eroaten ebezan. Ortusantura heltzean danak batera egiten eben otoitz, eta gero bakotxa bere etxekoen hilobira joaten zan.