Gorpua eleizara eroan baino lehen, auzokoak eta senitartekoak hildakoaren etxean batzen ziran. Abadea etorten zan gorpua altxatzeko.
Anderuak, jasotzaileak, hilketariak, garraiariak, eroaleak
Herriko ohiturak aurretiaz erabakita eukan auzokoen artean nortzuk eroango eben hilotza sorbalda gainean eleizaraino. Ezkondua zanean, ezkonduek, eta ezkongabea zanean, ezkongabeek. Ez etxekoek ez senideek ez eben aintzina andari-zereginik hartzen, doluagaitik euren leku berezia bete behar ebelako hileta-segizioan. Hildakoa kofradiaren batekoa zanean, kofradia-kideak eroaten eben gorpua, edo hiru-lau baserriren jabea zanean, maizterrak arduratzen ziran. Herri batzuetan horretara dedikatzen zirenak egoten ziran, eta ordaindu egiten jaken.
Antzina gorpua andetan eroaten zan, geroago hasi ziran zerraldoak egiten, eta gorpua zerraldoaren barruan eroaten, baina halanda be andetan eroaten eben. Azken urteetan sorbalden gainean. Beti be hankak aurrera adi dituela, abadeen kasuan izan ezik, kasu horretan burua aurrera dala eroaten dira, baina gero eleizan sartzeko besteak bezala.
Batzuetan baserriak herritik oso urrun egozanean, bideak txarto egozanean edo hildakoak pisu handia eukanean, andariek turnoak egiten ebezan. Horretarako leku jakin batzuk egoten ziran, gehienetan bide-kurutzeetan, eta aldaketa egin baino lehen, errespontso bat errezatzen zan.
Hilbideak
Andariek bide jakin eta aldaezina egin behar eben. Bideok lotzen eben etxea eta eleizea benetan eta modu sinbolikoan. Ibilbide luze eta, inoiz, gatxok, andabideak, kuruzbideak, hilbideak, gorpuzbideak edo eleizbideak deitzen dira. Bide hori erabilten zan eleizeagaz zerikusia euken gauza guztietarako: kurutzea eroan, ezkontzetan, bateoetan…
Bidea itxita egoanean, basaz, sasiak janda etab. alboko lurretatik pasatzen zan, zorbidea egiten zan, eta ezin zen hori egitea inondik eta inora ukatu. Baina gehienetan halakorik ez gertatzeko, bideak konpondu egiten ziran auzolanean.
Segizioa, enterrua, ahokua, gorpulorra…
Hileta-jarraigoak prozesinoan egiten eban bidea. Aurreren eleizako kurutzea joaten zan, auzokoak edo monagiloak daroala, hildakoa eleizaraino gidatzeko. Aldez aurretik, abadea hildakoaren etxera etorten zan, gorpuaren kargua hartzeko eta eleizara eroateko. Horregaitik, zerraldoaren aurrean joaten zan errituzko otoitzak egiten. Ibilbidean zehar hil-kanpaiak joten ziran, gorpua eleizara heldu arte.
Hileta-jarraigoan toki agirian eroaten ziran aintzina sepulturarako opariak; serorak, lehen auzoak, etxeko andreak, edo senitartekoren batek, aurrogiak, olatak eroaten zituen; ezkoandreak argizaria eta argizaiolak sepulturan jartzeko. Halangoak leku berezia eukiten eben segizinoan.
Gaur egun lorak eskeintzen dira, baina hori nahiko barria da, lehenengo hirietan eta gero apurka-apurka herrietara pasatu dana.
Herri askotan gizonezkoen ilada bi joaten ziran zerraldoaren alde bietan, eskuan argizariak biztuta eukezala. Gero eleizan ixten ebezan.
Hileta jarraigoa, senideek eta auzoak hildakoagaz eukezan loturen arabera osotzen zan. Senide odoleko edo erantsiak ondrako taldea osatzen eben eta, senidetasunaren graduaren arabera hartzen eben lekua. Herri batzuetan andrazkoak gizonezko guztien atzetik joaten ziran, nahiz eta etxekoak izan.
Doluko erropak
Zenbat eta senidetasuna hurkoagoa izan, dolu edo lutua hainbat eta ageriagoa zan soineko eta jantzietan, horrek hildakoagaz bakotxak eukan loturea erakusten eban. Lehen auzoak be lutoz jazten ziran.
Gaur egun galduta dagoan arren, aintzina zorrotz bete beharreko legea zan. Hildakoaren etxekoak eta senitartekoak baltzez jazten ziran. Gizonezkoak: alkondara zuria, botoi baltzakaz, traje baltza edo iluna, askotan ezkontza egunekoa. Gainetik kapa baltza ipinten eben, taulerra. Kapa hau antzina domeketako erropea zan, baina gero enterruetarako bakarrik erabiltzen zan. Norberak euki ezean auzokoren bateri eskatzen eutsen. Ohitura hau joan dan mende hasieran galdu zan, Iparraldean berrogeiko hamarkadan. Ezkerreko besoan brazalete baltza ipintea be nahiko arrunta izaten zan.
Emakumezkoak be baltzez jazten ziran, erropa onenakaz, eta gainetik mantu baltzak eroaten ebezan, mantaleta eta kaputxina. Buruan mantilak edo belo modukoak, guanteak. Askotan erropa baltzik euki ezean tintau egiten ziran.
Umeen enterruetan ez zan lutorik jazten, zuzenean zerura joaten zirela esaten zan.
Argazkiaren iturria: Antxon Aguirre, Etniker Euskalerria Taldeak. Atlas Etnográfico. Ritos funerarios en Vasconia libururako itxitakoa.