Gaixoa hil eta gero, defuntuaren senitartekoak dolualdian sartzen dira. Aldi horren ezaugarririk adierazgarriena eguneroko zereginak alde batera ixtea izango da. Lehenengo dolualdia hildakoari lurra emon osteko hileta-bazkariaz amaituko da. Bitartean, auzorik hurrekoenak edo hildakoaren etxetik gertuen bizi diran senideak hartuko dabe etxeko lanen ardurea, bazkaria prestau, erropak tintau, etxeko beharrak, solokoak, ganaduaren ardurea…
Heriotza dala-ta agirian geratuko dira auzokoen arteko lokarriak eta baita lokarriok eskatzen dabezan eginbeharrak.
Auzokoen artean lehen hierarkia bat egoan, etxe baten bizi direnak: bestaldekoa, etxekona, albokoa edo ondokoa da. Hurrengoak lehen-auzoak edo hurrengo atekoak dira: hurren dagoan etxekoak izaten dira, edo eleizarako bidean lehenengo dagoan etxekoak. Hurrengoak bigarren eta hirugarren auzoak dira. Segizinoan kurutzea eta zirioak eroaten ebezan, horregaitik kurutzekaria eta argiketariak esaten jaken. Besteak zerraldoa eroaten eben, eta kanposantuan zuloa egin.
Geroago hierarkia horreri jarraitu beharrean, tratuaren arabera eta adiskidetasunaren arabera emoten da laguntza. Ha ta guzti be, aspaldi baten gehienbat auzokoak arduratzen baziran be, gero eta gehiago senideak beregandu ditue hildakoaren etxeko zeregin horiek.
Hil-mezuak
Heriotzaren deia berehala egiten jake auzoko guztiei eleizako hil-kanpaien bitartez. Kanpaiok hildakoaren alde otoitz egitera deitzen dabe. Kanpaiotsak ez dira bardinak izango, hildakoa gizonezkoa, emakumezkoa edo umea izan, kanpaikada kopurua desbardina izaten da.
Hildakoaren senideei heriotzaren barri emoteko ardurea etxekoak edo lehen auzoak dauke. Adierazte hau zuzenean egin behar da eta hirugarren gradurainoko senideei jakinarazi behar zaie, «mezako senitarteak edo parientes de entierro«. Horrez gainera medikuari, abadeari, sakristauari eta arotzari deitzen jake. Gaur egun abisua emoteko erarik zabalduena eskelak dira, egunkarietan, irratietan edo kalean zabaltzen direnak.
Erleei eta etxeko abereei abisua
Etxeko nagusia edo etxekoandrea hiltzean, hildakoak zaintzen ebazan etxeko abereei eta erleei be aditzera emoten eutsien barria alargunak edo herederuak. Erleei gehiago ganera, argizari gehiago egiteko eskatuz, eleizako sepulturan argia ipinteko be. «Erletxuak, erletxuak / egizute argizaia / nagusia il da-ta / bear da elizan argia«. Halan egin ezean erleak hil egiten zirela pentsatzen zan. Erlauntzetan lutoa ipintzen zan, oihal baltz bat. Ohitura hori lehengo mendeko lehenengo hamarkadetan galdu zan.
Argazkiaren iturria: Fco. Javier Zubiaur eta M.ª Amor Beguiristainen artxiboa: Foto Roldán eta Foto Calle. Atlas Etnográfico. Ritos funerarios en Vasconia libururako itxitakoa.