Gaixoari lagundu orduan, eritasuna arintzeko ezeze, heriotza osterako laguntzeko be bada. Kristau-sinismenaren arabera, hil ostean beste bizitza bat dago, eta horra joateko prestatzeko eleizakoak emoten jakoz, gaixoak aukera euki daian Jainkoagaz bakeak egiteko, eta betiko bizitzara eroango daben Gure Jauna eta Oleazioa hartzeko.
Lehenago Eleizakoak agirian eroaten ziran eleizatik gaixoaren etxeraino. Nafarroako eta Arabako hegoaldean ikusgarriak izaten ziran prozesinoak, eta jentetza handiak hartzen eban parte halangoetan. Gure inguruan etxe guztietatik joaten zan norbait gaixoaren etxera, eskuan kandela bat hartuta, Eleizakoak ekarrezan abadeari harrera egitera.
Bai kasu batean bai bestean, jentearen parte hartze horrek erakusten dau heriotza ez zala norbanakoaren gorabeherea, gizarteko jazoera baino.
Heriotza, herioa
Euskeraz hil aditza adierazteko berba bat baino gehiago erabilten dira: pertsonak eta erleak hil egiten dira. Pizti kaltegarriak (sugeak, zapoak…) akabatu egiten dira, berba hau pertsonentzat erabili ezkero despektiboa da. Etxeko abereak, behiak, ardiak… galdu. Beste abere guztiak tragau egiten dira. Azken hau pertsonentzat be erabiltzen da, bizia modu gogorrean edo bortitzean galtzen danean.
Etxean gertatzen zanean, heriotza egiaztatzeko, modu bat baino gehiago egoten ziran: sur azpitik pospolo bat pasatzea, begien aurretik kandela bat, aho aurrean izpilua jartzea arnasarik botatzen dauen ikusteko… jarraian begiak itxi behar jakoz, besteren bat beragaz eroan ez dagian.
Argazkiaren iturria: Argazkiak. Gipuzkoa-Donostia (1941-1950). Atlas Etnográfico. Ritos funerarios en Vasconia libururako itxita.