Bizimodu tradizionalean heriotza bizimodu baten amaiera eta beste baten hasiera mugatzen dauen gertaera da. Beraz, heriotza igarobidetzat hartzen da, batetik besterako aldaeratzat.
Gaixotasunak eraginda datorren heriotza aurreko egoerari agonia edo hiltamua deritzo. Prozesu hau berezkotzat hartzen da gehienetan, baina batzuetan heriotzaren arrazoitzat hartu izan dira madarikazinoak (apropos egiten direnak, kandela amatatzen dan neurrian, personearen bizia amatatzea…), begizkoak, edo arerioen majikoak, Herio edo Balbea deritxon jenioa lanean jartzen dabenak.
Heriotzaren zantzuak edo seinaleak
Zantzuetako asko etxeko abereakaz lotuta dagoz. Etxeko animalien; txakur, behi, oilar, eta katuen portaera edo jokabide berezia heriotzaren seinalea da. Txakurra: beti esan da txakurrak heriotza igarteko ahalmen berezia daukala. Euskal Herri osoko sineskera da txakurra gabaz oihuka edo negarrez dagoanean etxeko edo auzoko baten bat hilko dan seinalea dala. Gauza bera esaten da, txakurra hil-zorian dagoenaren gelan sartu eta urten barik egoten danean.
Oilarra: gabaz edo orduz kanpo kukurruku egiten dauanean heriotzaren edo zoritxarraren seinalea da Euskal Herri osoan. Iparraldean, oiloa oilarraren antzera kukurruka hasten danean esaten da. Herri batzuetan oilar hori saldu edo hil egiten zan, edo zoritxarra ez gertatzeko eskubete gatza botaten zen surtara.
Gau-txoriak: gauhontza etxe inguruan hegaz dabilenean, edo kantuan hasten danean, heriotzaren zantzua da. Karrantzan esaten dabe: «cuando el crabo canta, la muerte levanta». Gau-txoriez aparte, kukua edo usoa etxeko leihoren baten gelditzea be seinale txarra da. Gauza bera esaten da beleei buruz.
Beste era bateko zantzuak, kanpaiakaz zerikusia daukenak dira: eleiz torreko kanpaiak konsagrazinoko txilinagaz batera jo ezkero, edo kanpaiak sagrarioa zabalik egoala joten baeban, edo kanpai hotsa berezia zanean, meza entzuten egoanetako bat hilko zala esaten zan.
Argazkiaren iturria: José Zufiaurre, Etniker Euskalerria Taldeak. Atlas Etnográfico. Ritos funerarios en Vasconia libururako itxitakoa.