Modalidadea, zelakotasuna adierazoteko ditugun atze-hitz edo postposizinoen artean bezala dogu ezagunen-hedatuena euskera eremuan, eta idatziz be bai euskera idatzian. Eta honen adnominala, bezalako, bezalakoa.
Sartaldeko euskeran legez izan da modalidade eremua bete dauen marka nagusia, denporearen puruz lez erara laburtu dana. Gaur egun postposizino modal modura lez dogu bizkaieraz arautua, legez klasikoa euskera baturako finkatu dan antzera.
Baina egia da, bestetik, euskera mintzatuan lez/legez horri leihakide indartsu batek urten deutsala bidera: modu izenaz eregiriko moduan postposizinoak, kostalderantz modura be esaten dana.
Modu-postposizino nagusiok euren aldaera indartuak be baditue: bezala > bezalaxe eta legez, lez > legetxe, letxe. Sartaldeko euskerako era indartuok ?legetxe eta letxe? ez dira hain hedatu-indartsuak, zelan dan bezalaxe.
Legetxe, bakan erabilia izanaz gainera, klasikotzat jo leiteke. Horren era laburtu bizia, letxe bizkaieraren sortaldean entzuten dala esan ginei. Baina kontua da, letxe horri lehiakide bat sortu jakola euskera mintzatuan: lantxe dalakoa, berbakera batzuetan behintzat. Errefrau ezagun batek dinoanez: Gabon bon-bon, Natibitate ase ta bete, San Estebantxe bestetan lantxe. Beste era batera esanda, legetxe-letxe horri lekua kendu nahirik sortu dan postposizinoa, lantxe, -lan atzizkiaren gainean eregia da; hau da, -la atzizki modalaren gainean. Nola eta nolan, edo zelan eta zela adberbio galdetzaile ezagunak ditugu euskeraz.
Baina izenlagun funtzinoko postposizinoetara doa gure oraingo jarduna. Bezala eta bezalaxe postposizinoetarik bezalako eta bezalakoxe garatu diran modura, edo moduan, modura horreen gainean moduko garatu dan antzera, zer jazo da lez/legez horregaz? Itxuraz edo morfologiaz, garapen zuzena legezko dogu, edo era laburtuan lezko.
Bata eta bestea urri erabiliak, bai idatziz, baina hainbat gitixago berbaz. Zer dala-ta hori? Ba lako/lango postposizinoak kendu deutsalako lekua, bezalako erabili izan ez dan eremuetan. Eta lako/lango postposizinoa -la/-lan atzizkitik garatua da.
Atzizki-izate hori garbi agiri da, aurreko hitz-oinagaz loturik doan kasuetan. Kategoria pronominaletan nagusiro. Erakusleetan: halako/halango, horrelako/horrelango eta honelako/honelango. Kategoria hurbiletan holako/holango be zabal dabil. Idazleetan gitxiago (Pedro Astarloa…), baina berbaz barra-barra. Zenbatzaile kategoriakoen artean, beste > bestela > bestelako dogu eredurik agiriena. Baina bat unitate-zebatzaileagazko erabilera be aintzat hartzekoa da. Ume batelakoa, gizon batelakoa. Galdetzaileez gainera, zehaztugabeakaz: zelako, nolako?, ezelako, inolako, zeozelako, edozelako, hazelako.
Postposizino nortasuna hartzen joan da pitinka-pitinka lako / lango zorionekoa, eta indarra irabazten, bai erabileran, baina batez be hitz-kategoria gehienetara hedatuz, eta azkenez bezalako horren anaia biki bihurtuz.
Pertsona-izenordainakaz aspaldi zaharretik erabilia da lako. Lazarraga arabarraren lekukotasun aberatsa dogu goizean goiztik. Kuriosoa, idazle honek legez eta lako biak idaztea, zein bere funtzinoan:
Ditxoso zuregaiti ilten dana, / ni legez bizi dala penaetan, / determinadu baga rendietan, / zugaiti kruel dala beregana, / ditxoso ni nolako kapitana, / ditxosa zu lako arerioa, / ditxoso ni lako arrilleroa, / zerren asesta nezan zuregana
Pertsona-izenordainetan ni, zu eta zuek agiri ditu Lazarragak lako atze-hitzagaz:
Peru Errotxek asko dauko / etsean seme galantik, / areantxe bat oi al badozu, / bila ze zatez besterik. / Uste badozu ion ez dala / a ta zu lako beste bi, / ipirdietan deikeozu / erraz mun biok alkarri, oi zuetara / joan joazen orduan / limosna eske / jaungoikoaren kontuan, / zuek oegaz / oi kontu gitxi orduan. / Orain zaoza / gumuta dezun lekuan, / zuelakoak / egon doazen moduan.
Postposizinoaren aldaera bien artean, lako eta lango, lehenengoa da hedatuena eta zaharrena, eta gaur egun be, batak eta besteak daben hedadurea ikusita, gomendagarriena neure eretxi apalean, bigarrenak be predikamentu handia dauen arren. Mogel handiak lango hobetsi ebala esan lei, nahiz lako be darabilen. Mogelen gerizeari jarraitu deutsie gerora beste batzuk be. Horretan zerikusia euki dau, gure ustez, zelan galdetzailearen eredura, zelango forma logikotzat epaitu izanak.
Idazle klasiko horrek, bere aldiko beste askok lez, eta aurreragoen bidetik, izenordainakaz darabil postposizino hau: berori, eurok, gu, zu, zuek…, erakusleez gainera. Batzuetan lango:
Toki au gizon baldres, zantar, aziera txarrekoentzat obea da, berori langoentzat baino; guzurra ez bada, entzun dot euren mendean egon bear dozuela zuk ta zu langoak, ta ezin odolik atera zeinkeela euren baiduria baga; Idi gizen eta zezin egitekoak eroaten ditugu olagizon ta aberatsen etxeetara, diru ederrak artuteko, eta gu langoen etxeetarako gordeten ditugu txaaltxu, idisko, bei zaar edo aketirenak.
Beste batzuetan lako:
Bata lako beste, / auntzaren odoloste (errefraua); Eta gu lakoak / eskuetan artuta, / iguin bagarik / ditue zelaietan / ixten zabaldurik; eurok lakoak esan oi dabeen legez, arrastua galerazoteko.
Ibili-ibili, lako izenakaz be normaltasunez erabiltera heldu da. Eta hau ez da gaurko euskaldunon kontua, aspaldi-aspaldikoena be bai, batez be sartalderengo hizkeretan. Refranes atsotitz bildumako batek (1596) hau dino: Urtea lango murkoa. (Cual el ao el jarro). Baina izenakaz mehats agiri da tradizino idatzian, dana dala. Berbaz mila bider bizitasun handiagoa agiri dau, ostera. Gernikaldean sarri entzungo dozuz, hara bazoaz, honetariko esakerak: Upea lako morroskoa edo Upea lako moskorra. Gaur egun lexikalizaturik, izenaren goren gradua adierazoten dauela: upealako.
Bide beretik sortuak dira honakoak adjektibo deskribatzaile modura erabilitako beste asko. Halan, sendotasuna adierazoteko: Mutil hori hatxa lakoa da, gogorra! Eta lerdentasuna edo arteztasuna espresetako: Taketa lakoa da.
Bardin adjektiboakaz be: handia lakoa, txikia lakoa.
Sarritan sortu ohi dan zalantza da, ea genitibo-atzizkia, -en, txertatu behar danentz postposizino horregazko loturea egiteko. Arau nagusia nor-zer kasuagaz erabiltea da, singularrez nahiz pluralez: umea lakoa, umeak langoak. Izenordainakaz bardin: ni lakoa, zu lakoa, bera lakoa, zuek lakoa. Baina beste kasu funtsezkoetara be egokitzen dala esan daiteke, nork eta nori kasuetara. Besteetara ez, edo nekez.
Izen-adjektiboakaz en genitibo edutezkoa erabiltea okertzat edo desbidetzat joko genduke. Ondoko esaldia, esaterako:
Ez da pentsau behar *gizonen lakoak dirala andrak eta *andren lakoak dirala gizonak (nondik-handik idazletzako bati jasoa)
Genitibo lokarria, -en, funtsean daben kasuak erakusleak dira batez be. Erakusleen gainean honelako, horrelako dira normalak ez hau lako edo hori lako; baina hirugarren pertsonan, ostera, halako da zaharra eta arauzkoa berbaz harelako be entzuten da, jakina?. Pertsona-izenordainakaz be zuzenak dira baina ez arauzkoak edo gomendagarriak? nire lako, zure lako, harelako edo gurelako. Berbaz sarri entzuten dira, eta idatzi zaharren batzuetan be agiri dira horretarikoak. Edozelan be -en lako ez da idatziz erabilia; izatekotan be elako, loturik. Bat zenbatzaileaz be, bat lakoa baino sarriago entzuten da batelakoa.
Aditz jokatuagaz darabilgunean, atzizki erlatiboaz alkartzen jako adizkiari. Batzuetan n lakoa / -n langoa, baina beste batzuetan, mugatzaile eta guzti, -na lako / -na lango egiturea ohi darabilgu: Zuk daukazuna lakoa. Guk gura doguna langoa. Halan darabil J.Mateo Zabalak, langoa eta legezkoa bardintzen dituala: Jangoikoak aginduten dabena langoa [legezkoa]. Baina Zamarripak, ostera, bestetara: ordura artean inoiz entzun ez deutsagun lango barre-zantzo bat egin dau (Firi-firi).
Baina leku-denpora kasuakaz eta adberbioakaz alkartu nahi dogunean, -ko leku-genitiboa sartzea ezinbestekoa da. Hemengo lako paisajerik ez dago munduan be, bai esango genduke, baina nekez, ostera: hemen lako. Bardintsu, horko lako edo hango lako, eta ez *hor lako edo *han lako.
Denpora-adberbioetan bardin. Gaurko lako berorik ez dau aspaldioetan be egin esan daroagu, baina nekez onartuko genduke gaur lako berorik esatea edo idaztea. Atzo, etzi, bihar adberbioakaz be atzoko lako, etziko lako, biharko lako dira erabilgarriak.
Lanari akaberea emoteko, ez lako ezezkakoa aitatu gura neuke. Inor ez lako, besterik ez lako eta era horretakoetan erabilia, hanpadura marketako. Eusebio Maria Azkueren eredu binako bategaz amaituko dogu: eta besotik joiazan biak / inoz ez lango pozagaz. Itsasgizonak jakiturian / inor ez lango erraldoiak!
On deizuela eta osterako artean.
Iturriko
2016-09-01