Adberbioak dira, leku- edo espazio-adberbioak, batetik gertu edo hur, eta bestetik urrun edo urruti. Azken baten, hemen, hor, han diran kategoria berekoak. Guztiok sarri darabilguzanak.
Baina posesiboakaz batera (nire, gure, zure, zuen) nekez entzuten dira. Zure gertu horri, “cerca de tí” erdal formulearen kalko-usaina abietan deutsat, horren kontrakoa, antonimoa erabilita, zure urrun esango bagendu lez, “lejos de tí” adierazoteko.
Erreferentziazko hitz batez laguntzekotan, espazio-adberbio bategaz batera, ezagunago egiten jakuz: hemenDIk urrun, hanDIK urruti, horTIK hur edo hemenDIK gertu, eta leku-izen bategaz batera, etxeTIK urrun, herriTIK hur edo gertu edo taiu horretakoak; hau da, -tik atzizki ablatiboaz lagunduta.
Bizidun edo lagun bat erreferentziatzat hartu ezkero: GuganDIK urrun, zuGANDIK hur edo niGANDIK gertu erabiliko gendukez pertsona-izenordaina lagun hartuta, edo: aitaGANDIK hur edo amaGANDIK urrun, izen bat lagun hartu ezkero. Hau da, -gandik ablatibo-atzizkia erantsita.
Gertu horrezaz lehenago be jardun izan dogu. Baina hur adberbioaz zer esan? Adjektibo kategoria be onartzen dauena, adberbioarena ezeze, gazt. “próximo, cercano” balioaz, batez be sartaldetik erdialderanzko hizkeretan. Lehengusu hurra darabile ibar batzuetan “primo carnal” esateko. Edo ahaide hurra, “pariente próximo” esateko (Azkue).
Eibarko berbetatik honango egiturak jaregin zituan Toribio Etxebarriak aspaldi: “Baserri hori hurra dozu”. Edo: “Zure adiskidia senide hurra dozu”. Eta Martin Elexpuruk Bergarako berbetan, antzera: “Ermua eta Eibar herri oso hurrak dira” eta “Horrek senide hur gutxi dauka”. Eta denporan askoz atzerago jota, Mogel markinarrak 1800 inguruan inoan: “Ez dago santu izateko bitarteko urragorik nola dan komunio ondo egina” (Konfesio). Eta Gerriko idazleak, urte batzuk geroago, gertu eta hur hitz biak erabiliz, dino: “Zergatik […] pekatu mortala egiteko okasio edo peligro gertu edo urrean jarten diran”. Lardizabal zaldibiarrak, mende erdi geroago: “Aide urragoa zeralako”.
Bizkai alderdian hur adjektibo horren lekua hurreko izenlagun-adjektiboak hartu dau hizkera askotan: senide hurrekoa, hurreko laguna e.a. Eta gure euskal dotrinetan, hurko finkatu da: lagun hurkoa, gazt. “prójimo” adierarentzat. Eta hur, adberbio kategoriaz darabilgu ia beti, hurregi, hurrago eta hurren forma graduatuak lez.
Goiko puntura bihurtuta, edozelan be zure hur edo gure hur, edota zure gertu edo gure gertu, gramatikaz zuzenak dira, erabilera urria gorabehera. Halan esaten dira: alkarren hur edo bata bestearen hur eredukoak be. Eta frai Bartolomeren esaldi honetan daukagu lekukotasun bikain bat: “Zeinbat gabaren urrago, ainbat ezainago, nasaijago ta zatarrago dantza bakotxa“ idatzi eban behinola dantzak dirala-ta. (Olgeeta). Eta genitibodunak, -en atzizkidunak diran erakusleak ditugu bestetik, horren, hain, honen graduatzaileak, erabilera handikoak diranak: Ez zaitez parau horren hur. Ez joan hain urrun. Beroa emoten deustazu, honen gertu jartzen bazara.
Puntu honi akabera emoteko, gogoratu daigun gaurko hiztunen ohituratik hurbilago dagozala, dana dala: zugandik hur, gugandik urrun eta horretarikoak.
Lau haizetara
Adolfo Arejita