Zein da forma egokia galdera horretan? Duda handi barik erantzun geinke: gure whatsappera idatziTA. Edo aukeran: idatziRIK. Edo aukeran: idatziAZ. Baina ez behintzat, idazTEN.
Gaztelaniaren kalko garbia dogu hor: ‘escribiendo a nuestro whatsapp”. Eta hauxe da, hain zuzen, gaztelaniazko jerundioa dala-ta euskerara bihurtueran egiten dan hutsik nabarmenena. Izan be, jerundioko aditza erderaz anitza da, askotarako erabilia.
Beste adibide oker bat: “Ni egon naz bainuetxe horretan, baina pagetan joan naz hara”. Gaztelaniaz: “pero he ido pagando a ese balneario”. Itauna, horretan be, zelan joan nazen hara. Erantzuna: pagauTA, ordainduTA, baina ezetara be ez *pagatzen, ez *ordaintzen.
a) Zelan egiten dogun zerbait aditzen emoteko, ez darabilgu euskeraz -ten/-tzen aditz atzizkia. Halan:
- Itauntzen badeutsagu bati: “Zelan etorri zara Bermeotik?”, gaztelaniaz erantzun leike: “He venido andando”, baina euskeraz ez behintzat: “*Ibilten”. Itaun horri aditzaz erantzutekotan, esan geinke, edo atzizki instrumentalaz “ibiliz / ibiliaz”, edo -ta atzizki adberbialaz: “oinez joanda / jardunda / ekinda”, edo autoz joan bagara: “autoz bidea eginda”, baina ez ezelan be aditzoinari -ten/-tzen atzizkia erantsita.
- Gaztelaniaz esango bagendu: “Cantando se curan las penas”, euskeraz ez genduke hori bera esan ahal izango: *“Kantatzen kentzen dira penak”, ezpada “kantatuz” edo “kantatuaz” ibitzen dirala min-atsekabeak.
- Gaztelaniaz esan daiteke: “Los problemas se arreglan hablando”, baina euskeraz ez, ostera, “*hitz egiten”, ezpada “hitz eginDA”, “berba eginDA”, edota “berba eginAZ”.
b) Baina jardutea, ekitea, prozesua bera bada adierazo nahi dana, zertan dihardugun edo gabiltzan bada itaundu gura dana, orduan bai, eraz dator -ten/-tzen atzizkidun aditzaz ordaina emotea. Halan: Gaztelaniaz badinogu: “Ahora mismo estamos cruzando el Atlántico”, euskeraz zuzen aparauko genduke, esanaz: “Atlantikoa zeharkaTZEN ari gara”.
Zeintzuk dira orokorrean aditzizena -TZEN/-TEN atzizkiaz markatzeko kontestu nagusiak euskeraz? Ekintza, jardutea markatzen danean berariaz. Itauna zertan erakoa danean, eta ez zelan erakoa.
Kasu berezi bat, aditzizen inesiboa erraz izan, gatx izan, lotsa izan, agindu eta antzeko aditz edo lokuzinoen mendeko agertzen da, perpaus konpletiboaren paperean. Baina mendeko osagarri hori era bitara markaturik erabili leiteke. Adiera dinamikoa markatu nahi danean erabagiak harTZEN erabili leiteke, eta adiera neutroa, edo pasiboa, markatu nahi danean: erabagiak harTZEA.
Erraz izan aditz multzoagaz, adiera dinamikoaren eredua: “Ez da beti erraz izaten erabagiak hartzen”. Edo herri kantu baten berbak dinoanez: “Indiak irabazten ez dira errezak”.
Lotsa izan aditzaz: “Lotsa naz zuri erantzuTEN be”. Gatx izan: “Ez da gatxa zuri irabazTEN”.
Baditugu euskeraz aditz batzuk, osagarri dinamikoa eskatzen dabenak ingurune batzuetan, edo sarri ikuspegi dinamikoaz darabilguzanak. Jakin eta ahaztu, esaterako. Adiera dinamikoan erabilirik, esan geinke:
Ahaztu aditzaz esan geinke: Berba egiTEN ahaztu jako gaixoaren eraginez. Edo ikasi aditzaz: Oinez ibilTEN ikasi dau umeak.
Maiztasun handiaz darabilguzan aditzak badira, osagarri modura zertan tipoko menpeko osagarriak eskatzen dituenak. Haetarikoak dira: hasi, ibili, jardun, ekin, jarri edo parau, iraun legezkoak. Halan esa geinke: Hasi zaitez jaTEN edo itaundu geinke: Amaitu dozu jaTEN? Edo: Bazabilze alkarri lagunTZEN? Ekin deiogun ondo jokaTZEN. Jarri gaitezan afaria prestaTZEN. Ahalegindu gaitezan alkar jagoTEN. Aurreko esaldi guztiotan daukagu zertan itauna menpeko esaldion oinarrian.
Goiburuko esaldira atzera etorrita, irratiagaz hartuemonean zelan jarri bada itaun egiten dana, whatsappera idatziTA da erantzuna. Eta zertan dihardugun, ari garan edo gabiltzan bada itaun egiten dana, whatsappera idazTEN erantzungo dogu.
Adolfo Arejita