Arantzazuko euskaldun bera betekoa dan Jon Etxebarria Alkatek era honetara aitatu deust esakuntzea. Zer esateko? Azken baten, gugaz ez dala mundua amaitzen; gu joanda gero be, gure eza nork bete ez dala faltako; gazteagoek hartuko dabela xanjea; munduak ez dauela huts emongo. Gaztelaniaz esaten da lez: «Nadie somos imprescindibles”.
Mezu honentzat, gure errefrautegian, berbazkoan, errotearen irudia dot hurrena, uruna, zorroak eta astoa aldaerak aipu dirala batean edo bestean.
Nik sarrien entzun dodanak uruna eta errotea aitatzen ditu: «Gu hilda gero be, urunak errotara». Azkuek, zorroak eta errotea aitatzen dituan honakoa batu eban: «Gu hil ezkero bere, zorroak errotarako» (EY 480). Azpian datzan gramatika-egitura zaharra: errotarako dira; errotara joango/eroango dira aditzen emoteko.
Errefrau honetan astoa agiri da sarrien zorroak errotara igarote-lanetan, goiko horretan legetxe. Mokoroak dakarrenean: «Astoak errotara joango dira gu hilda bere» (91449). Eta Gotzon Garatek, ordenea iduleztara dala, ia berba berberakaz: “Gu hilda be, astuak errotara” (Atsot 1450).
Zorroen aitamena egiten da beste gehiagotan be. G.Garateren bertsinoetan esaten da; behin: «Aldiz joaten dira zorroak errotara» (Atsot 4318), eta beste behin: «Gu hilda gero be zorroak fuengo dire errotara” (Atsot 6756).
Nafarroako aldaeretan zakua aitatzen da, eta ez zorroa. Damaso Intzak batutako honetan, kasurako: «Gu hil ta ere, zakuak errotara joango ttuk (dituk)» (EZ 1050).
Zorroa, betetako zakuari deritxo sartaldeko euskeran: urun zorroa, patata zorroa, indaba zorroa. Eta Nafarroan eta erdialdeko hizkeretan artzainen jateko zorrotxoari deritxo gehiago, gazt. “zurrón” dalakoari. “Sartu zituen [arriak] saietseko artzai zorroan” idatzi eban Sebastian Mendiburu oiartzuarrak. (IArg I 349).
Esakuntza honen esangurara bihurtuta, oinarrian dagoan mezua da, gu bizi garan belaunaldia baino asko be luzaroago irauten dabela bizitzari, bizibeharrari, bizimoduari joakozan lan eta jarduerak. Errotearena eta arto, gari, zorro eta inguruena iraunaren ezaugarri dira (ez dogu esango betikotasunarena). Eta taiu zaharreko beste esakuntza hau be horrexen adierazgarri dogu: “Mila urte igarota, gari-eihoten errota” (G.Garate Atsot 13237). Eta mila urteren irudi horregaz bada beste zaharrago bat be, Erdi Aro beranduan idatzirik heldu jakuna: “Mila urte igarota, ura bere bidean”. Gaztelaniaz esan ohi dana: “Después de aguas mil, vuelve el agua a su cubil”.
Lau haizetara
Adolfo Arejita