Lehenengo pertsonan, gu huts-hutsean erabili ordez, ostean izen plural bat ipinten badeutsagu, euskaldun izena esaterako, zelan esan behar dogu: Gu euskaldunOK ala gu euskaldunAK?
Arau kontua baino estilo kontua da gehiago, euskaldunAK eta euskaldunOK esatearen arteko diferentzia. EuskaldunAK dinogunean, -ak atzizkia mugatzaile orokorra, neutroa, darabilgu. Eta euskaldunOK dinogunean ostera, mugatzaile hurbila, hurrekoa. Arau zorrotz eta erabatekoaz bata eta bestea bereiztea sano gatxa da, eta euskera osorako hainbat gatxagoa; ze ekialdeko hiztunentzat, Iparraldekoentzat berariaz, -ok mugatzaile hurbilori gaur galdua da, osorik edo ia osorik. Izen bat pluralez darabilgunean, zertzuk diralako horreek hurrekoak zein urrunekoak izan, -ak erabilten dabe. Neutralizatze prozesu luzaroko baten ondorioz, aspaldi bardindu zan -ak eta -ok mugatzaileen arteko aurkaritza, eta gaur egun beti entzungo deutsezu esaten: Gu euskaldunAK, eta ez: Gu euskaldunOK.
Ekialdetik erdialderantz eta sartalderantz etorri ahala, -ok hurbilaren erabilera-eremua zabaltzen eta ugaritzen doa. Erabilera bien artean mugarri bat ipintea ez da erraza.
Sartaldeko berbetan, zeintzuk dira -ok plural hurbila darabilguneko ingurune nagusiak?
– Lehenengo pertsoneari jagokonean: GuztiOK daukagu horren errua. Horretan, guztiOK dinogunean, gu esaten gagoz.
– Bigarren pertsoneari jagokonean: EntzuleOK ondo ulertzen al dozue guk dinoguna? Horretan, entzuleOK esatean, zuek esaten nago.
– Baina hirugarren pertsonarako be bardin erabilten dogu, edo gogoz, edo era fisikoz, pertsona batzuk edo gauza batzuk hurreratu gura ditugunean, edo hurrekotzat aurkeztu gura ditugunean. Norberagandik hur dagozan batzukaitik, eurak entzun barik esan lei: «Mutil lotsabakoOK zertan ete datoz hona!». Plazara banoa eta plazandereak salgai dituan tomate batzuk begiz joten baditut, itaundu neio: TomateOK zegan daukazuz ba? Aurrean, ikusten ditudala dagozan tomateAK, hain zuzen. Adibide biotan horreek edo honeek erakusle hurbilen ordainak dira lotsabakook eta tomateok.
Baina fisikoki urrun dagozanak be buruz, gogoz edo asmoz hurreratu neikez -ok artikuluaren bitartez. Esan nei: «Australiara joan diran pelotariOK zein herritakoak ziran ba?». Australiara joanda egonagaitik, gogoan ditut pelotari horreek, eta hurrekotzat aurkezten deutsadaz aurrean dodan entzuleari.
Gai luze eta zabala da hau, baina laburzurrean, lehengoari helduta, esan daigun gomendagarria dala euskaldunAK dalakoa euskaldunOK bihurtzea, pertsona horreek hurreratu edo hurrekotzat aitatu edo aurkeztu gura doguzan guztian. Baina gomendiotzat dinogu, ez arautzat.
Adolfo Arejita