Gure inguruan sarri entzuten dan esapide edo lokuzino polit bat: “Golpe sorrik ez dau joten”. Golpe sorra esaten danean, zein da berbea? Zorra, zor egin edo zorretan egotea? Ala sor egotearena, sortuta egotea? Ez dira berba bera. Bata Z kontsonanteaz idazten da, eta bestea S kontsonanteaz.
Baina auzia hau da: kolpe sorrik ez jo esapidea z kontsonanteaz idaztea gomendatzen dala hiztegi batzuetan, zeinda zor hitza balego lez lokuzino horretan.
Golpe edo kolpe sorra berez ez da besterik, gaztelaniaz esaten dan ‘golpe seco’ dalakoa baino. Euskerazko golpe sor horrek ez dauka zerikusirik zor, ‘deuda’ berbeagaz, hoskidetasuna ez bada; ahoskeraz sartaldean ez ditugulako sor eta zor berbak bereizten.
Golpe / kolpe izenagaz sarri erabilten diran adjektibo batzuk, gazt. ‘golpe seco’ adieratik hurrekoak dira. Halan: kolpe gordin: “aire kolpe gordin bat aski baita bildotsari herioaren emateko” (Duvoisin Laborantza); kolpe txar: “Hobea beraz, garaiz ibili, zaldiak hankaz beaztopa egin eta kolpe txarren bat hartu baino” (Etxaide Joanak joan); kolpe zakar: “Nabaritu zuan Don Kijotek kolpe zakar haren astuna” (Berrondo Kijote), eta beste gehiago.
Golpe sorrik jo ez esapide gardena da, lokuzinoa. Edozelan be sor S kontsonanteduna dala. Esaldi bi honeek atera dodaz neure corpusean baturik dodanetik: “1 ad.lokuz. ‘no dar palo al agua’, ‘no pegar ni golpe’. Kolpe sorrik ez dau bere bizian jo alper handi horrek”. J. M. Elexpuruk be, bere Bergarako hiztegian halantxe dakar: “Eztau kurso guztian golpe sorrik jo» (Elexp Berg).
Esapide edo lokuzino barruan sor eta zor hitzen gurutzatze hori Azkueren alditik dator gure eretxian. Azkue izan genduan, zor, zorra horren alde egin ebana, lokuzino bi gurutzatuz, eta eretxi baten nahaste hau eragin ebana: “KOLPE ZORRIK EZ JO (V-gip, G-azp). No dar ni golpe, no trabajar”. “Golpe sorrik ez jo, lan apurrik ere ez egin”. (OEH).
Baina esangura honetarako lokuzinoa, gaur egungo berbetan, zorri adjektibotzat hartuta entzuten da sarriago. Halan dala dirudi sartaldeko gaurko berbetan, batu ahal izan dodanez. Lezaman (Pedro Mari Goikoetxea), Elorrion (Ima Gallastegi), Muxikan (Ajuria, Ana Oar-arteta) eta etxekoa dodan berbetan be: golpe zorririk (ez jo). Iurretan (Oromiñon) bere testigantza: Golpe zorririk jo barik (Cristina Mardaras).
Baina gatozan atzera sor adjektibora, eta honen eratorria dan sortu aditzera. Pertsona zaharrak dirala-ta esaten dogu sarri, urlia edo berendia sor dabilela; ‘astun eta torpe’ dabilela aditzen emoteko; edo urlia edadeagaz sortu egiten dala, edo sortuta dagoala, edo sorregi dagoala oinez ibilteko.
Badogu beste lokuzino bat euskeraz, tradizino idatzi aberatsagokoa, sor berbea darabilena: sor eta gor (gelditu): ‘neke handiakaz, arazo askogaz’ aditzen emoteko. XVIII. mendean, Larramendik bere hiztegian, eta geroago Añibarrok eta beste idazle batzuek haren bidetik, era honetara batu eben: “Sor eta gor | sorra eta gorra (geratu, egon…). Esanahia: adb. lokuz. ‘quedarse absorto’. “Arrocinarse, sorra ta gorra gelditu” (Larr., Añib.). “Arrebatado así, sorra eta gorra” (Larr.). “Lo daude erne bear duten guziak, sorrak eta gorrak, otzak eta motzak, motelak eta gatzik bageak dirade” (Larramendi, Gandarari gutuna). Duvoisin ipartarrak be: “Eta ni, hanbat ikharatzeko aria dudana, sor eta gor nago!” (LEd 254). Kardaberazek be antzera (Eg II 143). Eta bardin Antiak: “Noiz arte sor eta gor kulpagarri onetan oatua egon bear det?” (Ceruraco). Eta Azkueren aldira gatoz. Honek bere hiztegian sor eta lor jaso eban, baina zor modura interpretau eban, adiera hau egotziaz: “Zor ta lor gelditu, quedarse acribillado de deudas, a la cuarta pregunta (V-ger-m, G-goi)» (EY III 230). Hortik ez ete dator gaur egungo zoritxarreko nahaste biurri hau?
Adolfo Arejita