Dakienak dakiHizkuntza

“Goizeko bederatziak izango dira zazpi minututan”

Posted on

Gaztelaniaz, etorkizuneko denpora hurrekoan zeozer jazoko dala aditzen emoteko, guztiz normala da en aurre-markaz baliatzea denpora-izenaren aurrean; en 15 minutos, en una hora, en 5 dias... Egia da baita, dentro de aurre-marka bikotxagaz be espresatu daitekela gauza bera, baina en preposizino laburragoaz esatera joten da.

Baina tristeena, euskera barruan be sartu jakola erdal kalko gaisogarri hori. Etorkizuneko aldi edo une hori zenbat denpora barru helduko dan, ezin dogu -an inesibo atzizkiaz markatu edozelan be; ez da normala. Euskal hiztun naturalen erabileran, ez tradizinoko idatzietan, behintzat.

Etortekoa dan aldiune hori laburra edo luzea izan, bardin deutso kasurako; beti be barru atze-marka eransten deutsagu denpora-sintagmari. Halan: hogei segundo barru, bost minutu barru, ordu erdi barru, ordu bete barru, egun batzuk barru, aste bete barru eta abar. Eta denpora-tarte edo aldia luzeagoa danean be bardin: urte bete, mende bete edo mila urte barru.

Idazleen testigantza apur batzuk. Azkuek ugari darabilen egiturea, baina beti etorkizunari buruz: “Orain, ordu-erdi barru apaltzen hasiko gera” (Ardi.galdua). “Amabost egun barru aldako usoak iltzera, doi-doi bada ere, joan al izango zera” (Ardi). “Lanean, or egin dituen ikaspideak (dotrinak) apaintzen, amar bat egun barru Ernanira joan-bearrak gera-ta” (Ardi 134). “Zer nai duk aposta, egun gutxi barru ezer izan ez bau bezela agoala?” (Apaol 76). “Orain berreun urte, ango abertzale banakak auxe esaten baitzuten: alegia, berrogeitamar urte barru txeketar bakar bat billatzea etzala erreza izango. (Lizardi).

– Baina igaroriko denporeaz be erabilten da gitxi-asko barru atze-marka hori. Berbaz ez gehiegi, segurutik, baina idatziz, aurrez uste baino ugariago: “Alperrik soldauz erein zituan / landa zelaiak, / zirudiela tontorretatik txindurridiyak. / Alperrik ziran lantza ta ezpataz / ondo jantziak. / Bost urte barru izan jakezan / zeatz ausiak” (AB AmaE 44). “Ogei egun barru, aita-alabak beren gaztelua utzi ta Salegiren arroztegira joan ziran” (Etxaide Alostorrea). “Aldi gutxi barru, […] oroitu ziran” (Mirande Pr 34).

Igaroriko aldiaz dihardugunean beste marka edo egitura batzuk erabiltera joten dogu: bost egun garrenera, handik lau ordura, harik zazpi egunera e.a. Gaztelaniaz be: ‘al de’ aurre-markea erabilten da: “vino al de un mes”.

Adolfo Arejita